Bat Gara
Bat Gara –
Bat Gara prozesua abiatu dute Euskal Herriko hainbat pertsona independentistek euskal nazioarentzat desio duten estatu euskaldunari buruz gogoeta egiteko. Bilkurak egingo dituzte herri eta hiriburu ezberdinetan, eta abenduaren 7an Durangon (Bizkaia) batzar nazionala egingo dutela iragarri dute. Galdera hau eman dute prozesuaren abiapuntu gisara: «Euskal nazioarentzat nahi dugun estatu euskaldunak nola gauzatuko luke egiazko demokrazia?».
Bat Gara prozesuaren bilkurak
Ipar Euskal Herrian 2022tik 2024ra eraman den Bagira prozesuaren emaitzan, abertzaleen helburua herriari boterea itzultzea dela aipatzen da, eta boterea itzultzeko, herriari burujabetza maila maximoa emanen dioten instituzioak herriari eskaintzea adierazten da. Zehazten da ere, herri baten burujabetza maila maximoa, Estatu independente baten bitartez lortzen dela. Horrez gain, mugimendu abertzalea demokraziari atxikia dela goraipatzen da. Prozesu hau bukatu zen, gogoetak sakondu beharko zirela adieraziz.
Horiek horrela, prozesu horretan parte hartu zuen Nafarroa Behereko abertzale talde batek bultzaturik, irailaren 8an, Donibane Garazin, Ipar zein Hego Euskal Herriko eskualde ezberdinetatik etorritako hogei independentistek, prozesu berri bat abiatu dugu. Bat Gara prozesu berri hori Euskal Herri osoan eramanen da, nahi duten euskal herritar guziei irekia.
Bat Gara prozesuan, independentistek ondoko galderari erantzungo diogu:
Euskal nazioarentzat nahi dugun Estatu euskaldunak egiazko demokrazia nola gauzatuko luke?
Gogoetan, kontzeptuen definizio adostuak erabiliko ditugu. Hasteko, hauek:
Euskal = euskarari dagokiona eta Euskal Herriari dagokiona (Euskaltzaindiaren hiztegia).
Independentzia = bizi den lurraldean, beste kolektibitate baten aginpidearen mende ez dagoen kolektibitatearen egoera, barne eta nazioarteko subiranotasunean gauzatzen dena eta Estatuaren unitate politikoa dagokiona (Elhuyar hiztegia).
Estatu = unitate politiko burujabea den nazioa, nazio zatia edo nazio multzoa (Euskaltzaindiaren hiztegia).
Nazio = bere batasunaren ezagutza eta elkarrekin bizitzeko nahia ezaugarritzat dituen gizataldea (Euskaltzaindiaren hiztegia).
Burujabe = askea, bere buruaren jabe dena, inoren mende ez dagoena (Euskaltzaindiaren hiztegia).
Demokrazia = boterea herriarengan datzala dioen doktrina politikoa (Elhuyar hiztegia).
Gogoeta abiatzeko, egiazko demokrazia izaiteko oinarrizko arauak zein diren zehaztuko dugu: zein arau behar dira boterea egiazki herritarren eskuetan izaiteko?
Ondotik, boterea egiazki herritarren eskuetan izaiteko, lokaletik nazionalera instituzio politikoak nolakoak izan behar diren zehaztuko dugu.
Ondoko asteetan, Euskal Herriko eskualde ezberdinetan hamaika bilkura publiko antolatuko ditugu, gogoetan esku hartu nahi duen orori aukera eskaintzeko.
- Iruñeako LABAn, azaroaren 2an, larunbatez, 18:00
- Larzabaleko Espelletenian, azaroaren 9an, larunbatez, 10:30
- Baionako Espaiskan, azaroaren 9an, larunbatez, 15:00
- Gasteizko Sumendi gelan, azaroaren 12an, asteartez, 18:00
- Baigorriko Bixentaenian, azaroaren 15ean, ostiralez, 18:30
- Donostiako Okendo Kultur Etxean, azaroaren 16an, larunbatez, 10:30
- Hazparneko Eihartzean, azaroaren 23an, larunbatez, 15:00
- Hendaiako Enbata Gaztetxean, azaroaren 23an, larunbatez, 11:00
- Bilboko Kafe Antzokian, azaroaren 30ean, larunbatez, 10:30
- Atharratzeko Prefostan, azaroaren 30ean, larunbatez, 18:30
- Biltzar Nazionala, Durangon, abenduaren 7an, larunbatez, 12:00
…
Bat Gara
2024ko urriaren 30ean