Badaflipat

Badaflipat – 

Gaur, Twitterren idatzi dudan txio-hari txiki bat dakart hona:

Egunotan, eskola publikoko irakasle izateko oposizioak (ez oposaketak!) burutzen ari dira Bilbo aldean. Tribunaletan aztertzaile dabilen lagun batek esan didanez, azterketari askotxok gaztelaniaz egiten dute beren lanaren defentsa, eskuratu nahi duten lanpostua euskaraz bada ere.

Lagunak, aztertzaile lanera deitua izan aurretik, ez zekien ezer aukera horretaz; protesta egin du, baina “lankideek” argitu diote hala dela, euskubide osoa dutela erdaraz egiteko, eta ezin dutela horren kontra ezer egin.

Laguna, urte gutxian erretiroa hartuko duena, guztiz asaldatuta dabil egunotan, beraren ordezko izango direnen profil linguistikoa ikusita, datozen belaunaldiek maisu-maistra izango dituztenei entzunda, gure ondorengo jendarteak heziketa euskaraz jasoko ote duen kezkatuta…

Eta, horren guztiaren mukuru, datorren astean, euskara orduak murriztuko dituen hezkuntza lege berriari oniritzia emango diote Eusko Legebiltzarrean.

Euskarak jai du. Lagunak badaflipa. Neuk ere badaflipat. Eta zuk, txiolari euskaldun euskaltzale horrek, zuk badaflipazu?

Badaflipat

8 pentsamendu “Badaflipat”-ri buruz

  • Nik aspaldi badaflipatzeari utzi niola. Hainbat (askotxo, lar esango nuke) maisu-maistra ezagutzen ditut, eta batzuen euskara maila negargarria da. Irakasle lanak egingo dituen horri, aldez aurretik euskarazko froga bat egitea, horren zaila al da??? Gure administrazioak, ez al dauka hori egiteko gaitasunik????

  • Neuc duela urthe batzuc baneflippan asco, orain ez daflippat batere.
    Tristea guero! Eta flippanta.
    Neu tribunalean banindago, flippaturen luquete horiec nire qualificationearequin.
    Adeitsuqui

  • Frogak epaileak behar ditu. Euskarak probak behar ditu.

  • Mikel Basabe Kortabarria 2023-12-17 22:01

    Hori horrela da, Eusko Jaurlaritzak horrela izan dadila erabaki zuelako. Jaurlaritzak badauka oposizioa hizkuntza ofizial bietan egin dadila arautzea, baina hezkuntzan inoiz ez du egin. EiTBn bai: irrati nahiz telebista publikoko kazetari izateko, probak hizkuntza bietan egin behar dira, hala ahozkoak nola idatziak.

    Hezkuntzan Jaurlaritzak ezartzen duen hizkuntza-derrigortasun bakarra hizkuntza modernoetako irakaslea izateko azterketetan dago: euskara-, gaztelania-, ingeles-, frantses- edo aleman-irakasle izan gura duenak azterketa dagokion hizkuntzan egin behar du, oso-osorik. Baina euskaraz irakasteko bada, orduan oposizioa gaztelaniaz egin daiteke.

    Nafarroan ez. Nafarroan, D ereduko irakaslea izateko nahitaez egin behar dira oposizioko azterketa guztiak euskaraz. EAEn ez, gauza jakina izan arren eskola publikoko irakasle gehienek euskaraz irakatsiko dutela, D eredua hegemonikoa delako irakaskuntza publikoko eskola eta institutuetan.

    Bestetik, datorren astean onartuko duten hezkuntza-legea aipatu duzu. Hezkuntza Legearen proiektuak jasotzen zuen “irakasleek euskarako C1 maila eta ingeles-irakasleek ingeleseko C1 maila lortzeko prestakuntza sustatuko” zela. EHBilduk zuzenketa egin zion artikulu horri eta, oker ez banago, zuzenketak aurrera egin du. Beraz, onartuko den legeak hauxe esango du: “Irakasleek euskarako C2 maila eta ingeles-irakasleek ingeleseko C1 maila lortzeko prestakuntza sustatuko da”. Aurrekoa baino hobea da, noski, baina horrek esan gura du hurrengo oposizioetan ere irakasleei (EiTBko kazetariei ez bezala) ezin izango zaiela euskarazko C2 eskatu, legeak maila apalagoa dutela aurreikusten baitu.

    Europako erreferentzia-markoak honelaxe definitzen ditu C1 eta C2 mailak:
    “C1 maila, maila autonomo edo gaitasun operatibo eraginkorra deritzona da. Maila honen ezaugarri nagusia diskurtso-sail zabal bat erabiltzeko gaitasuna da, jariotasuna eta bat-bateko komunikazioa bideratzeko aukera ematen duen diskurtsoa osatzeko gaitasuna”.
    “C2 maila, menderatze-maila deitua, ez da ama-hizkuntza duen hiztunaren gaitasuna edo horren hurbileko gaitasuna berdintzeko xedeaz sortua. Maila honen helburua goi-mailako ikasleen diskurtsoan aurkituko den hizkuntz zehaztasuna, egokitasuna eta erabilera-erraztasuna ezaugarritzea da”.

  • R. Alkarterri 2023-12-18 19:07

    Eskerrik asko argibideengatik, Mikel.

  • Daflipat ala naflipa?

  • Daflipat = Yo flipo (con eso)
    Naflipa = (eso) me flipa

  • Euskaraz ez dakiten irakasleak eskolak euskaraz ematen euskaraz ez dakiten ikasleei, eta horrela belaunaldi osoak galtzen ari dira kalitatezko hezkuntza jasotzeko esperientzia zoragarria izateko aukera, bizitzan behin bakarrik bizi daitekeena, zer eta euskararen aldarean sakrifikatuak izateko. Hor daude, kasu, PISA probetan lortutako emaitza negargarriak, ikasleko gure inbertsioaren erdia egiten duten erkidegoetakoa baino okerragoa