Baiona Tipia kanpainan

Baiona Tipia kanpainanMarie Darrieusecq idazle baionar-paristartuak, Sarkozyren ikustaldiak Baionan sortutako aztoramendua izan du gai asteartero France Culture irratian egiten duen bere kronikatxoan. Itzuli egin dugu hona ekartzeko, bere oniritziarekin.

 

Baiona Tipia kanpainan

Nicolas Sarkozy etorri denean Baionara, UMPko alkate Jean Grenetek zuhurtziaz aholkatu dio ez agertzeko Baiona Tipira. Baiona 45.000 biztanleko hiria da, eta beste leku asko bezala, Aturri eta Errobi ibaiez gain, iritziek ere zeharkatzen dute.  Iritzi horiek auzoetan bilbatzen dira kolorea emanez, ez bada auzo horiek gertatzen direla era jakin batzuetako iritzien sortzaile. Julian Gracqu-ek eta Jacques Roubaut-ek “hiri baten forma” deitzen diote horri.  Trois Glorieusesko hiru eguneko iraultza harrez geroztik dakigu auzo bat izaten ahal dela beste bat baino egokiagoa ala ez enboskada eta manifestapenetarako, eta izaten ahal dela, halaber, egokiagoa ala ez kanpainan datorren estatuburu batentzat.

Baiona Tipia kanal zaharren gainean eraikitako kale estuz osatutako labirintoa da, non neure gaztaroaren zati handi bat igaro nuen. Urtero ospatzen diztuzten Baionako jai nagusietan, harrigarriak izaten ahal dira han ikusten diren jende andanak. Jai horiek ihauteri tradizio bat ere gordetzen dute. Festari guztiek arropa berdina jartzen dutela eta, denak zuriz eta painelu gorriz, klase sozialen arteko desberdintasunak ezabatu egiten dira, instant batez. Ihauteri orotan bezala, trufa egiten diete notableei, xaxatu egiten dituzte mundu honetako handiak, gehiegi edaten dute, oso dotoreak ez diren abestiak kantatzen dituzte, ohiu egiten dute eta euren frustrazioak adierazten dituzte. Esan dezagun, portaera desegoki bat izaten dutela, edo dugula.

Baiona Tipian izaten dira hain juxtu jaiak, eta feria eta ihauteri tradizio honen kutsuak bustia da.  Halaber, auzoa Iparraldeko independentisten bilgune da, hots, Frantzia aldekoena. Sinplifikazio azkar batek iradoki dezakeen terroristen habia izatetik urruti, euskara entzun daitekeen auzoa da, bertan dituzte aretoak elkarte abertzale askok eta jakobinismo frantziarrak ez du han lur emankorrena aurkitzen. Euskal Museora ematen duen zubia gurutzaturik, Baiona Tipia beste auzoa ere bada, alokairuak apurtxo bat merkeago dituena, bio produktuak eta baita oso legezkoak ez direnak ere aurki daitezkeen lekua, taberna txiki eta liburudenda onen parajea.

Presidentegaiaren bisitaldiaren kalapitaren ingurukoei erreparatuta ikusten dira: militante sozialistak, militante abertzaleak, deparatamendu baten alde tendentzia desberdinekoak biltzen dituen Batera plataformako militanteak, AHT berriaren aurkakoak… Kandidatoari trufa egiten zion Bizi talde ekologistaren pankarta batean irakur zitekeen: “7 egunetik 7 lan egin, 77 urte arte”. Bere txikitasunari buruzko txiste gordinak ere entzuten ziren. Hain baionarra den buila bizi hau, biolentziaren goralpena baino, arrautzak apurtzen dituen horietakoa da, bertako bizitza politiko eta demokratikoaren erakustaldi ahaltsua eta, batez ere, bronka eta trufaren tradizio oso landua eta aspaldikoa. Gertaeraren dramatizazioa ingurugiro elektoralak sortu bide du eta, nire iritziz, klase politiko paristarrak duen euskal dosierrari buruzko ezezagutza egoskorrak ere bai.

Baiona Tipia da jakobinismo errepublikanoarentzat, Kopenhageko Christiania ordena burgesarentzat den gauza bera. Sarkozy hauteskunde kanpaina egiten Baiona Tipian, okerreko pertsona da okerreko lekuan, popularitate indize txarrarekin, salbu eta kandidatu hau gaizki informatua izan bada, edo, nork jakin, baldin badu halako zaletasun  tipi bat probokazioarenganako.

Marie Darrieussecq

(Itzulpena: M. Darraidou/H. Etxeberria)

Bere ahotsean entzun nahi baduzu.

Baiona Tipia kanpainan

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)