Begirada italiar bat gure politikari
Begirada italiar bat gure politikari
Xake partidako taula mugitu du Espainiako azken hauteskundeetan Podemosek gurean eduki duen emaitzak, eta, ai ai ai, kikirikoka hasiak dira oilo eta oilar guztiak, nor bere lekua gorde nahian. Izan ere, itxura guztien arabera, alfil eta dorre abertzaleak, lerro hain markatuetan ibiltzera ohitutako horiek, orain ez dakite datozen hauteskundeen ostean jokatzerik izango ote duten, eta izu daude, bai batzuk eta bai besteak. Ez dakite zeharka ala xuxen egin beharko duten bidea, baldin eta ez badute nahi haize berriekin desagertu hegan.
Egia esan, ene gusturako Urkullurenak beti izan dira epel xamarrak, baina nazio foralaren kontu horrekin, sekula ez zaizkigu agertu gaur bezain gezak. Zernahitarako Estatuaren baimena lortu behar horrek, iraingarria behar luke izan teorian burujabetza nahi duen alderdi nazionalista batentzat, baina PNVak ohituta gauzka, ez piper eta ez berakatz, gatzik gabeko saldara. Kontua gauzen kontrola edukitzea da. Kosta ahala kosta. Horixe da dogma bakarra.
Herri baten abangoardia eta lokomotora beharko lukeen Lehendakaria, balazta ez ote den pentsatzen hasteko modukoa da egoera eta, gainera, lehenago oldarra erakustera ohituta ginduzkaten Egibar eta antzeko oilarrak, txitoak baino txintxoago dabiltza aspaldion, ama oiloren hegalpean, kukurrukua txiotxio bilakatuta. Kataluniako beroak ere ez die gradu bakar bat igo odolaren tenperatura, aitzitik, ahotsa izoztuta diote: vade retro aldebakartasuna!
Lekutan geratu dira Ibarretxeri mundu globalizatuan nor izateko geure ahotsa eraiki beharraz entzun dizkiogun hitzak. Gezurra dirudi Urkullu eta bera itsasontzi bereko bidaide direnik. Ematen du, halako batean, Ibarretxe zutitu, aulki gainera igo, txapela eskuetan kiribildu eta oihuka hasiko dela: Quosque tandem abutere, Urkullu, patientia nostra! Zizeroneren Katilinaria berritu bat eraikiz. Ai, bizi balitz Oteiza, entzun beharko lituzkete burrundara eder askoak!
Baina ez dira txitoturik dabiltzan abertzale bakarrak, hara hor besteak ere, gatopardismo azkarregi batean murgilduta, dena aldatzen guztiak berdin jarrai dezan, tartaren zatia gehiago txikitzearekin guztiz kezkatuta, hausturatik erreformara salto eginda, orain hemen, orain han, orain hemen, orain han, txinbili txanboloan.
Lehen Vascongadak baizik ez zena, orain subjektu politiko bilakatu dute praktikamentean. Oraintsu arte gure herriarentzat ezinbestekoa zen kontua, lurraldetasunarena, ia bizitza bere alde emateko moduko arrazoia zen hura, hara hor orain botileroen erretorikaren bidez konponduta eta hiru probintziak osatutako naziotxo bihurtuta. Zazpiak zeeer?
Preso eta iheslarien korapiloan izan den aggiornamentoa ere, ez da ahuntzaren eztula, inplizitoki eman baitzaio arrazoia Garzon epaileari: dena da ETA. Beti urrea eta gorotza bereiztu nahian eta, hara, ustekabean dena da balekoa udazkeneko hauteskundeetan leihatu eta mapatik desagertu nahi ez duenarentzat.
Oh tempora, oh mores!, lehen irmoak ziren helburuak eta malguak bideak. Orain dena da bigun biguna, komeni bezala, blandiblup hutsa, nolaz eta gurin zati bat eguzkiaren pean.
Ez herri, ez lurralde eta ez gobernu.
Ez gara ezer.
Ez dugu ezer.
Egun on Hasier
Uste dut ez garela geure txikitasunaz jabetzen. Ibarretxeren garaia aipatzen duzu baina bere garaian inork gutxik babestu zuen Ibarretxeren proposamena. Bere Estatutu berriaren proposamena epela zela zeritzon orduko Batasunak eta oso kritiko izan ziren Ibarretxekin. Eusko Alkartasuna proposamen berriaren defentzaile sutsua agertu zen baina, EAJrekin zuen koalizioa apurtu eta Unai Ziarreta jarri zuen lehendakarigai, Ibarretxe lehendakarigai ere bazela. Oso biraje arraroa. Hori gutxi balitz, epaileek galdeketa galarazi zutenean inor gutxi mugitu zen. Ni Durangon egon nintzen eta Batasuneko batzuek AHTren kontrako pankarta bat osatu zuten Erabakitze Eskubidearen aldeko mosaikoa osatu genuen artean. Bidelagun izan beharko zutenek ekitaldia boikoteatu zuten. Esan beharrik ez dago Urkullu horretaz konturatu dela eta ikusi duela hobe dela Estatua lagun izatea, bestela ez dago autogobernuan sakontzerik (Zapateroren garaian argi geratu zen hura).
Abokatuek, Fiskaltzak eta AVT/Manos Limpiasek joan den asteko akordioa ere aipatzen duzu. Akordio hori da ETAk armak utzi zituenetik Estatuak eman duen aurrerapauso bakarra presoen auzian. Ez da gutxi, beraz, Barrenak eta besteek erdietsi dutena. Pragmatiko jokatu dute eta sapo batzuk irentzi ere bai (‘dena ETA da’), baina uste dut pertsona horiek lan hobea egingo dutela kalean kartzelan baino. Izan ere, epaiketan ezer onik atera zezaketen eta zerbait lortu dute: etxean egingo dute lo eta bertan jarraituko dute lanean. Sortu konturatu da pragmatikoki ere jokatu behar duela eta salto handia eman badute ere, ez zuten beste biderik. Bueno, bai, politikoki hutsaren hurrengoa bihurtzea.
Ondo ibili
Eskerrik asko, Jon. Ñabardura bat, hala ere: nik ez dut aipatzen “Ibarretxeren garaia”. Aitzitik, Ibarretxek gaur bertan ematen dituen hitzaldi horietako bat hartu dut aintzako, Donostiako San Telmo museoan, joan zen urrian eman zuena. Hara hemen han esan zituen batzuk:
“Ezin dira norbanakoaren eskubideak errespetatu, taldearenak errespetatu gabe. Gezurra da norbanakoaren diskurtsoa ”
“Autodeterminazio eskubidetik, erabakitzekora egin genuen salto 2001ean. Hau oso garrantzitsua da”
“Nazionalismo arriskutsua, besteena ukatzen duena da ”
“Globalizazioan gehien aurreratu dutenak euren destinoa kudeatu duten herri txikiak dira (Stiglitz)” Etc.
Iruditzen zait Urkullu oso urruti dabilela baieztapen horietatik guztietatik. Horixe nabarmendu nahi nuen.
Arrazoi duzu Hasier. Bi akats txiki egin ditut neure arrazoibidean: “lekutan” esan duzu eta denborazkoa balitz bezala interpretatu dut, horregatik Ibarretxeren garaia aipatu dut, uste nuelako horretaz ari zinela.
Bestalde, salto txiki bat egin dut Urkullu aipatu dudanean baina zeure aipuak ondo datozkit neure arrazoibidea hobeto esplikatzeko. Nik Stiglitzen aiputik hurbil ikusten dut Urkullu baina beste era batean formulatuta. Urkulluk ikusi du Ibarretxeren garaian Eusko Jaurlaritzak eta EAJk ez zutela autogobernuan sakontzea lortu; baizik eta guztiz kontrakoa: blokeo egoera batera ailegatu ziren. Aitizitik, Patxi Lópezen eta Zapateroren garaian Estatutua ia guztiz ixtea erdietsi zuen EAJk oposiziotik eta hura lortu zuen Espainiako gobernuaren sostengua bilakaturik (“política de bazar” edo holako zeozer esan zuen Egibarrek). Beraz, Urkulluk uste du Espainiako gobernabilidadean eragina izanik autogobernua sakontzea lortuko duela; hots, EAEk aurreratuko duela, eta horregatik aipatzen ditu bilateraltasuna, nazio forala eta abar; ikusi baitu aldebarkatasunak ez duela funtzionatzen (eta nago Catalunyak horretan lezio ederra emango digula).
Beste kontu bat da Urkulluk asmatuko duen edo xalo jokatzen duen. Nire iritziz, Estatutu berria adostuko genuela esan zuenean xalo jokatu zuen Urkulluk eta esango nuke EAJ ohartu dela: azken hauteskunde kanpainak erresistentzia garaian gaudela frogatzen du.
Ondo ibili