‘BBC’ bezalako telebista posible al da Euskadin?
Britania Handiko BBC (British Broadcasting Corporation) mundu mailako telebista kate publikoen paradigma da; izan ere, kate publiko guztiek beharko luketenaren eredu da britaniarra. Eta, zergatik? BBCk, publikoa izan arren, independentzia politikoaren aldarri egiten du. Kate publiko britaniarra BBC Board deituriko Administrazio Kontseiluak kudeatzen du. Modu berean, BBC Trust deituriko beste organo batek telebistaren “ildo estrategikoak” zehazten ditu. Azken organo hau Gobernuak osatzen du, Parlamentuko alderdien errepresentazioa kontuan izan gabe. Aipatutako bi organoen funtzio nagusia da BBCk Errege Gutuna betetzea: “Errege Gutuna BBCren oinarri konstituzionala da. Honek kateko helburu publikoak finkatzen ditu, bere independentzia bermatu, eta BBC Board eta BBC Trust-en funtzioak finkatzen ditu”.
Alderdi ekonomikoari dagokionez, Britania Handiko kate publikoa hiru finantziazio iturri ditu. Lehenengoa kanona da. Telebista duen orok zerga bat ordaintzen du, kate publikoari zuzentzen zaiona. Gobernua da kanona finkatzen duena, beti ere, BBCren organo buruekin negozioatu ondoren. Bigarren finantziazio iturria BBCk berak dituen jarduera ekonomikoak dira eta hirugarrena, berriz, Gobernuko diru-laguntzak. Azken puntu honetan, argitu behar da diru-laguntzak Kanpo Ekintzetarako Ministerioak ematen dituela BBCren nazioarteko irratia laguntzeko.
Eta zergatik hau guztia? Zertara datoz azalpen hauek? EiTBren inguruan azken aldian sortu den informazioa dela eta, euskal kate publikoko independentzia ebaluatu nahi nuen, munduko kate publiko independienteena dena diotenarekin alderatuz.
Esaterako, inori ez zaio arraroa iruditu Klaudio Landaren Ni más ni menos programa orain Sin ir más lejos deitzea, baina bai aurkezle eta baita kolaboratzaile eta dekoratuak mantendu izana? Hain zuzen ere, hau gertatu da EiTBk Ni más ni menos programa egiten zuen ekoizle-etxea alde batera utzi duelako. Ez da gauza berria, uztailaren hasieran jakin zen Alberto Surioren zuzendaritzapean eta Patxi Lópezen lehendakaritzapean Euskal Telebistan lanean hasi ziren hainbat ekoizle-etxek, jada, ez dutela oraingoz EiTBrentzat lanik egingo (Iturria).
Horrelako jarduerak ez dira, ordea, jeltzaleen gobernupean bakarrik gertatzen; erraz gogoratu dezakegu, hain zuzen ere, Euskal Telebistan izan ziren gorabeherak Alberto Surio zuzendaritzara iritsi zenean, Gobernuan zegoen PSE-EEk eta oposizioan zegoen PPk ahalbideratuta –eguraldiaren maparena izugarri anekdotikoa izan arren, aldaketa partidisten eredu ere izan zen-.
Bada, halako aurrekariekin inoiz lortuko dugu EiTB kate independiente bat izatea edo Britania Handiko eredua uste baino urrunago dago?