Barraskiloak nola garbitu eta egosi
Barraskiloak prestatzea ez da lan erraza, ondo garbitu behar baitira kozinatu aurretik; baina lanak merezi du jaki gozo honetaz gozatzeko. Egunotako euriek barraskilo ugari paseoan atera arazi dituzte eta azoketako postuetan ikusi ahal izan ditugu salgai. Azokan edo zelaietan eskuratzeko aukerarik izan baduzu, barraskiloak nola garbitu eta egosi, erakutsiko dizugu jarraian.
Gure lurrean, purgatu egiten dira barraskiloak jan aurretik. Saretan zintzilikatzen dira leku idor ilunetan eta hiru egunean edukitzen dira gutxienez, lerdea eta zikinkeria guztiak bota ditzaten. Purgatu eta gero ere, ur askotan garbitzen dituzte, patena baino garbiago gelditzen diren arte. Beste batzuek, ur gazi ugaritan garbitzen dituzte barraskiloak, lerdea bota dezaten, eta uretan arazten dituzte ondoren. Behin eta berriro egiten dute hori, guztiz garbitu arte. Bada, bestalde, gatzez gainera, urari ozpina ere botatzen dionik.
Eta hala diogu, tartean badelako barraskiloak garbitzea oker handi bat dela dioen bat baino gehiago. Haien iritziz, aski da kazolara baino lehen uretan pasatzea, eta kito, berekin gorde dute “zapore” guztia. Lurralde lehor batzuetan, egia da, belar idorrez elikatzen dira animaliatxo hauek, ezkaia edo erromeroa dute jangai, lur idor haietan dagokien bezala. Eta barraskiloak purgatzea grazia, xarma eta zaporea kentzea iruditzen zaie inolaz ere.
Aipatu ditugun era horietako batez garbitu ondoan, kazola batean ipiniko ditugu barraskiloak, urez estalirik, eta su ertainean jarriko ditugu ondoren gozatzen. Irakin dezala urak minutu gutxi batzuetan. Xukatu eta uretan sartuko ditugu barraskiloak, berriro xukatzeko: uretan sartuko ditugu ondoren eta hartan berregosiko ditugu, gatza, tipula eta erramu hostoa erantsi eta gero. 60-90 minuturen buruan, atera eta xukatuko ditugu barraskiloak eta saltsarako gorde dezakegu egoste salda.
Barraskiloak nola kozinatu
Ondoren, barraskiloak geure gustuko erara prestatzeko txanda da. Hamaika era daude barraskiloak jateko: saltsan, barazkiekin, arrozarekin, bakailaoarekin eta ia munduko toki guztietako eran. Geuk proposamen bi aurkezten dizkizuegu:
On egin!
Errezeta gehiago: Sukaldean.com