Batasunaz
Martxoaren 3a gure maiatzaren lehena bezala aldarrikatzen dugu Euskal Herrian. Urtero, oroimenerako eta justiziarako aldarriak ateratzen ditugu kalera, gure arbasoek izandako duintasunaren lekukoa hartzeko prestutasuna erakutsi ohi du Gasteizko herriak, odolez idatzitako historia errealitatez jantzi nahian, erahilketen erantzule diren berdinek botatzen dituzten gezurrei aurre eginez.
Atzera botatzen dugu bista eta langileen batasunean kokatzen dugu garaiko epika. Hiri oso bat mobilizatzeko gaitasuna izan zuen borroka baten lekukoengana jotzen dugu egun hauetan gazte mugimendutik, lorpen horien atzetik dagoen errezeta magikoa kontatuko digutenaren esperoan, antolakuntza fase garatu horietara heltzeko giltza non dagoen esango digutelakoan…
Ohikoa izaten da ere galdetzea nola ikusten duten egungo egoera. Galdera horren atzetik hainbat ezkutuko arrazoi aurki daitezke, baina oinarrizkoena hauxe da: 1976ko martxoaren 3an mobilizazio maila horiek eskuratu zituen testuinguruaren antipodetan egotearen beldurra dugu, kontziente gara hainbat gauzetan ez garela ari asmatzen, baina tira, esaiguzue, mesedez, ez goazela gaizki, ondo ikusten gaituzuela, esaiguzue entzun nahi dugun gezurrik politena, lasai itzul gaitezen etxera.
Urte luzeetako borrokaren bitartez eskuratutako eskubideen galera bizitzen ari garela ohartarazten diguten bitartean, Euskal Herriko sektore ezberdinek aurrera dihardute euren borroketan. Mugimendu feminista edo pentsionistak bezalako borrokek itxaropenaren sugarra bizirik mantentzen duten bitartean, garaiak eskatzen duen erantzukizunaz ohartu eta pausu bat aurrera eman behar du gazte mugimenduak. Gasteizen bereziki, gazte mugimenduak zer esan handia izan du azken urteetan. Nostalgiaz eta harrotasunez gogoratzen dira egun hauetan “Martxoko Iraultza” delakoaren bizipenak.
Jatorri eta ideia ezberdinetatik abiatuz, problematika amankomunak bilatu eta kaleak astindu izan zituen Gazte Blokearen sorrerak. Antolakuntza berezia, baina etorkizunerako harreman sarea ehuntzeko gai izan zen, norberaren ideien berezitasunak errespetatuz, fronte zabalak eraikitzeko borondatea erakusten zuena. Gertutik bizi izan zutenek dioten bezala, ez da komeni ere idealizazioan erortzea, trabak ere egon baitziren pieza hain ezberdinetako puzzle hura osatzeko. Baina emaitza, denbora tarte mugatu batez gutxienez, oparoa izan zen.
Langileen batasunak sortu zituen garaiko epikak. Batasunak. Hainbesteko desiraz ahozkatzen dugun hitza, baina erraztasunez eskuartetik ihes egiten diguna. Gazte mugimendua herri-proiektu integral baten parte behar du izan, borroka konkretuak izanik ortzimugan borroka zabalagoak hartuz abiapuntutzat, aglutinaziorako euskarritzat. Handira apustu egitea suposatuko du horrek, borrokaren bidean kontraesanak izatera, leialtasunez eta konfiantzaz landu beharko direnak. Kezkagarria litzateke gure ideiak albo batera utzi ditugula uste izan eta iraultzarekiko traizioak usazioetan erortzea. Hainbestetan etsaiaren erasoak sufritu dituen horrek ez du aise ahaztuko nork eragin dizkion ezabatu ezingo diren zauri horiek.
Sistemak gazteriarentzat aurreikusia dituen kateak sentitu eta gure errealitate propiotik errealitate globalean eragiteko unea da. Umiltasunez baina harrotasunez, miresmenez gaurrera ekartzen ditugun borrokak abiarazteko gai.
Ba zioen ezker abertzalearen txosten batek ezker abertzaleak “epika” berreskuratu behar zuela. Lanbide horretan Aitorrek txintxo txintxo 1976ko Gasteizeko sei langileen erahilketa eta ondorioz sortutako mugimendu handia gogora ekartzen digu. Zertarako? “Langileen batasuna” bermatzeko, “Gazte Blokea” indartzeko. Paleolitiko stalinistaren garaietatik datozkigun konzeptu klabeetan eraikitako estrategia gehi ideologia honek gure herrian egin du erro eta gure indar bitalak xahutzen ditu sistema globalen kontrako praktika batean. Eta zenbait gaztek nortasun sentimendu bat eta hezkuntza ideologikoa izango dute Aitorrek adierazitako ikuspegiaren ondorioz.
Bi aukera: edo ez naiz ondo adierazi, edo ez nauzu ndo ulertu. Epika berreskuratzearekin, ados. Sistema globalen aurka gure indar bitalak xahutzea bereziki da testuaren bitartez kritikatu nahi nuena. Indar bitalak errespetatu eta berdinen arteko iraultzailetasun lehia inozoa kritikatzea zen helburua.
Beharbada nik ez dut ulertu zure iruzkina. Hala izatekotan, esaidazu!