Batera bagara eta indarra badugu

Batera bagara eta indarra badugu –

Gaur hemen biltzen gara berriro Euskal Herria Baterak pandemia garaian abiaturiko ekimen elkartu honetan, jada ia ahantzia dugularik hain denbora gutxi pasatutako gertaera lazgarri hura. Urte bete igaro da ere nazioarteko printzipio eta oinarrien aurka Errusiak Ukrainari eraso zionetik, Europan berriro gerra piztuaz. Ikusi dugu orain arte etorkizuneko gertaera posible zirenak gurera heldu zaizkigula, eta jada hauen ondorioetara moldatzeko politikak eta bizimolde aldaketak ditugu eztabaidagai.

Batera bagara eta indarra badugu
Arg: Batera

Gertaerak ziztu bizian doaz laster beteko dugun XXI. mendeko lehen laurden honetan. Telesforo Monzonek aipatu zuen behin: «Hartu dezagun istant bat eta inguruetara begira, nondik gatozen behar dugu jakin nora goazen ere».

Baina sorionekuak gu, ahazten ari ginela zirudienean, Irulegiko Eskuak nondik gatozen gogorarazi digulako berriki. Amaiurko indusketek eta bere 500. urteurrenak gogorarazi bezala. Edo Emakume Abertzale Batzaren 100. urteurrenak. Gure aurreko belaunaldi hauek guztiek izan zirelako baikara gaur hemen.

Gertaera hauek guztiek inoiz eten ez den kate baten azkeneko katebegia garela gogorarazten digute, etorkizunean honi lotuko diren katebegi berriek segida emango diotena. Baina, gaur eta hemen, gure gizartearena da, gurea, katea ez etetearen ardura historikoa, ez beste inorena. Eta historiaren zama hori eraman ahal izateko, euskal herritar ororen bizkarrak dira beharrezko, Xabier Letek zioen bezala itsasoan urak handiak baitira murgildu nahi dutenentzat, gure herriko lanak handiak baitira astunak, gogorrak, zatiturik daudenentzat.

Nondik gatozen behar dugu jakin, beldurrik gabe nor garen zer garen esateko: eta gu euskal herritarrak gara, gu Euskal Herria gara!

Baina ez da nahikoa nondik gatozen argi izatea, non gauden eta nora goazen ere aztertu beharra dugu. Eta gu, bederen, kezkatuta gaude. Aipatu dugun testuinguruak erronka berriak eta ez nolanahikoak ekarri dizkio eta ekarriko dizkio gure herriari.

Euskal Herrian sinesten dugunon pultsua bizkortzeak soilik eman ahal dio erantzun baikor bat testuinguru horri. Eta ez gaitezen engaina, bihotz hori gabe, gorputza egongo da baina ez da Euskal Herria izango, beste zerbait baizik.

Erronka izugarriak ditu gure herriak aurrean. Eta, katea inoiz ez bada eten ere, oso ahul jarraitzen dugu. XXI. mendera heldu gara, eta ez da gutxi, baina herri gisa zatituta, herri gisa nahi dugun subiranotasuna oraindik lortu gabe, eta demografikoki zaharkituta heldu gara.

Eta, ondorioz, XXI. mendeko erronka itzelei estaturik gabe, zatiturik, eta nazio gisa gutxiagotuta aurre egin beharrean gaude. Klimaren erronkak, teknologien garapen esponentzialak gizarte orotan eragiten duen eraldaketa sakona, aldaketa demografikoen erronka, ordenu globalaren transformazioa… Nazio ororentzat erronka itzelak direnak guretzako kolosalak dira. Ez dezagun ahantz aske ez den herri txiki eta zahar bat garela, etorkizuna ziurtatua ez duena.

Beraz, non gauden eta, batik bat, nora joan nahi dugun behar dugu adostu denon artean. Gu bezalako herri txikientzako oinarrizko kontuetan batasuna ezinbesteko baita, eta zatiketa, baimendu ezin dugun luxua. Testuinguru historiko honek behartzen gaitu batasun hori lantzera, eta azken urteetan izandako aldaketek horretarako baldintzak sortu dituzte. Euskal Herria aintzat hartzen dugunon batasunaren unea da hau.

Eta Aberri Egunak hori izan behar du: desberdintasunetik batasunerako deiadarra. Batasuna herri erronkei aurre egiteko. Batasuna gure herriaren etorkizuna ziurtatzeko. Batasuna jendarte parekide eta aurreratua eraikitzeko, elkartasuna eta gisa kohesioa ardatz. Batasuna herriaren bihotz taupada indartzeko. Batasuna Euskal Herriaren etorkizuna nolakoa izango den euskal herritarrek erabaki dezaten, euskal jendarteak bere aniztasunean erabakimen osoa izan dezan.

Denon artean, desberdintasunen errespetutik, herri honek XXI. mendeko erronkei aurre egiteko behar duen gutxieneko zoru amankomuna eraiki beharra dugu. Ez da erraza izango, baina inoiz izan al du gure herriak erraza bere bizirautea? Batera bagara eta indarra badugu.

 

Mireia Zarate (Sabino Arana fundazioko presidentea), Iratxe Esnaola (Olaso Dorrea fundazioko presidentea), Gorka Espiau (Agirre Lehendakaria Centerreko lehendakaria), Naiara Goia (Berrikuntza Sozialerako Arantzazulab laborategiko zuzendaria), Carlos Etchepare (EH Bateraren talde sustatzaileko kidea), Maria Elena Etcheverry (Argentinako Ekin argitaletxeko kidea), Eguzki Urteaga (Iparraldeko Eusko Ikaskuntzako lehendakaria), Koldo Viñuales (Irujo Etxea elkarteko lehendakaria)
Batera bagara eta indarra badugu Batera bagara eta indarra badugu Batera bagara eta indarra badugu Batera bagara eta indarra badugu

Soziologoa, historialaria eta idazlea. Biarritz.

9 pentsamendu “Batera bagara eta indarra badugu”-ri buruz

  • Inora ez doan eta inor ezertara lotzen ez duen helburu / eduki zehatzik gabeko ipuina.

  • Izango da ipuina, baina nire ustez daukagun errealitatea baino hobea bada… Merezi du horrelakoei indarra ematea, gaur egungo aberri egunak alderdikeritik asko baitu eta helburu indibidualei erantzuten die gehiegi (nire ustez, jakina) kolektiboan egon behar denean abiapuntua.

  • Beraien lana euskal gizartea zatitzea denek esango digute kohesioa, parekidetasuna eta abar zer den. Bai zera! Eta gizarte da, ez “jendarte”. Jendarte, jende multzo esan nahi du, “muchedumbre” espainolez. Zuentzat, muchedumbre bat gara? Artalde bat? Abere talde bat, bistan da.

  • EHBilduk, EAJk eta Podemosek egin dute bat ekimenarekin.
    EAJ indar errejionalista da zeharo. PSOErekin bat gobernatzen ditu EAE, Nafarroa, Foru Aldundiak, hainbat udal… (ez luke EHBildurekin sekula egingo), bestelakoak beste.
    Podemos indar espainiazalea da zeharo. Arrisku gutxi igarriko dio Baterari ekimenarekin bat egin duelarik. Beren espainiarzaletasuna zuritzeko akaso?
    EHBilduk PSOE-EAJ gobernua babesten du Nafarroan eta EAEn PSOErekin gobernu-akordioak lortu nahi ditu ajalik eta lasterren (PSOEk ez baina).
    Batera? Noraezera.

  • Deialdi jakinei “beee” egitea, hori ez bada artaldea…. Ados, nire ikuspuntua baino ez dut eman eta, gainera, “jendarte”-ren esanahia ez da bakarra. Zuk hartu nahi duzuna. Ondo izan.

  • Gakoa “akordio zabarena” da. Horretan, eboluzio diferentearekin, EAJk eta EH Bilduk dute bere burua. Norekin? PSOErekin, gutxienez. Ongi dakigu horren atzetik “betoa” besterik ez dagoela. Horrela ez dago autodeterminazio eskubidea ez ezer.
    Ekitaldi horiekin aurpagia zuritzen zaie ezer ez egin nahi dutenei. Pedagogia oso txarra, euskal gizarteari esaten zaio “guztiok bat gatozela”. Esaten ez dena da horrela ez goazela inora.
    Gure Esku babesarekin EAJri errazten zaio bere bidea eta, modu berean, EH Bilduk indartzen du bilatzen duen zentralidadea. Estrategia, biona, soilik elektorala. Orain dela 4 urte EAJk eta EH Bilduk adostu zituzten “oinarri” batzuk. Otegik esan zuen “historikoak” zirela. Estrategia ez dagoenean propaganda egiten da.

  • Batera… Baina zein da Bateraren proposamen zehatza?

  • Jendarte jende multzo da. Euskaraz ez dakiten 2, 3 aktibista marginalek eskatu dute jendarteren esanahia aldatzea. Noski, beee esan besterik ez dakitenek baaai egin dute. Baina ez. Jendarte ez da gizarte. Ikasi euskara, gero saiatu sartzen woke zaborra geurean.

  • Errespetuz hitz egingo dizut, asmatutakorik ez dut nahi eta. Begira, “hobestekoa da” dio euskaltzaindiak gizarte hitza erabiltzeari dagokionez, eta horretan ados. Edonola ere, honakoa ere esaten du: “kasu konkretu batzuetan” jendarte eta gizarte “sinonimoak ere izan daitezke”, betiere “neurri batean”. Hortxe gakoa. Euskaltzaindian dioena diot, ez delako erantzuna hain sinplea (ñabardurik badu):

    https://www.euskaltzaindia.eus/euskaltzaindia/komunikazioa/plazaberri/5107-jendartea-ala-gizartea-nabardunak-eta-hautua