Baso gehiagoz, paso!

Baso gehiagoz, paso! –

Publizitate-irakasle sartu nintzenetik, gutxienez bi gauza esan ditut argi. Bata, Euskal Herriko komunikazio publikoa gazteleraz pentsatzen dela (bestela ere frantsesez), eta gero euskaraz hala moduz gauzatzen dela. Bestea, mezu bat eraginkor izateko ez dela nahikoa hizkuntza zuzena erabiltzea (hots, ortografiarekin zintzoa), baizik eta egokia. Erretorika basikoa, zera.

Euskaraz dagoen ia guztia zuzena da egokia baino. Gehiago begiratzen dira Euskaltzaindiaren arauak eraginkortasuna baino, eta horrela, erdaraz onartzen diren hitz-joko eta burutazioak nekez onartzen dira euskaraz, bertsolaritzan ez bada. Inposizio hauen aurrean, bi bide: edo euskaraz ez egin (ohikoena), edo egitekotan, zuzen jarri inork ez kritikatzeko. Emaitzak, joan den urtean hasi eta aurten ere errepikatuko den Iruñeko Udalaren kanpaina ekologikoaren moduko kaka.

Baso gehiagoz, paso!

Edalontzi berrerabilgarriak sustatzeko kanpaina honen sorkuntza gazteleraz egin dela zalantzarik ez. Titularra, paronomasia joko basikoa: vaso eta paso, bi antzeko berba eta Espainiako iragarki klasikoen bidean, errima atzetik. Euskaraz, eta aurrekoaren segidan (nafar eran), mezu horrekin zerikusirik ez duen “Aski dut batekin!” delakoa, errimarik eta erakarpenik gabekoa. Aski genuen beraz batekin: gaztelerazkoarekin.

Argi da sortzaileek ez dutela errez espainolez dagoena euskarara itzultzeko, edo aldrebes. Aitzitik, txiste, abesti edo olerki bat hizkuntza batetik bestera pasatzea ez da aise, eta are gehiago euskaldunberri haizez. Alta, sortzaile izan nahi bada, egindako lanak balio beharko; zergatik ez “Baso gehiagoz, paso”? Aurrekoarekin loturan, errima eta paronomasia mantenduz, eta euskaldunen batek leitzekotan, agian erakargarriago.

Tamalez, azken faktorea da koska: inork gutxik irakurriko duela mezua euskaraz. Hala ere, gauzak ondo egitea izan beharko litzateke edozein lanen gakoa, ez bakarrik egitea, egin behar delako. Hori ere saiatzen naiz irakasten. Baina ez beti arrakastaz.

Baso gehiagoz, paso!

Komunikazio irakasle eta iritzi emaile. "Ausartzea bertute haundia, zuhurtziaren lagun beharra"

Zer duzu buruan “Baso gehiagoz, paso!”-ri buruz

  • Artikulu interesgarria.
    Kontua da “baso” esatean niri burura etorri zaidana “zuhaitzetako basoa” dela, ez edatekoa.
    Helarazi nahi den mezua plastikoaren erabilera murriztea da, beraz, hona proposamenak: “Badugu nahiko plastiko!”, “Plastikoa, nahikoa!”
    “Edalontzi gehiago ez dut nahiago!”