Bada alternatibarik, AHT gelditzeko garaiz gaude
AHT gelditzeko garaiz gaude –
Datorren larunbatean, apirilaren 20an, Trenaren aldeko manifestazioa antolatu dute Altsasun. Sustrai Erakuntza Fundazioaren iritziz, mobilizazio honek aukera bikoitza eskaintzen digu. Batetik, Abiadura Handiko Trena (AHT) gaitzestea, proiektu antisoziala, antiekologikoa eta baliabide ekonomiko eta energetikoen xahutzailea delako. Bestetik, beste behin ere, azken urteotan egin dugun bezala, Tren Publiko eta Sozial baten beharra eskatzea, badagoelako alternatibarik.
Pertsonen eta desplazamendu beharretara eta lurraldera hobeto egokitzen diren alternatibak, iraunkorragoak, ekonomikoki eraginkorragoak, kudeaketan demokratikoagoak eta trantsizio sozioekologikorako eraginkorragoak direnak.
Azken asteotan, AHTaren obrak inposatu eta legitimatu nahi dituztenen arteko borroka eta ofentsiba mediatikoa ari gara ikusten. Horrela, Espainiako eta Nafarroako gobernuak, gehiengoa duten parlamentariak baliatuz, AHTa gehien bultzatu dutenak izateaz harrotzen dira, azken bi legegintzaldietako aurrekontuekin eta lizitazio berriekin.
Bestalde, Etxabakoizko PSISa aktibatzen da, eraikuntza enpresen mesederako. AHTrako geltoki berri baten aitzakiarekin, egungo geltokia kendu nahi dute eta lursailak askatu, 12.000 etxebizitza eraiki ahal izateko epe mugagabean, baldin eta zenbakiak ateratzen badira. Bien bitartean, PSISaren prezioa Etxabakoitzek ordaintzen jarraituko du, abandonu eta marjinazio moduan; eta praktikan jartzen bada, egungo 160 etxebizitzatan bizi diren pertsonek, ziurgabetasunaren erdian utzarazteko mehatxupean daudenak.
Azkenik, eta espekulazio festa honetan falta ez zena, ingeniarien elkargoek eta erakundeek osatutako lobby-a gobernuei 3.200 milioi euro eskatzen eta presionatzen ari da, diruaren eta obra publikoaren kontura gizentzen diren eraikuntza enpresa pribatu handien onurarako.
Horren guztiaren aurrean, beharrezkoa da gizartearen etengabeko mobilizazioa. Badira alternatibak, bidezkoak, arrazoizkoak, bideragarriak. Eta hauek aurrera eraman ahal izateko, Nafarroako lurralde osoan AHTaren inposizioa gelditu behar dugu; zundaketak geldiarazi behar ditugu; Etxabakoitzeko PSISa bertan behera gelditu behar da; galsoroak eta komunalak zementatzen jarraitzea, gure mendiak zulatzea eta Ebro gainean zubiak eraikitzea eragotzi behar dugu, (9 zatietatik, zubi bakarra dago exekuzioan); AHTaren aurrekontuak baztertu behar dira, eta aurrekontuak eskatu behar dira egungo azpiegitura eta linea hobetzeko, zerbitzuak handitzeko, geltokiak irekitzeko eta trenbideko langileak gehitzeko.
Alternatiben garaian gaude, AHT gelditzeko garaiz gaude.