BBK Live jaialdiko lan baldintzak
BBK Live jaialdiko lan baldintzak-
Joan den astean Kobetamendin burututako Bilbao BBK Live jaialdiko egiturak altxatu eta jai eremuan beharra egin dutenen lan baldintzek kezka sortu dute, eta Gorka Urbizu berak ere, BTXek Kobetamendin antolatu zuen festan -egitura bera erabili zuten-, ahotan hartu zuen gaia.
Eraginek, gazte mugimenduen barnean ekonomia eta lan-gatazkez arduratzen den erakundeak, lan explotazioa salatu du, gaur bertan emandako prentsaurreko batean. Bere aldetik, diru-laguntza publikoarekin jaialdia antolatzen duen Last Tour enpresak, prentsa ohar baten bidez defendatu du bere jarduna.
.
Eragin:
Aurreko astean milaka ikusle bildu zituen BBK live jaialdi ospetsua ospatu zen. Jaialdi honek ikaragarrizko etekin ekonomikoak ematen dizkie zenbait enpresa pribatuei, eta hauen artean, jaialdiaren sustatzaile nagusia den Last Tour izeneko enpresari ere.
Last Tourrek Jaialdi-gunea antolatzearen arduraduna izateaz gain, jaialdi honetan zehar lan egiten duten langileek lan baldintza duinik ez izatearen arduraduna ere bada.
Jaialdi honen aurreko edizioetan lan eskubideak guztiz urratzen zirela heldu zitzaigunez, bertan lan egiten duten langileen egoera sakonean nolakoa den ezagutzeko kanpaina aurrera eramatea beharrezkoa ikusi genuen, eta horregatik, jaialdi honetako langileekin harremanetan ipini ginen euren lanaldien eta lan baldintzen inguruko informazioa eman ziezaguten.
Kanpaina honen aurrean, Last Tourrek bere izen “ona” zikintzeagatik salaketa ipiniko zuela esanez mehatxatu gintuenez, euren logoa kanpainarako argitaratutako karteletatik ezabatzera behartuta ikusi ginen. Baina gertaera hau sare sozialei esker zabaldu, eta horrela, mehatxu honek gure aldarrikapenei oihartzun handiagoa ematea baino ez zuen lortu. Enpresa honekin lan egiten ari ziren langileak eta aurreko edizioetan haiekin lan egindakoak ere gurekin harremanetan jarri eta jasan dituzten lan eskubide urraketen berri eman digute. Testigantza hauek guztiei esker argi ikusi dugu lan-esplotazio egoera larria bizi dutela:
-5 euro baino gutxiagoko soldatak, zenbait kasutan 3,5 euro baino ez dutela irabazten orduko.
-15 orduko lanaldiak.
-Atseden hartzeko eskubiderik ez.
-Hainbat kasutan lan kontraturik gabe lan egin behar izatea.
-Lan-ikuskatzailerik agertuz gero gezurra esatera behartuak.
-Jaialdi-gunean bertan lo egin behar izatea.
-2 mortadela xerra baino ez dituzten sandwichak jan behar izatea.
-Etab.
Eta gutxi ez balitz, lan baldintza hobeak eskatu dituzten zenbait langile kaleratuak ere izan dira.
Egoera larri hau dela eta, hainbat langilek jaialdia bukatu baino lehen lana uztea erabaki zuten, eta jaialdian jarraitu zutenen artean ere, haserrea eta atsekabea orokorra izan dela esan daiteke.
Bitartean, Bilboko Udalak jaialdi honi diru publikotik ateratako 1.400.000 euroko diru-laguntza ematen dio, lan baldintza tamalgarri hauen berri badu ere. Finantzazioa jasotzen jarraitzeko asmoz gainera, Last Tourreko zuzendariak EAJ-PNV-ren hauteskunde-kanpainan parte hartu zuen egungo alkatearen aldeko botoa eskatuz.
Bilboko alkateak finantzazio hau Bilbon “aberastasuna” lortzeko dela dio, baina ¿aberastasuna norentzat?, ¿noren eta zeren kontura?
Hau guztiagatik, Last Tour enpresak egiten dituen lan eskubideen urraketak salatu nahi ditugu, baita honen aurrean udaletxeak duen jarrera ere, biak baitira BBK Live jaialdiko langileak prekarizatuak eta esplotatuak egotearen erantzule zuzenak.
Ez dugu onartuko saldu nahi diguten hiri eredu hau, ez dugu onartuko Bilbo lan esplotazio eta prekarizazioaren hiria izatea, eta ez dugu onartuko, beraz, jaialdi honek gure hiriaren izena izan dezan.
Last Tour:
Bilbao BBK Liven bueltan egin diren adierazpenen harira, eta behin jaialdia bukatuta, antolakuntzak jakinarazi nahi du gure promotore izatetik apartezko lan batzuk hirugarren enpresek egiten dituztela subkontratu bidez, eta horretarako beharrezkoak diren baldintza eta arau guztiak betetzen direla.
Gainera, antolakuntzak nabarmendu nahi du lan duinarekin duen konpromiso argia, eta egunero baldintzak hobeak izan daitezan egiten duen ahalegina.
Edozelan ere, norbaitek jaialdian zehar jazo ahal izan den gertakariren bat ezagutzen badu, jakinarazi diezagula, aurrerantzean berriro gerta ez dadin beharrezkoak diren neurriak har ditzagun.