Azpikeriaz sinatutako ituna
Azpikeriaz sinatutako ituna –
Gaur, apirilaren 14an, Nafarroako Hezkuntza Departamentuak eta ANPE, AFAPNA eta UGT sindikatuek Hezkuntza Publikorako beste itun bat sinatuko dute, jakinda ordezkaritzaren gutxiengoa dutela. Aldiz, gehiengoa osatzen dugun sindikatuontzat, STEILAS, LAB, CCOO eta ELA, itun hori ez da aski inola ere. Itunean jasotako hobekuntzak mobilizazioari esker lortu dira, ikasturte hasieran Departamentua ez baitzegoen prest inongo aldaketarik egiteko, azken urteotan egon ez den bezala. Gainera, hobetu diren arloak, gehienbat, lau sindikatuon proposamenak izan dira eta ez ituna sinatuko dutenena, ANPE, AFAPNA eta UGTrenak, alegia.
Sindikatu guztiok batera joan ginen azaroaren bukaera arte, baina, zoritxarrez, ANPEk, AFAPNAk eta UGTk erabaki zuten aurreakordio eskasa izenpetzea eta Gobernuari lagundu zioten mobilizazioa oztopatzen, jarrera kolaborazionista ulertezina erakutsita. Horretaz gain, sindikatuek ez eskatu arren, Departamentuak lotu zuen aurreakordioaren ezarpena, mehatxupean eramandako itun berri baten negoziazio azkarrarekin. Hala ere, ez zuten mobilizazioa gelditzea erdietsi, urtarrileko greban irakasle askok parte hartu baitzuen.
Hiru greba egunen ondoren, hemen gauden sindikatuok erabaki genuen zazpi lanuzte egitea, Nafarroako zazpi eskualdetan, mobilizazioari eusteko eta irakasleon kezkak eta proposamenak biltzeko eta eztabaidatzeko. Iruñerriko elkarretaratzeak eta asanbladak ibilbide honen azkenak dira. Jasotako guztiarekin, erabakiko dugu zer bide jorratu behar den borrokari eusteko, Hezkuntza Publikoaren arazoak ez baitira konponduko itun horrekin.
Zergatik da horren eskasa aipatu ituna?
Ratioak
Ratioen jaitsiera oso urruti gelditu da zazpi sindikatuen proposamenetik. Gainera, lanbide heziketan eta batxilergoan ez da batere hobekuntzarik izan, ezta landa eremuko eskoletan ere, edo orientatzaileen ratioetan. Bestalde, murrizketa bat ezarri dute: ikasle errepikatzaileak ez dira aintzat hartuko ratioa kalkulatzeko eta, beraz, ikasgeletan ez da ia inolako ratio jaitsierarik gertatuko, ez 23 ikasletara Lehen Hezkuntzan ez eta 28tara Bigarren Hezkuntzan ere.
Lan gainzama
Proposatutako neurriak oso zehazgabeak dira eta gehienak burokrazia “arintzearekin” lotuta daude. Ratioen eta irakaskuntza zuzeneko saioen jaitsiera etapa guztietan dira neurri eraginkorrak lanzama murrizteko. Irakaskuntza zuzeneko saioen jaitsiera ez da agertzen.
Soldatak
Lansariei buruz egiten den aipamen bakarra da hezkuntza publikoaren mahai sektorialeko proposamena eramanen dela funtzio publikoaren mahai orokorrera, konpromisorik hartu gabe.
Egonkortasuna
Atal horretan berdin jarraitzen dugu eta bakarrik aipatzen da “egiturazko” interinitatea. Ezengonkortasunak bere horretan iraunen du, interinitate erreala jaisteko borandaterik ez dagoelako.
…
STEILAS – LAB – CCOO – ELA