Beldurra eta adorea Iparraldean
Beldurra eta adorea Iparraldean –
Iparraldea, alegia, frantses iraultzaraino existentzia ofiziala zaukaten gure hiru probintzia historikoez osatutako lurralde hura, lurralde ttipia da biztanlegoz eta eremuz.
Alta, hau da gure lurralde bakarra, ez eta, Frantziak, gure intituzio propioak 1789an suntsitu ondoren, inposatu zigun eta orai ere inposatzen digun bere entitate administratiboa.
Bada, Herriak orotara 3 milioi biztanle baldin baditu Iparraldeak, 150.000 biztanle izango ditu gehienera, alegia biztanlego osoaren % 5a.
Bestela erranda, hogei herrikideetarik bakar bat Iparraldean biziko da.
Eremuz iparraldea lurralde osoaren %13a da guti gora behera.
Historian zehar, esperientzia gordin zenbait pairaturik, populuaren klase guzietan dimentsio tipi horrek eragintzen duen ahuleziaren kontzientzia bizi bizia eduki ginuen duela guti arte. Pako Sudupek «Kazetari-lan hautatuak» deituriko bere liburuan erakutsi dizkigu zer frankiziarekin Pierre Lafittek 1933an independentzia ideiari buruzko azaltzen zituen bere erreserbak. Nabari da Estatu frantsesa aurreko gure ahulezia zaukala buruan.
Lehenik ahulezia ekonomikoa blokus ekonomiko baten aurrean: «Hemengo Eskual-herria Frantziari lotua dago bizipide beharreneri buruz. Gaskoinek eta biarnesek erosten dauzkute gure lurretako eta lantegietako mozkinak…(…)»
Gero ahulezia fisikoa ere eraso edo errepresio berri baten aurrean: «Eskual herria berez bere nehoren laguntzarik gabe bizitzeko on balitz ere, zuhurki behar ginuke arizan eta ezagutu ezin gitezkeela erresuma haundi baten ganik gure nahitarat aparta (…) jazar baginte, ulia bezala leher ginitzazkete»
Alta, Sudupek emandako beste aipamen honek erakusten du nazio kontzientzia bezalako zerbait baizeukala buruan; Kontzientzia etnikoa behintzat Odriozolaren irizpidetik. «Bainan mendiz bertzaldeko eskualdunen anaiak gaude, odol berekoak gaude, berdin eskuaraz mintzo, denak familiaren eta erligionaren alde». Nazio kontzientzia baten hasiera eta duda muda ber-berak ikus daitezke, besteak beste, gure euskaltzale fineneetarik bat izan zen Jean Etchepare medikuarengan, XX mendearen hasieran.
Guk beldur hura senditzen duguia oraindik ? Ala, Pierre Lafitte edo Jean Etchepare medikua baino adoretsuagoak ote gara? Ez eta pentsatu ere.
Alta, nekezaritzaren inguruko ekonomia erabat flakatu zen une kritikoan, ezagun baitzen lur ikara bat izanen zela euskaltasunarentzat ere bai; orduan, euskal populuaren parte handi baten ulermenarekin, talde esanguratsu bat, hasi zen herriaren ekonomia produktiboa suzpertzen.
Alta, beste bakar batzu erresiztentzia idekiari ere ekin zioten, bainan, indarren disproportzio erraldoaiaren gatik, hauek gupidarik laster lehertuak izan ziren. Orai, iduriz, beldurra galdu dugu, bainan horrekin batera, duela berrogei urteko ginuen gure herriaren garatu eta defendiatzeko xede on hura ere bai.
Gaur, arazo demokratiko sinple baten konpondu beharraren aurrean bagina bezala, bizitzako behar material guzietatik libre bizi bagina bezala, horra nola portatzen garen orai.
Postura aldaketa likidazionista horren justifikatzeko, botereak nasaiki lagundurik, ideia «genial» bat asmatu dugu, gure zaharrek berez sekula asmatuko ez zutena: zer nahi aitzakitan, bainan azkenean han delako estatuak oparitutako dirua, Lapurdin ez zegoen Baiona Iparraldearen hiriburu hautatzen dugu eta sekulan euskaldunak izan ez ziren BABko eremu batzu konkistatu eta euskalduntzeko helburu harrigarria asmatzen dugu.
Horrela bederen ez dugu gehiago Pierre Lafittek zaukan gure produkzioaren sal ezinaren beldurra. Horrela, ez dugu ere gehiago estatuaren beste errepresio baten beldurra; bere gotorlekuaren babes beroan lan egiten dugu eta bizi gara eta. Ororen buru, orai, gure aintzinekoak bezala erregionalistak berriro bihurtu gara bainan ez haiek zaukaten beldur ulergarri eta esplizito horren gatik, ez, duintasun apalagoko beste beldur baten gatik, zeren eta orai, kontzientuki ala ez, kolonizazioaren onarpenaren truk emana izan zaizkigun bakea eta lasaitasun ekonomikoa galtzea beldur baigara.
Aldi honetan, ezin dut bukatu eskertu gabe, 1789an Lapurdiko azken biltzarra euskaraz egin zen tokitik ehun metrotako distantzian, euskararen ofizialtasuna eta erabilpena defendiatzeko adorea oraindik duten Uztaritzeko zinegotzi guziak.
Okerrena Beñat, euskaldungoaren parte batek anulatu duela kontzientzia etniko-nazional hori ideologia arrotzetan oinarrituta, gure Herriaren bizirauteko giltza demokraziak (edo sozialismoak, edo feminismoak) emango zigulakoan. Oker galanta. Kontzientzia hori berreraikitzea tokatzen zaigu azkarki, galduko ez bagara
Bai Mikelats, zorigaitzez, arrazoi duzu.
Ez gara konturatu horrela sortu ginuela hutsune bat nun besteen kontzientzia etniko-nazionala sartu zaigun.
Ba ote da kontzientzia etniko nazional minimo eta zintzorik gabeko komunitate egiazkorik?
Beraz, lagunok, gure Herriak iraun nahi badu, baitezpadakoa du bere kontzientzia etniko-naziola berreskuratzea?
Euskaldunok beharrezko dugu maila nazionalean batu eta antolatu, gainontzeko botere-guneetan eragina izango duen botere herritar erreal gisa egituratzeko. Kontzientzia etno-nazionalik ezean beti egongo gara alderdi, ideologia, klase sozial edo azpi-kulturen interesen menpeko zatiketa amaigabe batean barneraturik.