Azken saialdia
Azken saialdia –
Legealdi honen hondarrean uste ziurrenik ustel bat izan dut buruan. Pentsatu izan dut ia ezinezkoa zela Nafarroako Parlamentuan dagoen indar korrelazioari eustea, Aldaketa oso boto gutxigatik etorri zelako eta oraingoan Erregimen zaharreko indarrek bere ordezkaritzari eutsi eta baliteekeelako zertxobait handitzea. Kontrara, ziurtzat jotzen nuen Aldaketak Iruñeko alkatetzari eustea, gauzak ongi samar egin direlako eta Joseba Asironek boto asko arrantzatuko dituelako EH Bilduren ohiko esparru ideologikotik at.
Baina aitortu behar dut azken aste honetan pentsamenduak penduluarena egin didala eta orain ziurtzat jotzen dudala Aldaketak Nafarroako Parlamentuan irabaztea baina Joseba Asironek ez errepikatzea alkate bezala.
Badirudi Vox alderdi ultraeskuindarrak lortuko duela Parlamentuan sartzea eta, horri esker, oraingo Aldaketaren indarrek Navarra Sumak eta PSNk baino parlamentari gehiago izanen dituztela; eta, beraz, aukerak egon daitezkeela lau alderdiek sostengaturiko gobernua errepikatzeko.
Baina Iruñean, ai, Iruñean… Ematen du ezker abertzaleak bultzaturiko koalizioak inoizko emaitzarik onenak erdietsiko dituela, baina hori ez dela nahikoa izanen Asiron alkate izateko. Zergatik? Bada, Aldaketak Iruñean EH Bilduren, Geroa Bairen eta ezker espainolaren beharra duelako eta azken horrek hiru hautagaitza ezberdin aurkeztu dituelako igandeko hauteskundeetarako.
Inkestek diote balitekeela Podemosek, Izquierda-Ezkerrak eta Aranzadik botoen %13 inguru batzea, baina, era berean, balitekeela hiru horietako inork ez lortzea zinegotzirik, hautetsi banaketan sartzeko %5aren langa gainditu behar baita.
Beraz, bertze askok azken orduetan egin izan duten bezala, eta errespetu osoz, baina neuk ere zera eskatu nahi diet Podemos, Izquierda-Ezkerra eta/edo Aranzadikoei. Mesedez, faborez, otoi eta arren, zuetako batek egin dezala urrats ausart bat gibelera, bertan behera utz dezala bere hautagaitza eta eskuzabaltasun osoz eska dezala botoa bertze biendako. Animo!
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko maiatzaren 21ekoa]