Bazterketa soziala: absentismoaren kausa eta ondorio
Eskola orduen %20a baino gehiago huts egiten denean absentismoa kontsideratzen da. EAEn 2.300 inguru dira egoera horretan dauden ikasleak. Estatistiken arabera goranzko joera du absentismoak gure eskoletan.
Jaurlaritzatik, igoeraren arrazoi nagusienetakoa inmigrazioa handitu izana dela diote. Etorkinen familiak ugaritu egin dira, eta horiek urtean zehar euren herrialdeetara bidaia luzeak egiten dituzte hainbatetan haurrak eurekin eramanez.
Egoerari aurre egiteko planak ere badira eta gizarte langileak haurrak eskolara eramatearen garrantziaz ohartarazten saiatzen dira. Bazterketa soziala da heziketarik gabeko haurren etorkizuna, adituen ustez. Baina ez etorkizuna soilik, kasu gehienetan absentismoaren kausa ere bada.
Familia desegituratuetan, eta etorkinen eta ijituen familietan ematen dira kasu gehienak. Haurrekin baino, familia osoekin lan egin beharra azpimarratu dute.
Motibazioa da landu beharreko beste alor garrantzitsua. Haurrek piper, pira, txikarra, edo sasieskola egiteko hainbeste gogo izan ez dezaten.