Aurrekontuak: Egia ala ‘albiste onak’?
Aurrekontuak: Egia ala ‘albiste onak’? –
Zein izango da hiru aurrekontuen ezaugarri nagusia?
Energiak, elikagaiek eta etxebizitzak izan duten garestitzeak pobretu egin du jende asko; baita zerbitzu publikoetara bideratu gabe utzi den inbertsioak ere. Bada, aurrekontuetan ez dira jaso egoera hori gainditzeko behar diren aldaketa estrukturalak.
Hiru kasuetan aurrekontuen abiapuntuak akats larri bat du: ez da zalantzan jartzen haiek finantziatzeko behar den dirua biltzeko modua. Enpresa gehienak hil hauetan inoiz baino etekin handiagoak poltsikoratzen ari dira (mozkinak soldatak baino 7 bider gehiago hazi dira). Haatik, klase herrikoiak dira aurrekontuen zati gero eta handiagoa jartzen dutenak; aldiz, etekinak dituzten enpresek, soldata altuenek eta kapital-errentek gero eta ekarpen urriagoa egiten dute.
Azken aldion nazioarteko erakundeak esaten ari dira fiskalitatearen erreforma beharrezkoa dela; alabaina, Urkulluren eta Chiviteren gobernuak izango dira gai hori aipatzerik nahi ez duten Europako bakarretakoak. Areago, itxuraz oso ezberdinak diren proiektu politikoetatik -EAJ, EH Bildu zein PSOE- plazaratzen diren iritziak oso triunfalistak dira, gabezia sozial nabarmenak ahaztuta.
Estatuko Aurrekontuak
Estatukoak aurrekontu onak al dira? Ez, noski. Ez dira PPk egingo lituzkeenak, baina horrek ez du esan nahi onak direnik. Gastu militarra %26 gehitu eta gizarte-politiketan aldaketarik ez dakarten aurrekontuak ezin dira onak izan. Ez eta ikusmolde soberanistatik ere, izan ere, aurrekontuok galarazi egiten baitute Euskal Herrian erabakitzea zenbat langile publiko behar ditugun, zer soldata ordaindu behar zaien edota MIR kopurua zein izango den.
Edonola ere, Sanchezen gobernuak aurrekontuak babestearen truke eskaintzen dituen “kontrapartidak” EAJ eta EH Bildurentzat euskal herritarrei saltzen dizkieten ‘trofeo’ bilakatzen dira. Ustezko kontrapartidak dira, sarri puztuak eta zerikusirik ez dutenak iragartzen denarekin (esaterako, hori gertatu da EH Bilduk adostu duen EREen inguruko lege-aldaketarekin). Albiste onak ematea eta egia esatea ez dator beti bat.
EH Bilduk ere alderdi ‘kontsegidorea’ren logika politikari heldu dio. Honek ez du esan nahi Madrilen jeltzaleek eta Bilduk joko berbera egiten dutenik (besteak beste, EAJ saiatzen da bankuei eta energia konpainiei zergak jaisten). Baina paradoxa da bi alderdi abertzaleek uko egiten diotela aurrekontuen benetako kritika egiteari, eta Madrilen lehian dabiltzala Madrilen espainiar gobernuaren lehentasunezko kide nor izango den.
Ondorio batzuk begibistakoak dira: Lehena, zintzotasunari dagokiona. Aurrekontua ez dute osatzen soilik EH Bilduk eta EAJk saltzen dituzten ‘kontrapartidek’; beste hainbat sail ere onartzen da horiekin batera (aldeko boto zein abstentzio bidez): hau da, kontuetan sartzen dena (adibidez, gastu militarra) eta sartzen ez dena (neurri benetan sozialak edota autogobernuarekiko errespetua).
Bigarren ondorioa: Aurrekontuak osotasunean hartuta gutxieneko kritika egiteko aukera erabat baztertzeak esan nahi du ontzat ematen dela haien orientazio neoliberal eta zentralista. Esan gabe doa hau ez dela kontraesana EAJrentzat, baina izan beharko luke EH Bildurentzat.
Gasteizko eta Iruñeko aurrekontuak
Bestalde, Gasteizko Legebiltzarrean 2023rako eztabaidatu diren aurrekontuak aurkeztu dizkigute historian gehien hazi direnak balira bezala, baina iazkoen aldean %1 besterik ez dira gehitu. Areago, adibidez Osakidetzara 2023an bideratuko den diru kopurua iaz benetan inbertitu zena baino 220 milioi gutxiago izango dira.
Nafarroan, berriz, aurreko urteetan Chiviteren gobernuak EH Bildurekin adostu zituen ‘kontrapartida’ urriak ez zituen bete, eta aurtengo emaitza are eskasagoa da. Akordioa ixteak berak ez du esan nahi edukia ona denik. Oso kontutan izan behar dugu hau.
Aurrekontuok onak direla esanez ez zaio inolako mesederik egiten oinarri militante sozial eta soberanistari, horrek desaktibazio politikoa eta kalea desmobilizatzea eragiten baitu.
Beraz, hausnarketa kritikoa, kontzientzia hartzea eta alternatiba argiak eskaintzea ezinbestekoa da eraldaketa sozial eta nazionala helburutzat hartuz gero. Izan ere, zintzo jokatzeak eta aurrekontu txar batzuei kritika egiteak ere ixten baitiote atea eskuin eta eskuin mutur politikoari.