"Bake bidean aterabide demokratikoa": Alderdi politiko eta gizarte erakundeek aurkeztutako konpromisoa
Euskal Herria gatazka politikoa eta indarkeria bake bidera eta aterabide demokratikoetara eramateko aukera baten aurrean aurkitzen da.
Zentzu horretan, bermatutako indarkeriarik gabeko egoera eta normalizazio politikorako hastapena izan beharko da, ondoko edukietan oinarrituta:
ETAk nazioarteko komunitateak egiaztatzeko moduko su-eten iraunkorra eta aldebakarrekoa aldarrikatzea, jarduera armatua behin betiko uzteko borondatearen erakusle gisa.
Eskubide zibil eta politiko guztien aitortza, proiektu politiko guztien jarduera eta garapena onartuz, kontuan hartuta giza eskubide guztien aitorpena eta salbuespenik gabeko babesa direla eskubide horiexen oinarria. Ildo horretan, Alderdi Politikoen Legea indargabetzea exijitzen dugu, eskubide nagusien urraketak tresna juridiko horretan oinarritzen direlako.
Inoren aurkako mehatxu, presio, jazarpen, atxiloketa eta tortura mota guztiak desagertzea, edozein dela era pertsona horien jarduera edota ideologia politikoa.
Euskal preso politikoen aurka aplikatzen den espetxe-politika etetea, konfrontaziorako estrategia gisa erabili da-eta. Era berean, honako neurri hauek hartzea, amnistiarako bidean lehen urrats moduan, gatazka politikoak eragindako preso eta iheslari bat bera ere egon ez dadin:
o Preso guztiak Euskal Herrira ekartzea, dispertsioarekin amaituz.
o Gaixotasun larriak dituzten presoak aske uztea.
o Epaituak izateko zain dauden preso prebentiboei behin-behineko askatasuna ematea.
o Legeak ezarritakoak beteak dituzten zigortutako preso guztiei, baldintzapeko askatasuna ematea.
o Legeak jasotzen dituen espetxe-onurak aplikatzea, murrizketarik eta arbitrariotasunik gabe.
o Zigorra betetzeko muga berrogei urtetan ezartzen duen legedia indargabetzea.
Jarduera politikoagatik epaituak izan diren pertsona eta erakundeen aurkako prozesu judizialak berraztertzea.
Jurisdikzio eta epaitegi berezien eta salbuespeneko lege oro indargabetzea, eta horrekin batera, inkomunikazioa bertan behera uztea.
Militante eta erakunde independentistei politikan aritzeko ezarri zaizkien debeku eta neurri murriztaileak bertan behera uztea.
Nazioarteko eragileen parte-hartzea sustatzea, giza eskubideen urraketarik gertatzen ez dela egiaztatzeko helburuarekin.
Erakunde politiko, sindikal eta sozialok ETAri zein Espainiako Gobernuari galdegiten diegu erabakiak eta ekimenak har ditzatela horrelako egoera bat sortzearren; alegia, indarkeriarik izango ez dela bermatua izango den eta normalizazio politikoa progresiboki garatuko den egoera.
Era berean, sinatzaileok uste dugu horrelako prozesu baten testuinguruan, non bake eta normalizazio politiko nahikoak lortuak egongo diren, ezinbestekoa izango dela elkarrizketarako eta negoziazio politikorako guneak zabaltzea, gatazkaren zioak eta ondorioak osotasunean aztertzeko.
Elkarrizketa eta negoziazio politikoa dakartzan prozesu hau ondoko printzipio eta baldintzetan oinarritu behar da:
“Mitchell Printzipioak” deitutakoetan azaldutako konpromisoek zuzenduko dituzte elkarrizketa eta arlo guztiei buruzko negoziazioak:
o Gai politikoak konpontzeko, soilik bitarteko demokratiko eta baketsuak erabiltzea.
o Alderdien arteko negoziazioaren emaitzetan edota negoziazio prozesuaren norabidean eragiteko asmoarekin egindako indarkeriaren erabilerari edo berau erabiltzeko mehatxuari aurkakotasuna agertzea.
o Alderdien arteko negoziazioetan erdietsitako akordio oro errespetatzeko konpromisoa. Era berean, akordioen alderen bat aldatu nahi izanez gero, soilik bitarteko demokratiko eta baketsuak erabiltzeko konpromisoa.
Akordio politikoak lortzeko negoziazio prozesua eragile politiko, sindikal eta sozialen egitekoa baino ez da izango.
Elkarrizketa politikoaren edukiek Euskal Herriko kultura politiko guztiak barne hartuko dituen akordioa izango dute helburu: euskal errealitate nazionalaren eta erabakitze ahalmenaren onarpenari buruz; barne eredu juridiko-instituzionalari eta, estatuekiko lotura motari dagokionez, independentzia barne; eta herriak duen borondate demokratikoa errespetatzeari buruz.
Aitortza, adiskidetzea eta erreparazioa gatazka politikoak eta jatorri guztietako bortizkeriek eragindako biktima orori.
Gaur egun, gizarte ereduaren erruz, emakumezkoen eta gizonezkoen partehartzea ez da berdina; hori dela eta, emakumeek subjektu aktiboak izan behar dute konponbidean, gatazka politikoa hurbiletik ezagutu ez ezik horren ondorioak jasan ere egiten baitituzte.
Agiri hau sinatzen dugun erakunde politiko, sindikal eta sozialok bertan azaltzen diren postulatu guztiak geure egiten ditugu eta betetzeko konpromisoa hartzen dugu; halaber, nazioarteko eragileei eduki hauek helarazteko eta euskal gizartean parte hartzea sustatzeko lan egiteko konpromisoa hartzen dugu, euskal gizarteak ere bere egin ditzan postulatu hauek. Izan ere, euskal gizarteak izan behar du bermatzaile bakarra konponbide demokratikoaren prozesuaren garapenean.