Bazter batetik

Bazter batetik
Arg: @anderixo
Udaletxe plazan harrabotsa zen nagusi atzo arratsaldean. Bazter batetik begiratu diet kamiseta horiak jantzita dituzten auzokoei. Kolonbiako herritarrak kalean hiltzen ari direla salatzen zuten; kantuz, oihuz, ozen. Jende asko dago, eta gehienek Kolonbia dute sorterri. Gure auzoetan bizi dira, baina ez ditut ezagutzen.
Urruti dituzte herrikideak, baina gertu sentitzen dute mina. Gertu ditugu auzoko kolonbiarrak, baina urruti sentitzen dugu haien mina.
“Badakit ez naizela hemengoa. Egunero esaten didazue”, oihukatu zigun Laura Penagosek asteazkenean oholtza gainetik. Etorkinek ukatua duten tokitik, ukatzen diegun bozgorailua baliatuz. Bazterreko oihu bat erdigunean, eta zizta ikusleen bihotz bazterrean. Erruaren sentsazio mikatza une batez, pribilegioarekin bizitzearen erosotasuna besteen lepotik dela gogorarazten duen arantza txikia.
Bazter batetik begiratu diot Kolonbiari. Bazter batetik ikusi dut herritarrak jipoitzen, bortxatzen eta hiltzen ari direla han.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko maiatzaren 7koa]

BARDO GORRI NAFARRA