`Batu gaitezen´ GBBren ekimen berriak zer aurkezten du?
Agiria
Batu gaitezen ekimenari zabaldutako web atarian irakur daiteke Joseba Egibarrek idatzitako agiria. Honakoa dio:
“Euskaldunok gauza gara jomuga ditugun egoera eta helburu kolektiboak eskuratzeko. Horretan sinetsia nago erabat. Indarkeria iraganean utzi behar dugu behin betiko, krisi ekonomikotik ateratzeko aukera bideragarri eta eraginkorrak asmatu behar ditugu gizatasun eta zuzentasunez jantzitako gizartea sendotuz, eta Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea legedian txertatzeko gehiengo akordio sozial eta politikoa eraiki behar dugu. Geure esku dago, euskal herritarron esku.
Makina bat urrats eta indar egin dugu. Une garrantzitsua bizi dugu eta geuk behar dugu protagonista izan. Eutsi egin behar diogu geureari eta bultza, ezin dugu herri bezala atzera egin, garaia dugu gutako bakoitzak eta elkarteak herri-nahi zabalaren aldeko konpromisoa bizkortzeko.
Bide egin nahi diegu ahalegin eta konpromiso horiei. Burutapen hauek guztiok goiburu batean bildu ditugu: BATU GAITEZEN.”
Artikulua
Asteburuan prentsan kaleratutako artikulua luzeagoa da eta web atarian irakurri daitekeen artikuluan aipatzen dituenak sakontzen ditu:
“Euskal gizarteak irrikaz nahi du bakea. Exijitu egiten du. Euskal herritargoari iruditzen zaio onak direla ezker abertzaleak emandako urratsak eta uste du ahalegina egin behar dugula ibilbide politiko eta demokratiko hori sendotu dadin. Ez da posible ezker abertzaleari bide politikoen aldeko apustua egiteko eskatzea eta aldi berean jarduera demokratikoan esku hartzen ez uztea. Nolanahi ere, PSOEk eta PPk lehengo lepotik dute burua: poliziaren bidez suntsitzea eta ilegalizazio politikoa dira beren bidea.”
“Euskal gizarte zabalak ez du inoiz onartu Alderdien Legea, funtsezko eskubideak urratzen dituela eta. Eta hasierako gaitzespena areagotu egin da denborarekin, izan ere gizarteak ikusi baitu PSOEk eta PPk tresna hori baliatu dutela Herri honetako mapa elektorala mozteko eta gehiengoaren borondatea mugatzeko.”
“Lopez lehendakariaren Jaurlaritzak ez du aitortzen Euskal Herria izan badela eta, beraz, ez du aitortzen subjektu politiko bat izan badela bere etorkizun kolektiboa demokratikoki erabaki dezakeena. Lopezen Gobernua kosta ahala kosta lortu nahian dabil euskal gizarteari dotrina berri bat ikas dezan: PSOErentzat ez da herririk, izan herritarrak dira, baina herririk gabeko herritarrak. Horra «aldaketa konstituzionalistaren» mantra gure kontzientzia kolektiboa lokartzeko.”
“Oraingo Jaurlaritzak ez dio begirunerik gure nortasun politikoari eta aldi berean, eginahalak eginahal, ez du lortzen bere kudeaketa ekonomiko eta sozialarekiko uste onik pizten. Alderantziz, ez dauka inondik ere beharrezkoa den lidergorik gure sistema produktiboari eutsi eta aurrera eragiteko, ezta ere herri gisa atzerakadarik jasan ez dezagun. Euskadi nazio bat da eta ezin da Espainiarekiko harremanetan menpeko izan, ez politika, ez kultura, ez gizarte aldetik. Euskaldunok, gipuzkoarrok, jokoan dugu orain arte guztion artean erein eta landu dugun kohesio eta justizia sozialari eustea.”
“Erantzuteko garaia iritsi da. Indarkeria iraganean utzi behar dugu behin betiko, krisi ekonomikotik ateratzeko aukera bideragarri eta eraginkorrak asmatu behar ditugu gizatasun eta zuzentasunez jantzitako gizartea sendotuz, eta Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea legedian txertatzeko gehiengo akordio sozial eta politikoa eraiki behar dugu.”
“Makina bat urrats eta indar egin dugu. Une garrantzitsua bizi dugu eta geuk behar dugu protagonista izan. Eutsi egin behar diogu geureari eta bultza, ezin dugu herri bezala atzera egin, garaia dugu gutako bakoitzak eta elkarteak herri-nahi zabalaren aldeko konpromisoa bizkortzeko.”
“Eta konpromisoa Euskal Herria badela defenditzearekin eta konpromisoa gure herriak bere etorkizuna askatasunez eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea duela aitortzearekin. Euskal Herriaren aitorpena lortzea ez da alderdi politikoen edo erakundeen egiteko hutsa. Printzipio horiekin bat gatozen guztion eginkizuna dira.”
“Egun bizi dugun egoera bestelakoa da. Indarkeriak ahuldu egiten du, geldotu eta gelditu; oraingo estrategiak, ordea, maltzurragoak dira eta urrutira begiratzen dute, nahiz eta erraz geratzen diren agerian Espainiako alderdi politiko eta erakundeetako agintariek hitz egiten duten bakoitzean. Euskal Herriak osatzen duen subjektu politikoa kontuan hartu beharrean, aldatu eta urardotu nahian dabiltza. Azken finean, gure herriaren etorkizuna baldintzatzea da kontua. Ezinbestekoa dugu azpi-azpiko estrategia hauei erantzun demokratiko petoa ematea. Erantzun hori nahitaez herri honen gehiengo sozial eta politikoaren gainean eraiki beharrekoa da. Irizpideak argi finkatzea da gakoa, konpromisoak behar bezala taxutzea eta horiei eustea.”
Sinatzaileak
Joseba Egibarrez gain, Eneko Goia eta Markel Olanok ere sinatu dute agiri hau. Sinatzaileen atalean Joseba Agirretxea, Imanol Lasa eta Luke Uribe-Etxeberria ere ikus daitezke, besteak beste.
Ekimenak
Gipuzkoako EAJ-PNVk hainbat ekitaldi egingo ditu datozen hilabeteotan, hala nola, mahai-inguruak, ikus-entzunezkoen saioak, gizarte-topaketak eta abar, BATU GAITEZEN ekimenaren eragileek bultzaturik. Ekitaldiok Gipuzkoako eskualde edo bailara guztietako herrietan izango dira.
Lehena larunbatean egin zuen agiria aurkezteko Victoria Eugenian.
Galderak
Ekimena Gipuzkoan bakarrik gauzatuko da?
Zer iritzi du Egibarren agiriaz Urkulluk?
Ze urrats emango dituzte mahai-inguru eta gizarte-topaketez haratago?
Gainerako alderdi eta mugimenduei zabaldua dago ekimena? Ala alderdiko jarraitzaile eta komunikabideei begira pentsatua dago?
Konponbiderako proposamen zehatzik aurkeztuko du ekimenak?
JODE! ALDE EDERRA, EGIBAR EDO URKULLU!!!
Egibar eta gipuzkoarrek nahi dutena esango dute, baina gizarteari honelako gauzak helarazi beharrean beraien partido barruan adostu dezatela norabidea.Urkulluk ez du bategin horrekin eta gainera “minduta” omen dago manifestazioan eman zen mezua dela eta…Iparra galduta zabiltzate eta lotsa sentitzen dut eta ziur naiz PNVko botoemaile askok baita.
1- Larunbatean artikulua irakurri nuenean ekimenari Gipuzkoa Buru Batzarrak EAJren barnean egindako pultsuaren traza hartu nion.
2- Ekimen oro bezala, berau plazaratzearekin ematen zaio hasiera eta alde horretatik egokia iruditu zitzaidan modua.
3- Edukiari dagokionez ere hein handi batean ados. Asmo honak eta etorkizunean zehazteko borondatea. Arazorik ez.
4- Aldiz, gaur sinatzaileen izenak irakurri ditut eta konturatu naiz nire lehen ausnarketa okerra zela, hau da, ez dago ekimenaren atzean inolako barne pultsurik. Garbi bai dago sinatzaileen artean Urkulluren ildoari kontra egingo ez lioketen hainbat kargu dagola.
5- Beraz, barne pultsoaren ideia behin baztertuta, hainbat kontu ez ditut garbi ikusten eta galderak sortzen zaizkit:
a.- Egibarrek EBBn Gipuzkoako BBren ekimen bezala aurkeztutako ekimena da, egoera politiko berriaren aurrean EAJ kokatu asmoz egindakoa eta EBBren galbaea partzialki gainditu duena. Hau da, autonomi erkidego mailan planteatu nahi zena hasiera batean, baina kalkulu politikoen beldur (batez ere Madrili begira) EBBk bere egitea komenigarri ez dela ondorioztatu eta GBBren ekimen bezala planteatua (Madril jakinaren gainean egonda Urkulu eta Zapateroren komunikazio ona bitarte) eta “globo sonda” bezala erabiliko dena, jendartean zer erantzuna duen eta gainontzeko alderdi polikoen jarrera ezagutzeko, beti ere EBBren bizkarra babestuz.
b.- Nola da posible bestela guztioi eragiten gaituen gai baten aurrean, guztiona den arazoaren aurrean, holako ekimen partziala planteatzea?? Nola da posible GBBren izenean bakarrik aurkeztea ekimena???
Joko argitasun falta horrek ekimena beraren benetazko helburuaren inguruan dudak pizten dizkit. Baina eman diezaiogun denbora eta ikusiko dugu ekimenaren ibilbidea zein den.
EAJ osoa ekimenean batzerik ere lortu ez badute… ez dakit ezer asko lortuko duten. Dena den, askoz nahiago hau gaur egun EAJk darraien bidea baino.
Nik ez dut oraindik barne-pultsuarena baztertu nahi, baina beste zerbait ikusten dut atzean: polo suberanistarenak aurrera jarraitzen badu, eta ETAren amaiera badator, beste abertzaleengandik horren urrun ez gelditzea. Izan ere EAJk ondo daki guztiz jokoz kanpo gelditzeko arriskua daukala. Modu honetan, gipuzkoarren bidetik jarrai dezakete eta tanturen bat irabazi.