Azken erabakia
Azken erabakia –
Frankismo bete betean jaio zen ETA erakundea, diktadura bati aurre egiteko fronte klandestino gisa. Ezin bestela izan errepresio frankista nagusi zen garai haietan eta oraindik altxamendu faxistak eragindako gorpuak bero zeudenean.
Ni jaio nintzen urtean dagoeneko armak hartuak zituzten militante klandestinoek eta lehenengo hildakoen ondoren arma harrabotsa izan zen nagusi bazter guztietan; 50 urte iraun duen pistola eta metraileta ezberdinen mintzoa.
1968an jaio nintzen, eta 50 urtez bizi izan dut biolentzia nire inguruan. Polizia eta talde paramilitarrena maiz, eta ETArena usu.
Ekintza armatuek aurrera egin ahala, eta militarrek zuzendutako trantsizioan murgilduta, estatuaren errepresioari eta bidegabekeriei ETAk ankerkeria itsuz erantzun zion, eta jarrera horrek isolamendura eroateaz gain, balore etikoak galtzera eraman zuen.
Negar egin nuen Josu Muguruza eta Santi Brouard erail zituztenean, baina barrenak txikitu zitzaizkidan Miguel Angel Blancoren exekuzioarekin. Aurretik ere kritiko nintzen ETAren jardun armatuak hartutako bidearekin (Hipercor, Vic, Zaragoza…), baina PPko zinegotziaren hilketarekin nire barne marra gorri guztiak zeharkatu zituzten bai ETAk bai ekinbide armatu hori justifikatzen zuten militante politikoek. Sekulako tristezia eragin zidan inguruko lagun askok tamaina horretako krudelkeria onartzeak.
Handik urtebete pasatxora ETAk tregua aldebakarrekoa eta mugagabea iragarri zuen eta denok, ilusioa begietan, bukaera zela pentsatu genuen. Tamalez ez zen horrela izan, eta beste 20 urte itxaron behar izan ditugu erakundea desegin den arte.
Azken erabakiaren ondoren, preso eta errefuxiatuen auzia konpondu beharrarekin batera, hilketa, tortura eta desagerpen guztiak argitu beharko dira. Memoria eta erreparazioa.
Amaitzeko, Joseba Sarrionandiak 1998an tregua garaian esandako hitzak nahi nituzke gogora ekarri, berreskura ditzagun eta egin ditzagun gure:
«Itzelezko itxaropena piztu da, baina itxaropen hori ez dadila izan nahi dugun herria itxaroteko asmoa, baizik eta nahi dugun herria egiteko gogoa».