‘Autoeskolero’ madarikatuen garaia
Urte guztian zehar ohituta egoten gara, herri barnean autoa gidatzen goazenean, ‘eroak’ sahiesten. Oso azkar gelditzen dira, gutxien espero duzun lekuan, gutxien espero duzun unean. Langile finak bai, baina, gidari eskasak. ‘Eroak’ derrepentean hasten dira martxa atrasarekin maniobra arraroak egiten eta normalean lana amaituta presa izaten dute. Mota askotakoak daude; fruteroak, basureroak, panaderoak, pasteleroak… eta uda amaieran batez ere, ‘autoeskolero’ madarikatuak.
Madarikatuak bai, mila aldiz madarikatuak hainbat gidariren ahotan. Jendeak segituan ahazten du gidatzen ere ikasi behar dela, eurak ere noizbait ‘ero’, zehazki autoeskolero izan zirela. Presak agintzen du galtzadan. Nork ez du oroitzen bada gidari hasiberri garaia, dena berria zen garaia, bost gauza batera egiteak besoak izerditzen zituen garaia; enbragea, azeleragailua, balazta, kanbioak, parabrisasa, argiak…. “AAAAA!” Izugarria zen lehen egun haietan ezta? Bada ez diezaiegun zailagoa egin oraingo hasiberriei!
Uda amaieran kaleak ‘ero’ hasiberri hauen betetzen dira, badakizue, gehienak ikasleak direnez, oporraldia baliatzen dute karnet madarikatua ateratzeko. Mila aldiz madarikatua ikasleen ahotan. Azterketa teorikoa gora eta behera; “linea discontinua”, “preferencia de señales luminosas”, “velocidad genérica” eta “gauza garrantzitsu” gehiago. “Esandidate” ugari ahotan, beldurra airean. “Jo esan didate galdera hau sartzen dela!”, “Jo esan didate testetan agertzen ez diren beste galdera hauek ere galdetzen dituztela! Kabroiak!” eta “esandidate” eta “esandidate”, beti “esandidate”. Gauza ez da aldatzen praktikoarekin. “Hi esan zidatek Azpeitiko kruze hua segundan hartuz gero kakaztu dekela!”, “Bai, no jodas!!”, “Bai! Eta Tatxer tokatze bazaik examinadora kakaztu dek!”, “Ostiaaaa….”. Denak elkarri beldurra sartuz, errepikatzaileen istorio beldurgarriak entzuten. Ia kondaira direnak, kondaira madarikatuak. Mila aldiz madarikatuak maisuen ahotan.
Eta azkenean zer? Zertarako hori guztia? 120Km/h jartzen duen lekuetan 145Km/h-ra joateko, zebrabideetan ez gelditzeko, Stopak saltatzeko, segapototik hitz egiteko gidatzen goazen bitartean eta noski ‘autoeskolero’ mantsoak madarikatzeko… madarikatuak!