Batera berpiztu da
Batera berpiztu da –
Txomin Poveda, Enbatan.
Batera plataforma, hainbat aldarrikapenen aitzinean emateko tresna izateaz gain, aktibazio sozialerako motor paregabea izan da. Hainbat urtez pausan egon ondoren, Baterak bere sareak berriz biltzen ditu herri-aldarrikapen berriak aldaketa instituzionalarekin lotzeko xedez.
Batera herri plataforma, euskal departamendua, laborantza ganbara ofiziala, unibertsitate autonomoa eta euskararen koofizialtasuna aldarrikatzen zituen tresna berpizten ari da. Euskal Herriko Laborantza Ganbararen eta bereziki Euskal Elkargoaren sorreran bete zuen rol erabakikorrari esker ezaguna baldin bada, hori baino gehiago izan da. Herri- aldarrikapenak guttiengotik gehiengora pasatzeko metodoa asmatu zuen, lurraldean sekula ikusi gabeko aktibazio sozialerako motorra izanez: 32.000 atxikimendu izenpeduraren bilketa, 10.000 pertsonako manifak, herri kontsulta masiboak, herriz herriko mobilizazioak, bide blokatzeak, autokarabanak… Mota eta aldarrikapen anitzeko mobilizazioetaz gain, sentsibilitate politiko, lurralde eta belaunaldi guzietako aktibazioa metatzea lortu zuen ere.
Etorkizun instituzionalaren itzulera
Baterak aitzinamendu historikoak eta irakaspen asko ekarri dizkio Euskal Herriari. Baina oinarrizko eskakizunak ez dira konpondu. Mehatxu global berriak eta tokiko erronka bereziak metatzen ari dira : klima, etxebizitza, euskara, laborantza, konponbidea, soziala… Euskal Elkargoan herri aldarrikapenen inguruan adostasun politiko zabalak eraikiz, aitzinamendu baikorrak ekarri badira, haren muga estrukturalak gero eta ageriagoak dira. Ez du, ez eskumen, ez baliabide aski lurraldeak dituen desafioei aurre egiteko. Eta bitartean, frantses Estatua, bere krisi sozial, politiko eta instituzionalean lurperatzen ari da…
Erantzunik gabe gelditzen diren eskakizun sektorialek burujabetza politiko gehiago lortzeko deiak entzunarazi dituzte, hemen aterabideak eraikitzeko asmoz: Biziren EH Burujabe ekimena, LABen «Hemen erabaki» proposamena, Euskal Konfederazioaren aldaketa instituzionalaren aldeko azken adierazpena, Lurraman etorkizun instituzionalari buruzko konferentzia korsikarrekin…
Indarrak bateratzeko baldintzak
Mugimendu sozialetaz gain, beste mota bateko eragileak ere gogoetan sartu dira. Auzapezen Biltzarra berpiztu da eta lurraldearen egituraketa instituzionalari buruzko hausnarketa hasi du. Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluak «Iparralde 2040» lurralde proiektua pentsatzeko prozesua hasi du. Bat bestearen ondotik, izaera ezberdinetako eragileak gaira hurbiltzen ari dira aldaketa instituzionalaren aldeko indarren konfluentziarako baldintzak sortuz.
Egutegiak berak aukera leiho paregabea zabaltzen du gaia mahai gainean ezartzeko: 2026an herri eta elkargoko hauteskundeak izanen dira; 2027an presidentzialak iraganen dira – Euskal Elkargoak 10 urte ospatuko dituelarik; 2028an berriz departamenduko hauteskundeak antolatuko dira eskualdekoekin batera. Datozen lau urteetan, hitzordu nagusiz jositako bidean aitzinatzeko eta herritarren ahotsa entzunarazteko herri plataforma baten beharra dugu.
Bateraren birfundazioa
Hortarako Batera berpiztu da. Zenbait urteko pausaren ondotik, bere sareak berriz bildu ditu gogoeta horiek partekatzeko eta bere birfundazioaren beharra aktatzeko. Jada indar berriak metatzen hasi dira, herri-aldarrikapen berriak aldaketa instituzionalarekin lotzeko asmoz. Lehen gogoetak hasten dira, Euskal Elkargotik abiatuz, herritarren beharrei erantzungo liekeen etorkizun instituzional funtzionalagoa, emankorragoa, arinagoa, demokratikoagoa, eta eskumen zein baliabide handiagokoa sortzeko.
«Lehen gogoetak hasten dira, Euskal Elkargotik abiatuz,
herritarren beharrei erantzungo liekeen etorkizun instituzional
funtzionalagoa, emankorragoa, arinagoa, demokratikoagoa,
eta eskumen zein baliabide handiagokoa sortzeko.»
Hastapena baizik ez da. Heldu diren hilabeteetan, hainbat momentu antolatuko dira Ipar Euskal Herriko etorkizun instituzionala marrazten arituko den dinamikan bakoitzaren indarra bateratzeko.