Bakearen alde arriskatzeko prest?
Bakearen alde arriskatzeko prest?
PSOE maldan behera joan da Espainiako hauteskundeetan, eta, haientzako okerrena, datorren urtean presidentetza galdu egingo du miraririk izan ezean. Krisiak markatutako legegintzaldia salbatzeko zer edo zerri heldu beharko diote sozialistek, esaterako, ETAren amaierari. Egingo al dute apustu?
Egoera zailak dituzte aurrean sozialistek. Mapa urdin kolorez bete zaie eta hautagairik ere ez dute erabakita. Eusko Jaurlaritza du PSOEk estatuko botere esparru bakarrenetakoa. Alta, azken hauteskundeen arabera %16ak besterik ez du babesten eta bere bazkide PP %15ak, hauteslegoaren herena ere ez.
Dena galduta, irabazteko zer?
Irabazteko duen alor bakarra, behin ekonomikoa eta soziala hondoratu direnean, bakegintza izan liteke. ETAren su-etena finkotzen bada eta ezker abertzaleak bideari eusten badio, ez agian erabateko normalizazioa, baina ETAren de facto amaiera gauzagarria da. ETAren amaiera hauteskundeetara begira sal dezakeen merkantzia izan daiteke PSOErentzat. Zalantzarik ez dago jarrera arduragabekoa dela bakegintza hauteskundeei begira egitea, hala ere, zoritxarrez (edo zorionez) ez litzateke gehiegi harritzekoa halakorik gertatzea.
Xabier Letonak Argian ere hausnarketa hori egin du:
“Dilemaren giltza PSOEn eta Espainiako 2012ko hauteskunde orokorretan izango da. PSOErentzat oso gaitza izango da hauteskunde horiek irabaztea, baina badirudi euskal gatazka garrantzitsua izan daitekeela beretzat. Giltzarria egoera ekonomikoa izango da, baina hor ez dirudi hain epe laburrean emaitzak hobetuko zaizkionik. Giltzetako bat behintzat, “iparreko arazoa” behingoz konpontzea izan daiteke.”
Bidearen nondik norakoak
Nahiz eta Espainiak ezikusiarena egin, Gernikako Itunak pausuz pausu betetzen ari dira, alde batetik bederen, eta Sorturen balizko legalizazioak (Parot dotrina baliogabetzea?) beste aldetik aurrerapena ekarriko luke. Argi dago, ordea, epe motzera PSOEk ez duela Itun hori aitortuko, baina, esaterako, Harremanetarako Nazioarteko Taldeari bidea erraztuko liezaioke. PSOEk aukera bi aukera ditu bakea lortu nahi izatekotan: bake prozesua onartu eta iritzi publikoa moldatzen saiatu edo ezkutuan eta disimuluz neurriak hartu eta emaitza saltzen saiatu.
Ezkutuka ibiltzeak arazo handiak ditu. Batetik, kontua isilpean eramateak dituen zailtasunak, bestetik, bakea lortzeko hartutako neurrien asmilazio publikoa ez lortzea. Egoera horrek espainiarrengan konfiantza eza sortuko luke, eta eskuinaren konspirazio teorien zabaltzea. Sinesgarritasunez eskas dabilen gobernuak arrisku gehiegi onartuko lituzte halakorik eginez gero.
Aurrez aurre eta publikoki egiteak (neurri batean bada ere) pedagogia lan zama galanta emango lioke PSOEri. Horretarako, Alfredo Perez Rubalcaba du maixu; gaur A eta bihar Z lasai asko esan eta justifikatzeko den hautagaia. Aukera hori badu. Nolabait ETAren eta ezker abertzalearen hurrengo urratsei sinesgarritasun osoa eman eta demokraziaren garaipenaren izenean behin betiko prozesu bati ekin.
Inoiz ez du Espainiako Gobernu batek hain eskura izan bere legegintzaldipean ETAren biolentziarekin amaitzea. Apustu garbia egin behar luke. Baina, era berean, oso erraza litzateke PSOErentzat dena galdutzat eman eta fardela PPri botatzea. PSEko Jesus Egiguren eta haren ildokoek izan dezakete alderdia bakegintzan sartu eta ETAren amaiera atzeraezin bilakatzeko gogoa eta adorea. Ikusi beharko, zoritxarrez, kalkulu politikoa bake prozesuaren aldeko balantzan erortzen den hala ez.