Bagirak bere bide orria mugimendu abertzalearen eskuetan uzten du

Bagirak bere bide orria –

Anita Lopepe, Enbatan.


2024ko Aberri Eguna kari, Bagira prozesuaren bukaera izanen da. Bi urte inguru iraun duen gogoeta prozesuak bere emaitza plazaratu du Uztaritzen igandean, bide orri baten bitartez.

Bagirak bere bide orria

Bagira prozesuak ahalbidetu duena

Nora goazen jakiteko nondik gatozen jakin behar delako, Bagira prozesuak abertzaleek azken sei hamarkadetan egin duten bide luze eta malkartsuaz oroitu, konzientzia hartu ala irakasteko aukera eskaini du, “transmisio historikoa” deitu dugun sekuentziaren bitartez.

Begirada bat gibelerat eta beste bat aitzinerat Euskal Herriaren askatasunaren zerumugara buruz. Baina bi zangoak lurrean, gaurko errealitatean oinarriturik. Hau da abertzaleen egin beharrekoa eta egin moldea zehazteko metodoa. Egoeraren diagnostikorako zenbait iritzi partekatu agerrarazi zituzten Bagiraren inkestari emandako 1.500 erantzunek. Inkestak, bestalde, aurrera begira lehenetsi beharreko borrokak eta abertzaletasuna definitzeko oinarriak agerrarazi ditu. Kanbon, berriz, ehun bat pertsona tailerretan bildu ginen urtarrilean, mugimenduaren Jardunaldien karietara.

Prozesuak gai transbertsal ala sektorial batzuen inguruan iritzien partekatzea, eztabaidatzea, norabideak adostea ahalbidetu du. Borroka desberdinetan inplikatuak diren antolakundeen eta kideen indarrak batu ditu.

Mugimenduaren bide orria

Prozesuaren emaitza Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen bide orria da. Ondoko hamar urteetarako, mugimenduarentzat oinarri izanen diren norabideak finkatzeko anbizioa du dokumentuak.

Azken hamarkadan gertatu diren aldaketen arabera begiratu behar dugu aitzina. Ipar Euskal Herriko Mugimendu Abertzalea beste inflexio puntu batera heldu da. Lurraldeko lehen instituzioaren lorpena, borroka armatuaren bukaera eta euskal preso politikoen askapenerako aitzinamenduek egoera berri batean kokatzen dute. Haren ideiek eragiten dute, antolakundeak biderkatzen dira, mobilizazioek erakartzen dute eta hauteskundeetako emaitzak sekulako mailara heltzen dira. Baina gaurko errealitatea testuinguru globalak inposatzen digu ere: aldaketa ekologiko, ekonomiko, soziologiko eta berrantolaketa geopolitikoek hainbat urgentzia mahai gaineratzen dituzte.

Inkestaren emaitzez, emaitzen aurkezteko herriz herri egin diren bilkuretan bildu oharrez, eta Kanboko jardunaldietako ekarpenez osatu da Bide orriaren edukia. Kolorazio optimista eta proaktiboa du, eta irekidura edo hedapenaren kezka.

XXI. mendeko abertzaletasunaren oinarriak definitzeko momentuan, euskara, nazioa, lurraldea, euskal kultura, humanismoa, errepublika, ekosozialismoa, feminismoa, inklusioaz ari da bide orria.

 » XXI. mendeko abertzaletasunaren oinarriak definitzeko momentuan, euskara, nazioa, lurraldea, euskal kultura, humanismoa, errepublika, ekosozialismoa, feminismoa, inklusioaz ari da bide orria. «

Estrategia eta praktikei dagokienez, alternatibak bertatik bertara eraikitzea nagusitzen da. Aspaldian ekinbide abertzalearen logika den hori, gaur egun biziko edozein arlotara hedatu nahi da, urgentzia klimatikoari erantzuteko eta kaos sozio-ekonomikotik ateratzeko bidea delakoan, eta Euskal Herria eraikitzeko bidea ere bai. Ahalduntzeko borondate honek, egituratze instituzionalean etapa berri baten beharra ezartzen du hurrengo hamarkadarako perspektiba partekatuan.

Xantier guzi horietan ezkerreko abertzaleen ekarpena ezinbestekoa izanen da, harrokeriarik gabe, baina erantzukizunez. Kontra egin, proposatu eta eraiki.

Egiteko gelditzen dena

Bagirak bide orriaren edukia eragile eta norbanakoen eskuetan uzten du, honen gauzapena nork bere sailetik gauzatzen segitzeko. Prozesuak bere ekarpen puntuala egin du. Parte hartu duten pertsona eta antolakundeen iritziak gurutzatzea bermatu du. Bide orriak hainbat gai jorratzen ditu. Denak ez dira nahi bezainbateko sakontasunarekin landu oraindik. Eta beste hainbat jorratzekoak gelditzen dira. Errealitate demografikoak urtero milaka biztanle berri kanpotik gure herrira bizitzera ekartzen ditu. Jende guzi horiek gure jendarte proiektura nola hurbilarazi, beti ere garena ukatu eta lausotu gabe?

Nazioa eta hizkuntzaren auzia nola aitzinarazi, identitateen eta komunitateen inguruko solasak eskuin muturraren ideien gorakadak desitxuratu eta gai delikatu bilakarazi dituen honetan? Mugimenduan transmisioaren erronkari nola aurre egin, belaunaldien berritzea errextuz, baina paternalismo eta dirigismoan erori gabe?

Bide orri honen segimendua eta sakondu beharreko eztabaida transbertsalak noren esku utzi ? Zein da mugimendu abertzalearen bateragune politikoaren funtzioa duen gunea?

Galdera mota horiek azken hilabeteetako gogoeta kolektiboa elikatu dute. Eta anitz gelditzen da eztabaidatzeko. Bagirak bere agurra egiten du, baina gogoetak dirau. Anartean, gure gaurko Euskal Herria ospatzeko eta biharkoa amesteko hitzordua dugu igandean Uztaritzen. Aberri Egun on guziei!

Bagirak bere bide orria  Bagirak bere bide orria

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude