Autonomiatik independentziara?
Autonomiatik independentziara? –
“Oso ezberdina da edozein botere —nahiz eta autonomia estatutu bat izan— zuk lortzea, zuk inposatzea, zuk kontrolatzea, herriak behetik gora lortutakoa izatea, edo botere hori emandakoa eta eratorria izatea, eta konstituzio batetik eta Espainiako Gorte batzuetatik datorren botere bat izatea”.
Izen hau jarri zion Espainiak autonomiari: Ley Orgánica 3/1979, de 18 de diciembre, de Estatuto de Autonomía para el País Vasco. Pnv-k aldeko botoa eskatu zuen; hb-k, berriz, abstentzioa. Abstentzio handi batekin baina onartua izan zen, erreferendum baten bidez.
Hasieran independentziarako pauso bat balitz bezala aurkeztu bazuen ere, urteak pasa ahala, lehenak ez omen zuen sinesten autonomian. Hauxe esan zuen Xabier Arzallusek 2000. urtean: “No creo en la autonomía. No es una solución. Para el País Vasco es necesaria una independencia dentro de las instituciones europeas, como probablemente hará Escocia” (“Ez dut sinesten autonomian. Ez da irtenbide bat. Euskadik independentzia behar du Europako erakundeen barruan, Eskoziak bezala; Eskoziak, seguruena, hortik joko du”). IL SOLE 24 HORE 2000-11-02
Eta bigarrenak, abstentzioaren aldekoa izan arren hasieran, independentziarantz joateko lehen pausotzat zuen autonomia 2007an. Beste hau esan zuen Otegik 2007ko martxoaren 3an Anaitasuna kiroldegian: “Arnaldo Otegi, que cerró el acto, destacó que la apuesta autonomista es la «primera estación» hacia la independencia de las siete provincias vascas” (“Arnaldo Otegik ekitaldia itxi zuen, eta azpimarratu zuen autonomismoaren aldeko apustua «lehen geltokia» dela zazpi euskal probintzien independentziarako bidean”). El periódico de Extremadura 2007-03-04
Orreagako Joseba Ariznabarretak, ordea, taldearen betiko iritziari jarraikiz, honela hitz egin zuen 2012an: “Oso ezberdina da edozein botere —nahiz eta autonomia estatutu bat izan— zuk lortzea, zuk inposatzea, zuk kontrolatzea, herriak behetik gora lortutakoa izatea, edo botere hori emandakoa eta eratorria izatea, eta konstituzio batetik eta Espainiako Gorte batzuetatik datorren botere bat izatea”. Joseba Ariznabarreta, “Aro berria?” hitzaldia. Gasteiz 2012-05-29
Autonomia Estatutua Espainiako Konstituziotik dator. Bertatik datozkio, hortaz, legitimitatea eta legalitatea. Botere espainolaren administrazio bat besterik ez da, Espainiaren zereginak Euskal Herrian betearazteko tresna bat. Hori ez da autonomia; heteronomia da, hau da, norberaren borondatetik kanpo dauden aginduak betetzera derrigortua izatea. Inoiz ez da izan, ezta izango ere, independentziarako urrats bat.
Ikus ditzagun lege horren testuan erabiltzen diren terminoak eta esaldiak:
“De acuerdo con la Constitución”, “de acuerdo con las Leyes Generales del Estado”, “Los derechos y deberes fundamentales de los ciudadanos del País Vasco son los establecidos en la Constitución”, “sin perjuicio de lo establecido en el artículo 149.1.18.a de la Constitución”, “conforme a la legislación general”, “en coordinación con el Estado”.
Zure etsaiak, herri bat garela ukatzen dizun horrek, desagerrarazi nahi zaituen horrek zerbait “ematen” dizunean, haren intereserako da, beti. Eta, horrela ez dela ikusten duenean, kendu egingo dizu, kito. Baina ez da gutxi autonomiarekin lortu duena; penagarria guretzat, txalotzekoa trikimailu hura asmatu zutenentzat.
Gure herria zatitu du. Espainiaren menpe dagoen Euskal Herriaren zatia bitan banatu du: EAE eta Foru Komunitatea. Autonomia Estatutuak eragindako bi puska horien arteko arrakala gero eta handiagoa da. Nafar erresuma probintziarekin identifikatzen du, “País Vasco” eta Euskadi hiru probintzietara murrizten du eta, oro har, zatiketa administratibo batek beste zatiketa sakonago batzuk bultzatzen ditu.
Administrazio ezberdinak ezarri dizkigute eta, horren ondorioz, jasotzen dugun informazioa eta estatistika guztiak banandurik datoz; etsaiak oso ondo zaintzen du banaketa hori. Ez dugu inoiz ahaztu behar hark zatitutakoa ez duela inolaz ere inoiz berriro elkartzen utziko.
Euskal nortasuna ahuldu du. Telebista, irrati eta komunikabide guztietan (baita bertakoak direla esaten dutenetan ere) Espainiako gertakizunak gureak balira bezala aurkezten dizkigute, gure idiosinkrasia eta erreferentziak berenekin ordezkatzeko; Euskal Herria Espainiaren zati bat dela txertatu nahi digute burmuinean.
Espainiako gertakizunak gureak balira bezala sentitzen ditugu; gure zentraltasuna eta erreferentziak gero eta urriagoak dira, Espainiakoen mesedetan.
Indarrez lapurtu ziguten independentziarako grina eta indarra ia ezerezean utzi ditu. Espainiak ematen dizkigun apurren zain egotea ari da nagusitzen gure helburuen artean. Herri aske bat izateko inolako aukerarik ez dugula, ezinezkoa dela sartu digute gure burmuinetan, ez dagoela horretarako biderik, ezinezkoa dela estrategia hori marraztea.
EAEko Autonomia Estatutuak dio bi hizkuntza ofizial daudela berak kudeatzen duen Euskal Herriaren zatian: euskara eta espainola. Baina lurralde horretan, Espainian bezala, espainola da hizkuntza ofizial bakarra, espainola da derrigorrez ikasi eta jakin behar den hizkuntza bakarra; horra hor haren ofizialtasuna.
Bi hizkuntza dauden lekuan beti da hegemonikoa horietako bat, eta menpekoa bestea. Indarrean dagoen autonomiarekin, Espainiak eta espainolak dute boterea, espainola da hizkuntza hegemonikoa, eta euskara menpekoa. Espainola jakitea derrigorrezkoa izateak eta euskarak soilik erabiltzeko eskubidea izateak kinka larrian jartzen du gure hizkuntza. Egoera horretan, desagertzeko bidean da euskara; denbora kontua besterik ez da.
Argi dago zein den independentzia lortzeko erabili behar dugun bidea: gauden egoerara ekarri gaituen bidearen guztiz kontrakoa. Herri aske bat izatearen desioa indartu behar dugu, independentzia posiblea dela barneratu, eta hori lortzeko bidea marraztu. Gauza bakarra izan behar dugu argi: gure instituzioak sortu behar ditugula; autonomiak ezarritako bidea antzua dela, Espainiak gu asimilatzera garamatzala.
Autonomiaren bidea erabat baztertzeak beste bide batzuen bila jarriko gaitu, indargune berriak sortzen. Botere txikiak izango dira hasieran, baina guk lortutakoak, guk inposatutakoak, guk kontrolatutakoak, herriak behetik gora lortutakoak, ez Espainiako Konstituziotik eratorriak.
Iñaki Gezalaga
Orreagako kidea