Autorik gabeko mundua

Autorik gabeko mundua –

Enbata Hilabetekariko Sar Hitza

Jar gaitezen bide bazter batetik errepidera begira. Bost minutuz. Eguneko edozein tenoretan eta edozein bidetan. Eta zenba dezagun bost minutu horietan zenbat pertsona pasatu diren ibilgailu batetik. Goizeko sei eta erditan, bigarren mailako ardatz batean, 25 pertsona pasa litezke. Egin kontu beste tenore batez eta ardatz garrantzitsuago batean zenbat pertsona pasatzen diren minutuko. Kolorezta dezagun gure errepide mapa trafiko dentsitatearen arabera. Has gaitezen kalkulatzen. Zenbat tren bagoi bete litezke minutuko, bide horietan dabilen jende guztia trenez joan baledi?

Autorik gabeko mundua

Amets egitea doan eta libre baita, irudika dezagun garraio pribatu eta indibidualik gabeko mundu bat. Mundu horretan izanen lirateke garraio publiko eta kolektiboak (trenak, autobusak, tranbiak, hibridoak…) behar adina maiztasunekin, denek jarririk bidaiatu ahal izateko eta lineen arteko konexio onak segurtatzeko.

Irudika dezagun Euskal Herriko mapa (eta Europakoa, mundukoa…) hiri handietako metro edo autobus mapa bezala. Adibidez, linea nagusi batek lotuko lituzke Baiona eta Bilbo, tartean hainbat geltokirekin. Geltoki batzuk izanen lirateke hainbat linearen gurutza-leku, metro sistema batean bezala, nahiz eta, bistan denez, metro sistema bat baino konplexuagoa litzatekeen.

Jadanik suma daiteke norbait eskua altxatzen, erranez, hori ez litzatekeela hain sinple herri ttipietan edo herritik aparte bizi direnentzat. Bego ohar hori geroko.

Lehenik, ohar gaitezen bideko trafiko gehien-gehiena ardatz beretatik pasatzen dela, bide nagusiak autoz emokatuak direla. Teorian ez da zentzugabea ardatz nagusietatik autoak kentzearen ideia. Zentzugabea dena da hainbeste mila pertsonak bide bera egitea beti, eta bakoitza bere autoan ibiltzea.

Autorik gabeko munduaBigarren mailako errepideetan (herri ttipietara doazen bideetan) ez ote litzateke posible horrelako sistema bat? Herri ttipietara zein maiztasunekin joan litezke lineak? Edo zein malgutasunekin antola liteke garraio publikoa? Nahi izanez gero, aterabideak aurki litezke. Galdera berak egin litezke gauazko zerbitzuaz. Eta azkenik, nola joan bazter batean edo gain batean dagoen etxe isolatura? Horrek ere aterabidea izan lezake. Hasteko, zenbat etxe dira, zinez isolatuak? Eta bestetik, orain ari gara ikusten lurralde antolaketa eredu horren kalteak.

Teknologian aldaketa handiak egiten ari dira urtetik urtera, eta jadanik iragarriak dituzte gidaririk gabeko autoak, epe aski laburrean. Alokatzen diren bizikleten edo Uber sistemaren bidetik, zenbait urteren buruan ez ote litzateke posible izanen gidaririk gabeko autoak erabiltzea herriko plazatik etxeraino joan ahal izateko? Eskaintza hori ere garraio sistema publiko horren parte litzateke. Segi dezagun ametsetan. Autoaren esklabutzatik libratuko garenean, urte batean trantsituan metatzen ditugun oren horiei probetxu handia aterako genieke. Autotik libratzeak, nahi ala ez, bizimodua bera irauliko luke, produkzio eta kontsumo ohituretatik hasita. Halaber, garraio publiko sarearen eta argitaletxeen edota prentsaren arteko hitzarmen komertzialak sustatuz, jendeak anitzez gehiago irakurtzeko astia izanen luke, literaturarentzako eta prentsarentzako hats berri bat litzateke.

Iratzargailuak jo du. Zorigaitzez, garraio publikoa sustatzeko zenbait neurri mugatuz aparte, ez dirudi mundua horretara begira dagoenik. Ez enpresa handiak, ez herritar xeheak. Biribilguneak, ordainlekuak eta jaka horiak ere autoaren sinboloak dira. Bizkitartean, garraio indibiduala, petrolioarekin edo argindarrarekin, ez da bideragarria. Segi dezagun amesten eta ametsa sozializatzen.

Eneko Bidegain

Autorik gabeko mundua
Autorik gabeko mundua
Autorik gabeko mundua

6 pentsamendu “Autorik gabeko mundua”-ri buruz

  • euskaldun bat 2019-04-16 23:48

    Oraingo kotxe autonomo eta kontu guzti honetatik gutxien jasaten dudana, kotxeak Internetera konektatuta egoteko dagoen obsesioa da. Askotan irakurri izan dut, kotxe autonomoekin jendeak kotxeko denbora Interneten ibiltzeko aprobetsatuko lukeela, online komertzioa asko haziko litzatekeela etab. Denak asmo berarekin dabiltza: publizitateaz josi eta Internetera entxufatuta izan jendea erosi eta erosi. Online erosi, zertarako eta gero paketeak zure etxera eramateko inondik ere jasangarria ez den kontsumo eredu bat elikatuz. Baina hori bai, kotxe elektriko autonomoan zoaz ezer kutsatu gabe! Bla, bla, bla, bla!! Batzuk nahi duten bezalako mundua, mundu posible bakartzat ikusarazten dizute eta hori aurrerapena dela sinestarazten dizute. Nazka ematen duen mundua! Eta okerrena da, artikulua ondo antzean hasi duzula baina beste profeta mesianiko horien pare amaitu duzula: “Autotik libratzeak, nahi ala ez, bizimodua bera irauliko luke, produkzio eta kontsumo ohituretatik hasita. Halaber, garraio publiko sarearen eta argitaletxeen edota prentsaren arteko hitzarmen komertzialak sustatuz, jendeak anitzez gehiago irakurtzeko astia izanen luke, literaturarentzako eta prentsarentzako hats berri bat litzateke.” Eta hori irakurri dudanean, pentsatu dut: “ederki izorratu dik!”. Ni kotxean noanean paisaiei, herriei, hodeiei, pertsonei begiratzen egoten naiz eta liburuak herriko ELKARen erosten ditut bertako langileekin hitz eginez eta beraiei aholkuak eskatuz, eta alboko dendetan eguneroko erosketak egin ostean etxera joaten naiz etxeko bakean liburua irakurtzera. Gizatasunik gabeko erosketak ez ditut egiten.

  • Eneko Bidegain 2019-04-17 12:09

    Inolako unetan ez dut idatzi liburuak ez dituzunik herriko ELKARen erosi behar edo “gizatasunik gabeko erosketak” egin behar dituzula. Eta etxean irakurri nahi badituzu, eta bidaia iragan paisaiei begira, ederki. Hori ere ez dizut galarazten.

  • euskaldun bat 2019-04-17 16:41

    Ez, ez duzu esan ELKAR denda fisikoan erosi behar ez denik, baina gaizki ez badizut ulertu, kotxe autonomoan goazen denboran online komertzioaz mintzo zara. Eta horixe da nahi dutena batzuk, Internetera entxufatuta bizitzea, dena monitorizatuta edukitzea; kriston abantailen izenean gainera, eta txusmak (inoiz baino txusmagoa gaur egungoa) “abantaila” guztiak besarkatzen ditu. Eta horrela goaz… Ulertu duzu zer esan nahi nuen, ez?

  • Eneko Bidegain 2019-04-17 16:47

    Nik idatzi ez dudan zerbaitez ari zara. Online komertziorik ez dut aipatu. Are gehiago, auto autonomoetan jarri duzu arreta, baina nire artikulua batez ere autobus edo tren zerbitzuez da, eta auto autonomoena aipatzen dut erdiguneetatik oso bazterrean gelditzen direnentzako, erdigunetik beren etxeetara heltzeko bide gisa (bestela beti dauzkazulako batzuk errateko, zure ideia oso ongi, baina gu bizi garen tokira ezin da autobusik edo trenik iritsi).

  • Berandu baino lehen etorriko den eskasia energetikoarentzat irtenbide originalak aurkitu beharko dira, dudarik gabe. Eszenario ez hain hipotetiko horretan ziurrenik trena izango da ibilgailu herrikoiena, baina zeuk esan bezala ibar nagusiez aparteko ehundaka herri geratzen dira ekuazio guztiez at.
    Auto elektrikoa ez da erantzuna, aurreranzko ihesaldia baizik, eta ongi dakite hori agintzen dutenek. Bejondeizula epe ez hain luzeko arazoetan begirada jartzeagatik

  • Petrolioaren lehen krisia gertatu zenean, 1973n, askok pentsatu zuten autoarenak egina zuela, baina ez zuen egin.
    Gero, milurteko berriarekin prezioa gora hasi zen, eskasia hurbil ikusten zen, eta kalkulu berdinak atera ziren. Baina eskistoen ustiapena eta fracking etorri eta orain, diote, luzaroko erretserbak badira…
    Beste zerbait bilatu beharko da. Ernatzen ez badira, gaixo gazteak…