Aurrekontuen irakurketa kritiko bat etxebizitza arloan

2018ko Hego Euskal Herriko aurrekontuen irakurketa kritiko bat etxebizitza arloan –

(txosten osoa hemen eskuragarri)

2018ko Hego Euskal Herriko aurrekontuen irakurketa kritiko bat etxebizitza arloan

Azkenengo aurrkontuek, hutsalak izateaz gain, alderdi politikoek aldarrikatzen dituzten helburuei ez diete eusten berriro ere. Etxebizitza erabilera eskubidea? Eskubide ukatua da, guztiz antisozialak diren aurrekontuak onartzean.

aurrekontuen irakurketa kritiko bat etxebizitza arloanAurrekontuak tresna nagusiak dira aberastasuna banatzeko, eta baita pertsona guztiei duintasunez bizitzeko behar dituen gutxieneko materialak bermatzeko ere. Horregatik, ezin ditugu utzi botere kapitalistaren eta haren alderdien esku aurrekontuen gaineko erabakiak. Eta gainera klase politikoak, erabateko lotsagabetasunez, ez du ezta esaten duena betetzen. Gobernuetatik aurrekontuak ahal diren bezain sozialak direla adierazten digute; errealitateak berriz, Hego Euskal Herriko instituzio publikoek gastu sozial zuzenera bideratutakoa pixkanaka hondoratzen doala erakusten digu.

Administrazio ezberdinen diru-bilketa gehiena kupoa, konbenioa, zorra kitatzeari eta arlo publikoaren jarduera burokratikoa ordaintzeari bideratuko da. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiko 2018. aurrekontuetan jasotzen zen bezala, lehentasuna defizita eta zorra jaistea da, eta dena Aurrekontu egonkortasunari eta Finantza iraunkortasunari buruzko lege estatala betetze aldera.

Azken 10 urteei erreparatuz gero eman den murrizketa lotsagarria da. 2019an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Gobernuaren Etxebizitza Kontseilariordetzaren gastua (langile eta Administrazio Publikoaren funtzionamendu gastu guztiak barne) 141,80 milioi euro izatea espero zen, azkenean aurrekontuen luzapena dela eta 126,90 milioi eurotakoa izan bazen ere, 2009an 217,40 milioi izan zenean, hau da, 2009an baino 90,50 milioi gutxiago. Nafarroa Garaian 2019an 60,62 milioi euro bideratu dira, 2008an 273,88 milioi bideratu zirenean, hau da, 213,26 milioi euro gutxiago.

Urteetan, bi gobernuek barneratu digute salmentaren ordez, alokairu eta alokairu-soziala dela lehentasunezkoa. Baina, datuek adierazten diguten bezala, lehentasun hau hankaz gora geratu da.

Nafarroa Garaiko Plan de Vivienda 2018-2028n, 2018-2021 urteetarako 615 alokairuzko etxebizitza babestuak sustatzea aurreikusten da. Erosteko etxebizitza babestuen kopurua aldiz 1.100koa da, ia bikoitza. Plan horren diagnostikoan ikus daitekeen moduan egun dauden 55.895 etxebizitza babestuetatik 4.917 bakarrik daude alokairura zuzenduta (%8,8a).

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, 2013-2016 urteetan salmentarako babestutako etxebizitzen aurreikuspenak soberan bete ziren bitartean (%117,7), babestutako alokairua ez zen aurreikuspen laurdenera heldu (%12,8). Eta honi deitzen al diote alokairua sustatzea?

NASUVINSAk zein ETXEBIDEk diru publikoa esku pribatuetara joatea ahalbidetzen dute, euren etxebizitzak alokatzen dituzten etxe hutsen jabeei hilean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 600€ eta Nafarroa Garaian 550€ ziurtatuz.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 2018an eta 2019an (luzatuak) etxebizitzara bideratuko den diru kopurua 2009an bideratu zenaren erdia baino pixka bat gehiago izango da, hau da, 90,50 milioi euro gutxiago zuzenduko dira.

2009

2010

2011

2012

2013

2014

2015

2016

2017

2018

217,40

182,60

123,00

146,20

125,65

107,10

99,80

108,90

121,70

126,90

%0,33

%0,27

%0,18

%0,22

%0,19

%0,16

%0,14

%0,15

%0,16

%0,16

Iturria: Eustat (Eusko Jaurlaritzaren gastu publikoa etxebizitza arloan, milioi eurotan eta BPGren %tan)

Nafarroa Garaian, 2009. urtean baino 18,30 milioi euro gutxiago bideratuko dira etxebizitza arloko diru-laguntzetarako (langile eta administrazio funtzionamendu gastuak kontutan hartu gabe).

2009

2010

2011

2012

2013

2014

2015

2016

2017

2018

2019

Errentariei diru-laguntzak

4,5

5,4

5,0

9,6

10,4

12,3

11,7

12,1

12,7

13,6

13,6

Etxebizitza ekintzetarako diru-laguntza eta subsidioak

50,3

55,2

53,8

68,1

33,6

36,0

24,9

19,3

25,4

26,6

22,9

Etxebizitza ekintzetara, guztira

54,8

60,7

58,8

77,7

44,0

48,3

36,6

31,4

38,1

40,2

36,5

BPGren %

0,30

0,33

0,31

0,42

0,24

0,26

0,19

0,16

0,19

0,20

0,17

Iturria: NASTAT

Murrizketa horiek gutxi balira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan Etxebizitza Legeak aginduta bezala, Etxebizitza eskuratzeko Eskubide Subjektiboa onartuko da, beraz oraingo EPO (etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria) desagertzeko arriskuan dago, eta honek alokairurako laguntzak eskuratzeko mugatze handia ekarriko luke.

.

ADMINISTRAZIO BIEK ETXE HUTS EDO JENDERIK GABEKO ETXEEN GAINEKO EUREN BEREZKO ETXEBIZITZA LEGEAK AURRERA ATERATZEA ZALANTZAN JARTZEN DUGU

2018an Auzitegi Konstituzionalak honako egoera hauek babestu ditu errekurrituta zeuden Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 3/2015 Etxebizitza Legean eta Nafarroa Garaiko Etxebizitza eskubidea bermatzeko 24/2013 Lege Foralean:

– Nafarroa Garaiko Gobernuak 2 urtez edo gehiagoz etxebizitza hutsik dituzten pertsona juridikoak (bankuak eta higiezinak) zigortu eta etxebizitzaren erabilera desjabetu diezaieke. Nafar Udalek pertsona fisiko eta juridikoak euren etxebizitzak 6 hilabetez hutsik izateagatik zergapetu ditzakete.

– Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Gobernuak etxebizitza 2 urtez baino gehiago hutsik daukaten jabeei kanon bat jarri eta etxebizitzaren erabileraren desjabetzea aplikatu diezaieke.

Bi kasuetan Auzitegi Konstituzionalak ez du Bankuek kaleratze ondoriozko etxebizitzen erabileraren desjabetzea baimentzen.

Baina zigor hauek, erabileraren desjabetzea… aurrera eramateko lehenik eta behin Etxebizitza Hutsen Errolda onartu behar da; Administrazio biek inolako arrazoirik gabe etengabe atzeratzen ari diren errolda. Urrian Arriola Sailburuak etxebizitzen erabileraren desjabetzea salbuespena izango zela aurreratzen zuen. Eta burura etortzen zaigun galdera: zergatik salbuespena? Etxebizitzen erabileraren desjabetzea beraien Legeak dioenaren arabera aplikatu beharko dute, ezta?

Bukatzen ez den soka. Etxebizitza hutsen Errolda ez badago ezin da inolako kanonik edota zerga ezarri ezta erabileraren desjabetzea indarrean jarri. Eta behin Errolda eginda ere beste 2 urte pasatu beharko dira etxebizitza horiek hutsak bezala onartzeko.

.

ETXEBIZITZA BAT ESKURATZEKO BIZITZA TRUKEAN EMAN BEHARRA

Herri honen langile klaseak dugun eroste ahalmenarekin etxebizitza erostea ezinezkoa da. Horretarako 70 eta 100 urte beharko genituzke. Etxebizitza alokatzea ere ezinezkoa da, hilean gure erosteko ahalmenaren bataz bestekoa 395€koa izanik, etxebizitza libre bat alokatzeko bataz besteko errenta 880€tan kokatzen baita 2017ko 3. hiruhilabetekoan.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Higiezin Eskaintza Estatistikan (2017ko 3. hiruhilabetekoa) Babestutako Etxebizitza eta Etxebizitza Sozialen m²aren prezioak %30,99 egin du gora 2007. urtetik. Ondorioz, babestutako etxebizitzen eta etxebizitza libreen prezioen arteko aldea murrizten doa.

Eta etorkizunak dakarguna ez da hobea. Azkenengo txostenek berreskuratze bat adierazten dute, hau da, jadanik eskuraezin den etxebizitzaren prezioaren igoera bat. Eta klase politikoak eraikitzaile eta jabetza pribatuari baino mesede egiten ez dion gorakada hori txalotzen du. Eta guzti hau zergatik? Etxebizitza, pertsonen eskubide bat bezala aitortu beharrean, espekulatzeko erabili daiteken ondasuna bezala ikusten dutelako.

.

AGERIKOA DA EGUNGO ETXEBIZITZA POLITIKEN PORROTA

Egoera okerrerantz doa gainera, etxebizitza atalera bideratutako aurrekontuak murriztuz jarraitzen dute, eraikuntza enpresen aldeko negoziaketak eginez (enplegua, prekarioa noski, sortzearen aitzakiapean), alokairuaren pribatizazioa mantenduz.

Hego Euskal Herrian, 1.326.203 etxebizitzek osatzen dute etxebizitza parkea. Hortik 188.668 etxebizitza hutsik edo azpi-erabiliak daudelarik, %14,22a hain zuzen. Etxebizitza horien optimizazioak eta beharrizana dutenen esku jartzeak, etxebizitzaren arazoa konpondu eta milaka pertsonen egoera dramatikorekin bukatzeko bidea litzateke dudarik gabe. Bide horretan pausurik ez emateak, argi eta garbi adierazten du Administrazio ezberdinek, interes pribatuak lehenesten dituztela, milaka eta milaka pertsonek duten etxebizitza beharraren aurretik.

Errealitatea gordina dela agerian dago, milaka pertsona ez dute etxebizitza baterako sarbide aukerarik, eta bere garaian aukera izan zutenek desjabetuak izaten jarraitzen dute. 2013-2016 urteen artean 1.618 desjabetze eman ziren Hego Euskal Herrian, datu hau askoz handiago da alokairua ezin ordainduta beraien etxetik bota dituzten pertsonak kontutan hartuta. Informe sobre la Vivienda en Nafarroan (2018 azaroa) agertzen denez alokairuarekin lotutako kaleratzeak gora doaz urtetik urtera.

.

PREKARIZAZIOARI AURRE EGITEKO, ANTOLAKUNTZA ETA BORROKA BAINO EZ DITUGU

2019ko aurrekontuek ez dute aberastasuna modu orekatuagoan banatuko, ez dituzte oinarrizko eskubideak bermatuko, ezta kalitatezko zerbitzu publiko eta sozialak bermatuko ere. Batez ere etxebizitza eskubidearen kasuan; nahiz eta etxebizitza beharra adierazi duten milaka pertsona sektore publikoaren esku hartzerik gabe ez duten etxebizitzarako sarbiderik aukerarik izango, aurrekontuek, sarbide hau bermatzeari uko egiten diote, pribatua lehenetsiz publikoaren aurrean. Hortaz etxebizitza eskubidea, eskubide ukatua da guztiz antisozialak diren aurrekontuak onartzen diren momentuan.

Hirigintza basatiarekin bukatu behar da. Gehiago eraikitzeak ez du etxebizitzaren arazoa konponduko, kontrakoa baizik, egungo egoera larria jasatearen arrazoia izan da. Etxebizitza hutsa xahuketa soziala da, xahuketa ekonomikoa ekologikoa eta lurraldearena.

Etxebizitza hutsak erabili behar dira, beharrezko diren neurriak jarriz helburu horretan. Etxebizitza hutsak Alokairu Sozialeko Etxebizitza Parke Publikoa osatzera igaro behar dira, administrazio publikoak gestionatua izango dena bai, baina jendartearen parte hartzea bermatuz. Alokairuen prezioak mugatu behar dira. Hau da, gehiegizko muga ipini behar zaie alokairuaren truke kobratzen diren prezioei, bai etxebizitza babestuei, baita merkatu librekoei ere. Elkartzenen ustez, alokairu prezioek ez lukete errentariaren diru-sarreren %15a gainditu behar.

Horregatik guztiagatik eskatzen dugu aurrekontuak egiteko eta erabakiak hartzeko parte hartu ahal izatea, pertsonok ditugun beharrizanei erantzuteko moduko aurrekontuak egin ditzagun. Horretarako, antolatu egin behar dugu, borrokatu eta agintariei gogorarazi eskubideak ez direla negoziatzen ezta hitzartzen ere, errespetatu egiten direla eta bitartekoak jartzea dagokiela horiek bermatuak izan daitezen. Dirua egon badago! lapurrak daude soberan! Diru hori pertsonen beharrei bideratzeko ahaleginak egingo dituzten politikari ausartak behar ditugu.

Herritar guztioi dei egiten dizuegu mobiliza zaitezten: atera kalera, mobilizatu eta egin borroka. Aurrekontuak, parte-hartzaileak izan daitezen, aberastasuna bana dezaten eta etxebizitza duin baterako sarbidea eta erabilera bermatu dezaten.

.

BORROKATU ZURE ESKUBIDEEN ALDE!

EGIN AURRE PREKARIETATEARI!

JENDARTEA ERALDATU!

aurrekontuen irakurketa kritiko bat etxebizitza arloanaurrekontuen irakurketa kritiko bat etxebizitza arloan aurrekontuen irakurketa kritiko bat  etxebizitza arloan aurrekontuen irakurketa kritiko bat etxebizitza arloan aurrekontuen irakurketa kritiko bat etxebizitza arloanaurrekontuen irakurketa kritiko bat etxebizitza arloan aurrekontuen irakurketa kritiko bat  etxebizitza arloan aurrekontuen irakurketa kritiko bat etxebizitza arloan

Eskubide sozialen aldeko mugimendua