‘Bateragune auzia’ –
Espainiako Auzitegi Gorenak berriz eserarazi nahi gintuen Auzitegi Nazionaleko aulkian, baina Auzitegi Konstituzionalak erabaki du guk asmo horren aurka jarri genuen babes helegitea onartzea. Erabaki horrek 2009ko urrian hasitako labirinto juridikoa itxi du eta, ia hamabost urteko jazarpen politikoaren ondoren, Bateragune izeneko operazioaren jatorria, bilakaera eta emaitzak kokatzeko unea da.
2006-2007ko negoziazio prozesuaren ondoren ezker abertzalearen baitan abiatutako aldaketa estrategikoa sabotatzeko asmoz egindako ekintza politiko-judiziala izan zen. Gure atxiloketekin, inputazioen kontakizun bat eraiki zuten, bi helbururekin: gogoeta eta eztabaida prozesua burugabetzea eta, horrela, haren garapenean eragitea. Bere garaian, Lopez Aguilar ministro sozialistak inolako itzulingururik gabe hitz egin zuen «inputazioak eraikitzeaz» Estatuaren estrategia «antiterroristaren» barruan.
Beraz, Rubalcaba eta Garzon protagonista nagusi zirela, Estatuaren maniobra haren berehalako helburua zen estrategia aldaketa eragoztea edo, gutxienez, aldaketaren kostua zatiketa bat izatea, nahiz eta horrek borroka armatuaren iraupena ekarri. Edonola ere, azken helburua edo helburu estrategikoa zen ezkerreko independentismoa hainbat hamarkadatarako neutralizatzea nazio askapenerako prozesuaren subjektu eta aktore politiko gisa.
Denok dakigu zer gertatu zen gero. Lehenik, presakako epaiketa, epaia aldez aurretik emana zuen epaimahai batekin. Gero, ibilbide luzea Auzitegi Gorenean eta Auzitegi Konstituzionalean, non, bozketa estuekin, gure aurkako epaiak berretsi ziren. Hurrena, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak gure demanda onartu zuen, eta haren ebazpena oso argia izan zen: ez genuen epaiketa justurik izan, Angela Murillo buru zuen epaimahaia ez zelako inpartzialtasunez aritu. Horren ostean, Auzitegi Gorenak epaiketa berriz egitea planteatu zuen, kondenaren baliogabetzea eta horrek ekar zitzakeen ondorioak saihestu nahirik. Erabaki harrigarri eta aurrekaririk gabeko horrek ere helburu politiko argia zuen: ezegonkortasuna sortzea EH Bilduk Sanchezen Gobernua babesten zuen testuinguru batean. Azkenik, PPko magistratuek prozesuaren abiapuntuarekiko koherentzia mantendu duten arren, Auzitegi Konstituzionalak atzera bota du Auzitegi Gorenaren eskaera zentzugabea eta, ebazpen horren bidez, jazarpen politiko argiko ibilbide juridiko hau itxi du.
Hori guztia dela eta, Bateragune auzia lawfare kasu nabaria izan dela esan daiteke. Justiziaren instrumentalizazioa estrategia politiko baten barruan, horixe izan da. Euskal herritar askok oso ondo ezagutzen dute jokabide hori. Egin-en eta Egunkaria-ren itxieraren ondoriozko auziak, 18/98 sumarioa…, besteak beste, kasu horietan guztietan justizia instrumentalizatu egin da Estatuaren estrategia antiterroristaren barruan. Oraindik ere, Auzitegi Nazionaleko sektore batzuek inertzia horri eutsi nahi diote. Horren adibide gisa, orain dela egun batzuk Fiskaltzak Sortuko zenbait militanteren kontra jo du, ongietorriei buruzko narratiba «fabrikatu» baten harira.
Lawfare horiek Estatuaren indarkeria politikoaren parte izan dira, eta torturak eta ehunka urteko espetxe zigorrak ekarri dituzte, inolako aitortza eta/edo erreparazio politikorik gabe. Horri dagokionez, euskal gizartea bizikidetzaren bidean aurrera egiten ari den honetan, ezinbestekoa da, besteak beste, Estatuak bere esku-hartze juridiko-polizial guztiak aitortzea eta erreparatzea, hala nola Bateragune auzia. Izan ere, esku-hartze horiek euskal independentismoaren aurka erabili duen estrategiaren parte izan dira eta askotariko sufrimenduak eragin dituzte. Horregatik, Auzitegi Konstituzionalak Auzitegi Gorenaren asmoa zuzentzea eta ibilbide juridikoa amaitutzat ematea erabaki duen honetan, euskal lawfare honen inguruko gogoetaren bat espero genuen Urkullu lehendakariaren eta beste indar politiko batzuetako buruzagien aldetik, batez ere kontuan izanda une honetan gai horrek berebiziko garrantzia hartu duela Kataluniako prozesua bide eta konponbide politikoetara eramateko saiakeran. Ez dute horri buruzko inolako gogoetarik egin, baina isiltasun zaratatsu horretan mutu dirauten buruzagi horiek beraiek iragan hurbilaren irakurketari buruzko apelazio etengabeak egiten dizkiote ezker independentistari.
Berriz ere azpimarratu nahi dugu behar-beharrezkoa dela aktore politiko guztiek aitortzea (bere garaian ezker abertzaleak egin zuen bezala) gatazka politikoak eragin dituen eta oraindik ere eragiten dituen sufrimendu maila guztietan duten ardura. Eta, jakina, hala Kataluniaren kasuan nola Euskal Herriaren kasuan, Estatuak behingoz heldu behar dio lurralde gatazkari, Estatuaren plurinazionalitatea onartuz eta gure nazioen borondatea errespetatuz.
Hori esanda, eta pairatu ditugun ondorioak gorabehera, gaur harrotasunez esan dezakegu Bateragune operazioaren porrota erabatekoa izan dela, ez baitu bere helburuetako bat ere erdietsi. Gaur egun, ezker independentista Euskal Herriko lehen indar munizipalista da, eta aktore erabakigarria UPN Nafarroako gobernu ekuaziotik kanporatzeko eta Estatuaren gobernagarritasuna ahalbidetzeko. Hamabost urte geroago, beraz, ez dute lortu ezker independentista neutralizatzea. Gainera, alternatiba bilakatu gara eta prozesu politikoaren funtsezko eragilea gara Euskal Herri osoan. 2009ko azaroan, atxilotu eta aste gutxira, mezu bat zabaldu genuen Extremerako espetxetik, ezker abertzalearen aldaketa estrategikoa geldituko ez zutela esanez, eta gaur diogu aldaketa horri esker gure herria eta beraren etorkizuna eraldatzen ari direla.
Azkenik, esker oneko mezua helarazi nahi diogu euskal gizarteari, espetxe eta jazarpen urte hauetan guztietan jaso dugun babesagatik, elkartasunagatik eta maitasunagatik. Elkartasun zabal horrek sakonki bete gaitu eta gure herriaren alde lanean jarraitzeko indarra eman digu. Era berean, bihotz-bihotzez eskertu nahi dugu nazioarteko komunitatetik jaso dugun babesa: Jose Mujica, Adolfo Perez Esquivel, Gerry Adams, Desmond Tutu…, mila esker guztioi.
Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta
‘Bateragune auzia’ ‘Bateragune auzia’ ‘Bateragune auzia’ ‘Bateragune auzia’