Bazterketarik gabeko historia, kultura eta etorkizunaren alde

Bazterketarik gabeko historia, kultura eta etorkizunaren alde –

2022an 500 urte beteko dira Karlos V enperadoreak agindutako itsas espedizioak munduari bira eman ziola, Gaztelako Koroaren interesak handitzeko asmoz. Euskal herritar batzuk ere izan ziren ‘armada’ horretan, tartean espedizioko buru bilakatu zen Joan Sebastian Elkano getariarra.

Bazterketarik gabeko historia, kultura eta etorkizunaren aldeEspainiako Gobernuak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat erakunde publikok “gizon horien balentria” omentzeari ekin diote, datozen hiru urteetako ospakizunei hasiera emanda. Horretarako Elkano marka prestatu dute.

“Elcanorena, Espainiako Armadak inoiz egindako balentriarik handiena” dela diote Espainiatik, eta horren erakusgarri da armada jarri dutela Elkano omentzeko ekitaldien antolakuntzaren buru. “Garai hartan euskaldunok itsasoan munduko onenak ginela frogatzen du Elkanoren balentriak”, dio EAEko instituzioek sustatutako Elkano Fundazioak.

“Euskal izaeraren eta teknologiaren ikur” eta “gure herriaren enbaxadore” bilakatu nahi dute Elkano “Basque Country around the world” saltzeko. Gaur egungo interes politiko eta ekonomikoen arabera moldatu nahi dute historia. Eta horretarako dirutza publikoa inbertitu dute kontakizun ofiziala indartzeko, hainbat kultur adierazpenen bitartez: zinema, musika, telebista, antzerkia, kongresuak, kirola…

“Amerikako aurkikuntzaz eta kulturen arteko topaketaz” mintzo zen 1992ko mendeurrenarekin egin zutena ez dugu berriz gertatzea nahi. Are gutxiago Euskal Herriaren izenean. Joan Sebastian Elkano heroi gisa aurkezteak eta saltzeak, boterearekiko eta interes politikoekiko loturetatik aparte, gure historiaren jabe ez izatera zigortzen ditu herritarrak.

Gure burua ispilu aurrean paratuz, zer izan nahi dugun eta gainerako gizakiekin nolako harremana izan nahi dugun hausnartzea hobesten dugu. Testu hau sinatzen dugunok, hausnarketa kritiko eta publikoa eragin nahi dugu, bulego batzuetan aurrez diseinatutako marketin kanpainen eta lustre handiko ekitaldien distiratik kanpo.

Horregatik ondorengoa adierazi nahi dugu:

  • Historia ezin da nazionalismo neokoloniala sustatzen duten interes enpresarial edo politikoen menpe jarri, ezta urteurren edo ospakizunen testuinguruan ere. Eztabaidarako eta jakintzarako tresna izan behar du.
  • Historiaren funtsa ez da inoiz balentria handien kontakizunak gogoratzea izango. Zeregin nagusia iraganeko gertaeren inguruan hausnartzea da, orainaren gakoak argituko dizkigun benetako ikuspegia osatzeko.
  • Europar konkistatzaileek “aurkitutako” lurrak eta menperatu zituzten pertsonak ez dira abentura epikoak edertzeko apaingarriak. Historia eurozentristak urte luzez ahanzturara zigortutakoak lehen lerrora ekarri nahi ditugu: emakumeak, jatorrizko herriak eta inperialismoaren kalte zuzenak sufritu eta sufritzen dituztenak.
  • Azkenik, mezenasgo zehatzek sustatutako politika kulturalen eredu hau arbuiatzen dugu. Politizatu gabeak direla erakutsi nahi duten arren, lobby turistikoen, promotoreen, kontsultarien, enpresa-taldeen, fundazioen eta iritzi-korronteen esku baitaude, merkatuaren logika sustatuz eta edozein pentsamendu kritiko alboratuz.
  • Irabazleek idatzitako historia gaur modu akritikoan aldarrikatzeak iraganeko akatsak errepikatzera garamatza. Guk, ordea, bestelako etorkizun bati ireki nahi dizkiogu ateak: zapaltzailerik eta zapaldurik gabekoa.
Bazterketarik gabeko historia, kultura eta etorkizunaren alde

2 pentsamendu “Bazterketarik gabeko historia, kultura eta etorkizunaren alde”-ri buruz

  • euskaldun bat 2019-07-02 19:25

    Idatzitakoaren %95arekin ados. Armadak ospakizunetan parte hartzearen kontra ere ados. Baina getariarrei euren Elkano birrintzearen kontra nago. Elkano zerbaitekin alderatu beharko banu gaur egungo euskal kirolariekin alderatuko nuke: Espainiaren banderapean dominak eta bekak jasotzen dituzten kirolariekin. Hauek ere printzipioz Espainia zapaltzailearen gloriarako ari dira lanean. Baina inori gustatzen ez zaion arren ulertu egiten ditugu kirolari horien ametsak eta ez ditugu arbuiatzen. Agian etorkizuneko Euskal Herri independente bateko eliteko kirolarientzako bidea prestatzen egon daitezkeelako beren esfortzuarekin. Historia jakitea bai, ondo dago, denok dakigu ez zirela izango giza eskubideen defendatzailerik onenak. Baina hortik ez gaitezen joan haratago eta Getarian ere jendartean haustura bat sortu kontu honekin. Nahiko hausturak baditugu jada berriak sortzen hasteko.

  • Insistentzia 2019-07-03 18:45

    Elkanoren iritsiera bi sortu beharko ditugu Getarian: bata inklusiboa eta bestea baztertzailea. Polemikaren bat hemendik, pintaketaren bat hortik, zinegotzi batzuk hortik, besteak hemendik… Herri txikietako tentsio soziala eta festetako alkoholarekin batera, zatiketa azeleratzeko.

    Ez egin uko gure planei. Zure onerako da.