Aurten ikasi ditugun 20 hitz eta ahaztu ditugun beste bi

Aurten ikasi ditugun 20 hitz eta ahaztu ditugun beste bi – Aurten ikasi ditugun 20 hitz eta ahaztu ditugun beste bi

Tira, den-denak ez ditugu aurten ikasi, batzuk lehendik ezagunak genituen. Baina aurten ahotan ibili ditugulako edo albiste izan direlako sartu ditugu zerrenda honetan. Eta ahaztu ditugun horiek ere ez ditugu bat-batean gure oroimenetik ezabatu, jakina, baina galbidean jarri ditugu amaitzear dugun 2019 honetan. Bai ikasi ditugunak, bai ahaztu ditugunak urtea nola eta zertan joan zaigun errepasatzeko aitzakia dira guretzat, eta zerrenda honek, pentsatuko duzunez, ez du hori baino goragoko asmorik.

Hauexek dira, beraz, hautatu ditugun #2019koHitzak:

1) Urte berria Euskaltzaindiaren arau berri eta aipagarri batekin hasi genuen. Ez «diru-laguntza» eta ez «diru laguntza»… «dirulaguntza» idatzi behar dugula erabaki zuen Akademiak urtarrilean. Eta, dagoeneko, gero eta gutxiagotan ikusten dira zuriunez edo marratxoz banatutako “dirulaguntzak”, euskaldunok arauen jarraitzaile finak garen seinale, antza.

2) Eta, berrikuntzekin jarraituz, kalapita ugari sortu dira aurten enpresa-eredu berriek ekarri dizkiguten «ibilgailu gidaridun» edo «VTC» famatu horiekin. Gogoratuko duzunez, taxilariek grebak ere egin zituzten Bartzelonan eta Madrilen, eta Cabifyk Bartzelona utziko zuela iragarri zuen urtarrilean bertan. Horrelako enpresak gurera ere iritsi direnez, ezinbestean ohitu beharko ditugu belarriak hitz horietara. Edo ez, auskalo!

.

3) Izan ere, bada alferrikako berrikuntzei aurre egin nahi dionik ere. Esate baterako, Parisko Literatura Azokan «Young Adult» txokoa jarri zutela-eta, hainbat idazlek protesta-gutun bat idatzi zuten, young adult hori eta ingelesezko beste alferrikako mailegu batzuk frantsesez gero eta gehiago erabiltzen direla salatzeko. Datorren edizioan antzeko txokorik berriro jarriko duten eta, jartzekotan, nola deituko dioten ikusi beharko.

4) Eskerrak umore-pitin batek gauzak goxatzen dituen. Adibidez, aurten hitz berri bat ikasi diegu Zaldieroari eta @txerren txiolariari, ergatiboa gaizki erabiltzen duenari esateko modukoa: «ergaizki». Bidea egingo duen ez dakigu, baina ez esan erabilgarria ez denik! «Hi, ergaizki!»

5) «Zulo beltzak» ez dira berriak, jakina. Baina apirileko albistegietan inoiz baino hizpide handiagoa eman zuten, orduan lortu baitzen lehenengo aldiz zulo beltz bati argazki bat egitea (eta argazkian zerbait ikustea). Eta, bai, zulo beltz hura Einsteinek irudikatutakoen antzekoa omen zen. Ezusteko gutxi horretan!

.

6) Espaziora begira jarraituz, edonork daki lurrikara bat zer den, baina aurten lehen aldiz «martikara» bat detektatu du NASAk (alegia, lurrikara moduko bat, baina Marten gertatutakoa). Guk behintzat ez dakigu Einsteinek horrelakorik irudikatu zuen ala ez, baina gutxi harritu.

7) Hori bai, inoiz irudikatu ez genuena zera da: zaborra jasoz korrika ibiltzea. Kirola eta ekologismoa uztartzen dituen joera berri hori Suedian sortu omen da, eta dagoeneko Bartzelonara iritsi da. Gurera ere iristen bada gogoan hartu beharko dugu kirol berri horren izena: «plogging»a.

8) Apirilean edo, Hegoaldean lehen aldiz entzun eta irakurri genuen lagunarteko hizkeratik sortutakoak diruditen hitz horietako bat… «trifatxito» famatua. Eskuineko hiru alderdiren batura izendatzeko erabili zuten hitz hori Espainiako Kongresurako hauteskundeen kanpainan. Eta lagunartean bakarrik ez, irrati-telebistetako solasaldi serio-antzekoetan, politikarien ahotan, eta nonahi entzun eta irakurri dugu hitz berria.

.

9) Eta, trifatxitoa aski ez, eta, gainera, aurten boladan ibili da beste hitz bat, eskuindar espainolistek janzten omen duten mahukarik gabeko jaka-mota bat izendatzen omen duena. Zuk ere ikusi dituzu «fatxaleko» horiek?

10) Zorte pixka batekin azken hitz berri horiek iritsi zaizkigun bezala joango dira, eta laster ahaztuak izango ditugu. Baina agian hain erraz ahaztuko ez duguna «LATE» izango da. Aurten irakurri dugunez, orain arte Alzheimerrarekin nahasten zen dementzia berri bat deskribatu dute zientzialariek, Alzheimerra baino adin nagusiagoetan agertzen omen dena. Dementzia-mota horri LATE deitu diote, antza.

.

11) Eta, urtero bezala, hitz berriei ongietorria egiteaz gain, beste hitz batzuei agur ere esan diegu aurten. Adibidez, gure artean ondo errotuta zegoen «EGA»ri agur esaten hasteko unea iritsi da, ez baita berriz egingo halako azterketarik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Aurrerantzean, EAEn euskara-maila hori frogatu nahi dutenek HABEren C1 azterketa egin beharko dute. Garai modernoak, dudarik gabe. Halere, oraindik ez dugu EGA guztiz ahaztuko, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian indarrean jarraituko baitu.

.

12) Baina irakurri dugunez, beste hitz bati ere esan beharko diogu agur; orain arte besterik uste genuen arren, euskarak ez omen du-eta deklinabiderik. Izan ere, Euskaltzaindiaren Gramatika batzordeak euskararen gramatika arauemaile baten proposamena aurkeztu zuen uztailean. Orduan, bat-batean, aspaldiko uste bat ustela izan zitekeela ohartu ginen asko: euskarak ez du deklinabiderik, nonbait, eta izatekotan postposizioak ditu. Agur «deklinabide», ongi etorri «postposizio».

.

13) Beti ikasten da zerbait, dudarik ez. Adibidez, Oskar Alegriaren dokumentala Veneziako Mostran lehiatzeko hautatu zutenean, «zumiriki» hitza ikasi genuen (horixe da dokumentalaren izenburua, hain zuzen ere). ‘Ibaiaren erdian dagoen irla’ esan nahi omen du «zumiriki» horrek. Guk ez genuen ezagutzen, baina Jesus Alegriak jasoa du Artazu jaioterrian (Nafarroa) galtzear diren hitzen hiztegian.

14) Etengabe hizpide dugun klima-aldaketak ere kontzeptu berriren bat ere utzi digu dagoeneko. Adibidez, «hegazkinez bidaiatzeko lotsa» edo «flight-shame». Bale, euskarazkoa luzeagoa da, baina gu horrelakoak gara, zer egingo diogu, bada? Maiatzean Argian irakurri genuen Suedian gero eta bidaiari gehiagok, lotsaren lotsaz, hautatzen dutela trena hegazkinaren ordez, klimaren krisiaz kezkatuta, atmosferara CO2 gutxiago isuri nahian.

15) Hori bai, ez dakigu suediar horiek «klimatarianoak» edo «klimarianoak» ere badiren. Hitza arrotza egiten bazaizu, jakizu horrela esaten zaiela ingurumenari kalte txikiena egiten dieten elikagaiak bakarrik jaten dituztenei.

.

16) Hau ere udan gertatu zen: Euskaltzaindiak gutako askori poz ederra eman zigun pertsona-izendegia berritu zuenean. Izen neutroak gehitu zituen zerrendan, eta, esate baterako, aurrerantzean neskei nahiz mutilei jarri ahalko zaizkie «Amaiur», Amets, Araitz eta beste izen batzuk.

17) Save The Children erakundeak ere beste zerrenda bat plazaratu zuen uztailean, baina horrek ez zigun halako pozik eman: sare sozialetan adingabeek dituzten arrisku berriez ohartarazi zutenean, hitz berriak (eta denon bizitzatik ezabatu nahiko genituzkeenak) ikasi genituen. Adibidez, «happy slapping». Horrela esaten zaio, antza, eraso bat grabatu eta, dibertigarria izango delakoan edo ospetsu bihurtuko zaituelakoan, sare sozialetan zabaltzeari.

.

18) Zorionez, hori baino gauza pozgarriagoak ere izan ditugu, eta tarteka atsegin-iturri berriren bat ere bai. Adibidez, «klitori-xurgagailuak» puri-purian daudela ikasi dugu. Jostailu sexual horiek plazera lortzeko aukera berriak ekarri omen dituzte, nahiz eta zenbaiten iritziz plazer “azkarraren” eredua ezartzeko arriskua ere izan dezaketen.

19) Eta frikiak zer? Horiek ere pozik egongo dira aurten, ezta? Izan ere Euskaltzaindiaren Hiztegian sartu diren azken 397 forma berrien artetik, agian horixe izango da denok gogoan hartu duguna: «friki». Ikustekoa da hitz horrek nolako zeresana eman digun.

.

20) Zu ere (Akademiaren bedeinkazioz) friki samarra bazara, agian gogoratuko duzu iazko hitz berrien zerrenda «ahobizi» eta «belarriprest» famatuekin amaitu genuela. Bada, bai. Aurtengo zerrendan ez da azkena izango, baina «arigune» gehitu gabe ezin utzi. Ikusiko dugu datozen urteetan zer bide egiten duen Euskaraldiaren ariketa sozialak, baina orain arteko sormenarekin eta indarrarekin jarraituko ahal du, behintzat!

21) Eta, orain bai, zerrendako azkena: lehenago ere esan dugu klima-aldaketak berrikuntza bat baino gehiago utzi dizkigula aurten. Bada, azkena, abenduan bertan. EiTBk «larrialdi klimatiko» terminoa normaltasunez erabiliko duela iragarri du herritarrak arazo global horretaz kontzientziatzen laguntzeko. Etorkizunak esango du larrialdi klimatikoaz hitz egiten eta kezkatzen luzaro jarraitu beharko dugun ala egoerari buelta emateko gauza izango garen. Hala izan bedi, denon onerako! Bitartean, urte berri on!

Aurten ikasi ditugun 20 hitz eta ahaztu ditugun beste bi Aurten ikasi ditugun 20 hitz eta ahaztu ditugun beste bi
Nola zaude?

2 pentsamendu “Aurten ikasi ditugun 20 hitz eta ahaztu ditugun beste bi”-ri buruz

  • Ez dakit bada, baina iduritzen zait “zumiriki” horrek gehiago duela zumetik, uhalde inguruten hazten baita, irlatik baino, Estelleria osoan “zumakes” erraten baita.

  • “larrialde klimatikoa”? Zergatik ez “klima-larrialdia”?