Begiradak
Begiradak –
Txema Ramirez de la Piscinak Alea agerkarian.
Pandemiak begiak ireki dizkidala uste dut. Ez da metafora soila. Niri, behintzat, horrela gertatu zait. Maskarak derrigorrezkoak direnetik, jendeak begiratzeko duen modua ere aldatu da. Ez da lehen bezala. Orain kontaktu bisual zuzena maizago gertatzen da. Maskara ongi eramateak errazten du hori. Lipar batez, istant batez ematen diren txinpartak dira. Deskarga emozionalak. Begietatik begietara zuzendutako begi-kolpe horiek oso iradokitzaileak dira.
Elkarri begiratzeko beharra handitu da. Leku publikoetan kontaktu fisiko oro gaizki ikusita dago. Maitasun keinuak klandestino bihurtu dira, ilegalak kasik. Etxerako gorde behar dira. Bukatu dira kalean elkarri ematen genizkion besarkadak, ferekak eta musuak. Orain aurpegiko beste atal batzuk dira gure soaren arreta-iturri: begiak, betileak, bekainak kopeta, belarriak, adatsa…
Begirada anonimo horiek, gehienetan, ez dute deus transmititzen. Batzuetan nekea eta asperdura. Besteetan, ordea, maskararen hegietatik egiak ere isuri litezke: irriñoak, fantasiak, aldarriak…
Zutabea idazten ari naizen momentuan, eten gabe darabilkit buruan Kirmen Uribek idatzi eta Mikel Urdangarinek kantatzen duen Munduari begiratzeko poema zoragarria: Begietara begiratzeko modu bat/ galderak egiteko modu bat/ eskutik heltzeko modu bat / amets egiteko modu bat. Eta arimak, hegan egiteko duen behar horri jarraiki, segituan ekarri dit burura Maialen Lujanbioren bertso mitikoaren amaiera gogoangarri hura: Sua da problema / zenbait basorena / edo jaki dena / berotzen duena / eta bi begiradek /sortzen dutena.
Bila dezagun aterpea kaleko begirada anonimo horietan ere. Maskaren gainetik edo azpitik. Asperdura eta nekearen gainetik, eta topa dezagun konplizitatea, samurtasuna, elkartasuna, baita sua ere.