Azkuaren magaletik

Azkuaren magaletik –

Urte berriarekin batera biltzarrak iristen zaizkigu handik  eta hemendik, eta horretaz emandako aukerari muzin egin gabe, -beharbada ez lukeen bezala- baina heldu egingo diot.

Egia da, urte asko dira lantegi batean sartzen ez naizela, baina han edo hemen ikus eta entzuten denari, erantzun egokia ematekotan, zerbait aldatu beharrean gaude.

Pena da baina horrela ikusten dut. Duela ez hainbeste ezagutu dugun elkarganako babes eta solidaritate irmo hura, ahultzen doa langile munduan.

Duela urte asko, ez dut mitin bat ere eman, ezta prentsa aurrekorik edo hitzaldirik ere, baina garai batean maiz erabili nuen esaldi bat gogorarazi nahi dut -egokia iruditzen zaidalako- hau: “Diruak, kapitalak, beldurra dioenari baino, ez du errespetatzen.”

Agian horregatik, denbora luzez gure lurraldean lider izan diren enpresa handi eta garrantzitsuaren egoera ikusita, ez dut uste gehiegizkoa denik esatea, borrokarik gabeAltos Hornos de Vizcaya itxi zuten egoera arriskutsura hurbiltzen ari garela.

Nire ustez, horregatik jendeak ez du klaseen arteko banaketaz hitz egin nahi, baina epe luzera, langilea da aldaketarako gaitasun aski izan beharko duena.

Badakit, poliki bada ere, egoera aldatuz doa, eta klaseen aurrez-aurreko zahar eta anker honetan, gero eta gehiago behar ditugunak, etorkinak dira. Duela Hamarkada batzuk bezala, gaur ere, etorkin sustrai argirik gabe datorren pertsona da. Bere herrian zanpatutakoa, herritik kanporatu dutena. Hauek esku zabalik jaso, berarekin lan egin eta kosta egingo bada ere, luzera begira funtsezkoa izango da.

Arrazoia argia da, langilea ez da sekula aske izango nazio batek zapaltzen duen neurrian. Langilea, bere etorkizunaren jabe izango bada, aldarrikapen hori ongi barneratua behar du. Bere etorkizun ekonomiko-ideologikoaren jabe izan behar du. Hor azaltzen zaigu aldarrikapen nazionala.

Gaur egun, -duela hamarkadak bezala- euskal burgesia txikiaren posibilitate iraultzaileak mahai gaineratu daitezke, baina langile munduan gehiago ez sakontzea oker handia da.

Politika egiteko era ere, asko aldatu da azken hamarkada hauetan, eta ez bakarrik ezker abertzalearen inguruan, baina batez ere inguru horietan. Dena dela, badira oraindik bere burua asanbleariotzat aldarrikatzen duenik, eta neurrian bada ere, ezaugarri, aztarna edo detaile asanblearioak egon badaude, nahiz garai hartako batzarrak beste gauza bat ziren.

Batzarrak irekiak ziren, herri guztiak parte hartzeko aukera zeukan. Bukaeran proposamen zuzen eta zehatzak onartzen ziren. Gehienetan, proposamen horiek ildo batetik joaten ziren, ezker abertzalearen ildotik, alegia.

Aurrera, baita atzerako urratsak ezagutu ditugu, are gehiago gaur egun. Baina ala ere, historian zehar herriak askatasun handiagoa lortuz doaz, herrien askatze prozesua ildo historikoaren baitago, eta ez bakarrik herriak, gizakia ere bai. Gertatzen dena zera baita, nazioa bera, gizakiaren aldarrikapen eta dimentsioa dela, era berean.

Bertatik bertara begiratuz, gaur egun jorratzen ari garen bidea, -nahiz askatasun tresnarik ez eduki bere baitan- aurrera pausoak emateko aukera eskaintzen duen bide bakarra da. Hori bai, lehen aipatu bezala, ez dugu epe motz-ertainean askatasun arrastorik sumatuko, baina garaipen partzialak lortzeko aukerak bai, eta horiek ditugu beharrezko aurrera begira.

Beti izan da horrela, garaipen partzialari ez zaio sekula uko egin behar, ezin da “dena edo ezer ez” dinamikan murgildu. Bide horretan nork uka, denon artean lortutako koiuntura zehatza eta garrantzitsua dela gaurkoa, nahiz nire izaera koiunturarekin baino historiarekin dagoen.

Inork ez daki, ez dakigu askatasuna osoa sekula erdietsiko dugun, beraz, beti borrokatu behar izango da askatasunaren alde. Horregatik garaipenak lortzen ditugunean -nahiz partziala izan- horiek ez galtzeko beti egon beharko dugu borrokarako prest.

EH Bilduri dagokionez, ez dakit aurrera pausuak lortuko dituena bera izango den ala ez, baina -nire ustez- EH Bildu ez bada, bertatik “sortutako” den zerbait izango da.

Gaur egungo egoeran, sektore horretan, fenomeno sozio-ekonomiko, kultural-politiko horretan dagoela, aldaketarako ahalmena argi ikusten dut. Sektore hori baita sormena, kontzientzia kritikoa, eta botere arkaiko-atzerakoiekiko aurrez-aurrekoa dagoen eremua.

Laburbilduz, hor aldaketarako ahalmen aski ikusten dut, iraultza hitza sobera potoloa baita.

Bide horretan, inguruko estrategiak kontuan hartzekoak dira, batez ere, Catalunyan sufritzen ari diren erasoari emandako erantzunak. Baina nire ustez tentu handiz eta hanka sartu gabe, laguntza guztiak ez baitira mesedegarri izaten.

Egia da, euskaldunak urte luzeetako esperientzia dugula antzeko egoeretan, bale, egia da. Baina zintzotasunez lagundu bai, hori bai, baina muturra sartzerik gabe.

Amaitzeko, itsasoan bizi diren bi espezieri buruzko metafora txiki bat aurkeztuko dizuet. Antz  fisiko nabaria dute, eta oso preziatuak dira euskal sukaldaritzan. Hala ere, argi dago, txitxarroa eta berdela ez direla gauza bera.

Azkuaren magaletik

Azkuaren magaletik  Azkuaren magaletik  Azkuaren magaletik

Etxalartutako donostiarra. Idazlea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude