Bazkari borobila

Bazkari borobila
zuzeuphoto

Batzuetan bazkaria uste bezala edo uste baino hobeto irteten da. Gaur izan da horietako eguna. Postura bat galdutako lagunari iritsi zaio zorra kitatzeko tenorea. Ederki kitatua!

Menua, ikaragarria:

1- Eskatu gabe beti mahaira ateratzen duten atuna oliotan.

2- Lehenengo malko-ilarrak, Jaime Burgañaren ortukoak, arrautza poxatu batekin (platerkada erdia).

3- Lehenengo udaberri-zizak, arrautza irabiatutan, gainean ahate gibel zati zoragarria zutela (platerkada erdia).

4- Erreboilo eder bat erdibana.

5- Txokolate suflea, mango izozkiarekin.

Ur gasduna, ardo zuri nafarra (Orchídea, Bodegas Iñurrieta), kafeak, kopa, eta Cohiba txiki bat. Zerbitzua eta arreta, primerakoa. Karta euskaraz.

Dena aparta, dena zoragarria. Leihoetatik sartzen zen edertasunak, lekaioka edo irrintzika hasteko gogoa ematen zuen, baina, jakina, halako leku dotorean, umildu egin behar dira gogoetako batzuk.

Dena den, sartu aurretik, parrilleroarekin hizketan jakin dugu nola erre arrainak ikatz txingarretan: burua erraz askatzen zaion arte. Noizean behin ozpinolio parraztada bat bota, erre bitartean. Amaitu eta gero, oliozpin beretik egiten zaio gainetik —apur bat epeldua—, baina EZ olio errerik. Hori beste arrain batzuentzat, bixigua, txitxarroa eta halakoentzat. Erreboiloaren kasuan, bere gustua atera nahi bazaio, gehitxo  da berakatzaren lurrina. Garbi-garbi, beraz.

Erraza dirudi, baina Kaian orain arte jandako erreboiloek ez dute ukan hutsik batere. Katu bihurtu gara azkenean, ertz eta hezur guztiak mihizkatzeraino jarrita. Hortxe onena, buru eta ertzetako azal erreetan, mami fin eta tentea dastatu ostean. Gure amamek bazekitela!

Hain ginen gustura, azkenburukoa, postrea edo deserta, bideotxoan grabatzea ere ahaztu zaigula. Barkatuko duzue.

Bazkari borobila, zinez. Borobil-borobila.

Kontua zenbat? Ez eta arrastorik ere, horretarako irabazten dira apostuak.

[bideoa]https://zuzeu.eus/wp-content/uploads/2009/04/bazkari-borobila.mov

Bazkari borobila

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

2 pentsamendu “Bazkari borobila”-ri buruz

  • Zeinen ondo bizi diren batzuk. Besteok lekak, oilasko xerra eta yogurrarekin konformatu behar. Eskerrak bihar jada Ostirala dela, neuri buruari jaki moduan kapritxoren bat oparitzeko.

  • Getaria egunero dago ederra!
    😉