Aupa Etxarri!
Aupa Etxarri! –
Egun batzuk pasatu dira etxarriar guztiak batzen gaituzten festak pasatu zirenetik eta hausnarketarako tarte bat hartu dugu idazki hau sinatzen dugunok.
Tamalez, aurten ere, urruneko interesen arabera Etxarri Aranatzekin zerikusirik ez duten eragile arrotzek sortutako zarata mediatikoa heldu da festen aurreko egunetan. Idatzitako artikulu eta txioen helburua egileek jakinen dute, guk ez dugu haien asmoa epaituko, baina argi dago ezer gutxi dakitela aurten Etxarriko festetan eta aurreko egunetan sortu den giro ilusionagarri, anitz, inklusibo eta herrikoiari buruz. Etxarri Aranatzek eta etxarriarrok berriz ere bestelako argazki bat erakutsi diogu munduari eta «berri» zahar horien aurrean, aurrera begira dagoen benetako egungo Etxarri Aranatzen isla garbia azaleratu dugu.
Herriak herria egin du berriz ere. Etxarri Aranatz herri bizia dela argi geratu da. Etxarriarrok lubakietatik jardun beharrik/nahi ez dugula erakutsi dugu (lubaki horiek kanpoko eragile batzuen imajinarioan baino ez dira existitzen). Horren begi bistako adibide batzuk baino ez dira herri ekimenez herri osoaren babesarekin finantzatutako eta milaka lagun bildu zituen Gwendal talde bretoiaren kontzertu historiko eta hunkigarria; herriko bi kuadrillaren arteko herri-kirol dema edo Etxarrin bizi diren munduko sei herrialde desberdinetan jatorria duten herritarrek beren gastronomia partekatuz eskainitako «auzate mundiala». Injerentzien gainetik, herriak herria egin asmo duenean, herria egitea lortzen du. Etxarrin zorionez hau maiz gertatzen da eta hori da termometrorik fidagarriena etxarriarren arteko elkarbizitza-giroa osasuntsua dela adierazteko, nahiz eta kanpoko ahots temati gutxi batzuek kontrakoa saldu nahi izan.
Orain unea gozatzea baino ez dugu nahi. Aurrera begira ere, etxarriarrok Etxarri Aranatz eraikitzen jarraituko dugu eta tren honetara igo nahi duenak libre du sarrera, eta ongi etorria izango da. Ekarpenik egin nahi duenak egin dezala, herri bat izango du ondoan gurditik tiraka.
Etxarri Aranatzi bere bihotzaren txoko batean tarterik egiten dion oro etxarriarra izango da. Aupa Etxarri!
Igor Artieda Galdeano eta Iñigo Orella Altzueta