Bat Gara prozesua, nazio mailako bigarren biltzarra

Bat Gara prozesua nazio mailako bigarren biltzarra –

Bat Gara prozesua

nazio mailako bigarren biltzarra

martxoaren 22an, Gasteizen,

eguerdiko hamabietan, Amaia Zentroan

Bat GaraBat Gara prozesuan esku hartzen dugun independentistek, gure iritziz Estatu egiazki demokratikoa zer den abenduaren 7an Durangon zehaztu genuen (azpian doa), Euskal Herriko eskualde ezberdinetan eztabaida publikoak egin ondoren. Ondotik, justizia gauzatzeko euskal nazioaren eta herritarren oinarrizko eskubideak eta betebeharrak zein izan behar liratekeen zehazteko, otsailean eta martxoan eztabaida publiko berriak Nafarroa Garaian, Ipar Euskal Herrian eta EAEn antolatu ditugu.

Martxoaren 22an, Gasteizen, eguerdiko hamabietan, Amaia Zentroan, nazio mailako bigarren biltzarra eginen dugu. Bertan, justizia gauzatzeko euskal nazioaren eta herritarren oinarrizko eskubideak eta betebeharrak zein izan behar liratekeen adosteko ahaleginak egingo ditugu, eta Bat Gara prozesuaren lan talde ezberdinak aipatuko ditugu.

Interesatua den oro ongi etorria da.

Durangon 2024ko abenduaren 7an adostutakoa:

Estatu euskalduna eta demokratikoa nahi dugu

Bat Gara prozesuan esku hartzen dugun independentistak autodeterminatzen gara: euskal nazioarentzat Estatu euskalduna eta demokratikoa nahi dugu.

Nazio izateko, herritarrek elkarrekin bizitzeko nahia ukan behar dute. Nahi hori ukaiteko, beren artean justizia gauzatu behar da, hau da, eskubideen berdintasuna. Justizia gauzatzeko, egiazko demokrazia behar da.

Herritarron artean egiazko demokrazia izateko arau demokratikoak zein diren zehaztu ditugu. Behar dugun Estatu euskaldunaren instituzio politikoak, arau demokratiko hauekin ibili behar lirateke.

Egiazko demokrazia ideal bat da, baina ideal horretara ahal bezain bat hurbiltzeko ahalegin guziak egin nahi ditugu.

Munduko herritar guzien arteko injustiziak desagerrarazi nahi ditugunez, euskal nazioko herritarrok munduko gainerateko nazioekin elkarlana egin nahi dugu.

Estatu egiazki demokratikoa

Gure iritziz, hauek dira euskal nazioko herritarron artean egiazko demokrazia izateko arau demokratikoak:

euskal nazioko herritar guziek erabaki politikoetan, hau da, herritarren elkarbizitza antolatzeko erabakietan, zuzenki esku hartu ahal izatea;

– herritar guziek erabakiei lotutako argibide guziak gardentasun osoz esku artean ukaitea;

– herritarren pentsamenduaren eraikuntzarako tresnak, herritarren eskuetan izatea:

– herritar guziek komunikatzeko tresna guziak erabiltzeko posibilitate berdina ukaitea;

– hezkuntza sistema herritarren eskuetan izatea;

– erabakiak hartu aitzin, herritarren arteko adostasuna lortzeko ahaleginak egitea; lortzen ez delarik, erabaki bat indarrean sartzeko, erabakiak erabakitzaileen gehiengo zabalaren onespena izatea eta erabakiarekin bat egiten ez dutenentzat aterabide bat xerkatzea;

– erabakiarekin bat egiten ez dutenek, aseak ez izatea onartzea;

– erabakiak gauzatzeko, gauzatuko dituzten egileei egin behar zehatzak agintzea; egile hauek aldizkatzeko ahaleginak egitea eta edozein unetan aldatu ahal izatea.

Bat Gara prozesuan erabiltzen ditugun kontzeptuen definizio adostuak:

Euskal = euskarari dagokiona eta Euskal Herriari dagokiona (Euskaltzaindiaren hiztegia).

Independentzia = bizi den lurraldean, beste kolektibitate baten aginpidearen mende ez dagoen kolektibitatearen egoera, barne eta nazioarteko subiranotasunean gauzatzen dena eta Estatuaren unitate politikoa dagokiona (Elhuyar hiztegia).

Estatu = unitate politiko burujabea den nazioa, nazio zatia edo nazio multzoa (Euskaltzaindiaren hiztegia).

Nazio = bere batasunaren ezagutza eta elkarrekin bizitzeko nahia ezaugarritzat dituen gizataldea (Euskaltzaindiaren hiztegia).

Burujabe = askea, bere buruaren jabe dena, inoren mende ez dagoena (Euskaltzaindiaren hiztegia).

Demokrazia = boterea herriarengan datzala dioen doktrina politikoa (Elhuyar hiztegia).

Bat Gara

Bat Gara prozesuaren lehen faseari buruz prentsan agertutako hainbat idazki:

Bat Gara prozesua nazio mailako bigarren biltzarra

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude