Bada garaia: D eredua eremu “ez euskaldun”-era

 

Espero dezagun Bilduk, Nafarroa Baik eta PSN-PSOEk Ezkerraren proposamena onartzea eta behingoz aspalditik desiraturiko aldaketa gauzatzea.

 

BADA GARAIA: D EREDUA EREMU “EZ EUSKALDUN”-ERA.

Administrazioan Euskaraz taldeak bere jarrera azaldu nahi du Nafarroako Euskararen Legea aldatzeko Ezkerrako talde parlamentarioak aurkeztutako proposamenaren aurrean.

Proposamenak irakaskuntzaren inguruko artikuluak batzea nahi du eremu mistoari eta “ez euskalduna”-ri dagokienez.

“1. Euskara irakaskuntzan sartzea mailaz maila, gero eta gehiago, eta nahikotasunez eginen da, ikastetxeetan eskatzen dutenendako euskarazko irakaskuntza duten ereduak sortuz.

2. Hezkuntza maila ez-unibertsitarioetan euskara irakatsiko zaie nahi duten ikasleei, eskolatzearen bukaeran euskararen ezagupen nahikoa izan dezaten.

3. Euskararen irakaskuntza botere publikoek bultzatua izanen da, eta hala behar izanez gero, haiek osoki edo partzialki finantzatua, sustapen eta promozio irizpideei jarraikiz eta eskariaren arabera.”

Artikuluen berrantolaketa honekin erdietsi nahi dena da D eredua zabaltzea eremu “ez euskaldun”-eko irakaskuntza publikora, eskaera nahikorik baldin badago (eremu mistoan gertatu den bezala).

Aspaldiko asmoa da eta sektore euskaltzale anitzek eskatua. UPNren eta HBren blokeoarekin oztopatu zen aldaketa hau 1995. urtean. Harrigarria HBren hanka sartzea! 2008an, batez ere asmo horrekin eremu mistoa zabaltzea planteatu zen. Orduan UPNk, CDNk eta Nafarroa Bai-ko parlamentari baten oporrek euskarazko irakaskuntza zabaltzea galarazi zuten.

Bada garaia euskarazko irakaskuntza publikoa Nafarroa osora hedatzeko.

Espero dezagun Bilduk, Nafarroa Baik eta PSN-PSOEk Ezkerraren proposamena onartzea eta behingoz aspalditik desiraturiko aldaketa gauzatzea.

2011ko azaroaren 23an.

ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA. Identifikazio Fiskalerako Kodea: G31836323.

Ordezkaria: FRANCISCO JAVIER CASTRO GONZALEZ.

Administrazioan Euskaraz Taldea

Zer duzu buruan “Bada garaia: D eredua eremu “ez euskaldun”-era”-ri buruz

  • Oso interesgarria gogoeta baina Euskal Herriko Hezkuntza eredu publikoa sortu nahi badugu, Estatuetako eredu publikoa baztertu eta Euskal Herritik abiatu beharko genuke. Euskal Herriko eredua badugu, horiek ikastolak dira, eredu hori indartu eta ahal dugunean publiko bilakatu beharko genuke. Eta ez alderantziz, zertarako behar dugu hezkuntza españolizante edo bat euskaraz? zentzu horretan oso interesgarria da http://www.euskaleskolapublikoa.com web orria. Xumea da baina orriak dion bezala zer pentsatu ematen du