Audience handiak txikiari (liburu artean)

JGA_9535
Audience taldea Garoa liburu-dendako Paperezko Kontzertuetan – Juan G. Andres

Mark Oliver Everett musikari estatu batuarraren ‘Cosas que los nietos deberían saber‘ (Blackie Books) liburuari eskaini zioten pasa den igandeko Paperezko Kontzertua Audience taldeko mutilek. Eels bandako liderraren erreferenteetarik ugari haienak ere badirela aitortuz, Garoa liburu-dendako musikazaleen aurrean. “Everettena musikari askoren kontrako kasua da, ez zuen berebiziko famarik izan liburua publikatu arte”, azaldu zuen Gaizka Insunzak.

 Glühwein ardo bero lapikoa Trinidade kalean oraindik epel zela hasi ziren gernikarrak kontzertuarekin. Liburuartean hirukote formatuan: Hannot eta Insunza anaiak; Ager eta Gaizka. Lou Reed handiaren Walk on the Wild Side‘(1) abestia hautatu zuten lehenengo pieza gisa. Gaizkaren arabera omenaldia izateaz gainera, anaia Agerren lehen oroitzapen musikala da Reeden abestia. Publikoaren artean, mugitzen ziren buruak zenbatuta jakin zenezaken zenbat pertsona ziren gazte garaietan abesti hau abestu edo dantzatzen zutenak. Jendearen azaletan oiloipurdia jertsean zehar ikusterainoko hasiera alajaina.

Audience taldeak estatu batuar itxura eta zaporea du. Estatu batuar usaina darie. ‘Big Affair’ (Bidehuts) diska AEBtako Water Music estudioetan grabatu dute gainera, John Agnello ekoizle ezagunaren aginduetara. Abuztuan oporrak hartuta bidaiatu zuten New York aldera. “Agnellorekin tratua oso hurbila izan zen”, azaldu zuen Ager Insunzak. “Bertako wifiaren kontraseña 7grammy zen, eta gurekin zortzigarrenaren bila ote zioan pentsatu genuen”, kontatu zuen musikazaleei irri bat lapurtuz. Grabaketan zehar ekoizleak proposatutakotik ez zuten koma bat bera ere aldatu Hannoten arabera: “Beste kontestu batean, beste teknikari bati, gauza batzuk kentzeko eskatuko geniokeen”. Hain zuzen, azken diska honen aurretik kaleratutako ‘Mistress Games‘ EPko abesti batekin segi zuten emanaldia. A Band’s Choice‘(2)-rekin zehazki. Gaizkak honakoan, kitarra, Hammond soinudun teklatu batengatik ordezkatu zuen. Dena sweet eta neurrira, eskenatoki handi zein txikian haien izaeraren parte bihurtu den elegantziaz.

Audience - Juan G Andres
Insunza anaiak Garoan – Juan G. Andres

“Nik Cohenen alde egingo dut, nahiz eta, badakidan objetiboki Dylanen ibilbidea eta obra askoz oparoagoak direla”, Hannot Mintegia


Blind Willie Johnson bluesmanaren ‘You’re Gonna Need Somebody On Your Bond’ (3) kantatzarrarekin segi zuten saio gordina. Entzuleen eta musikarien arteko elkar ulertzea airean zebilen energian neur zitekeen. Kantuz kantu areagotzen zihoan gainera. Pieza amaitzean Hannotek ‘Big Affair‘ LP-ko ‘Well'(4) kantua aurkeztu zuen: “Honen ondoren gure abesti bat jotzea ez dakit ba nik…” Lehenengo aldia zen abestia zuzenean inon jotzen zutena.

Jakina da Audiencek Bob Dylanekiko duen mirespena. “Inork Bob Dylanen inguruan ezer jakin nahi badu galde diezaiola Gaizkari”, esan zuen Jon Eskisabel moderatzaileak saioko lehen galdera bota aurretik. Lehen Paperezko Kontzertuan Anarik esandakoaren karietara, ea Cohenenak ala Dylanenak diren galdetu zien gernikarrei Eskisabelek. Gaizkak berak bere burua eztabaidatik kanpo kokatu zuen, erantzuna hain nabarmena izanik. “Nik ordea Cohenen alde egingo dut, nahiz eta, badakidan objetiboki Dylanen ibilbidea eta obra askoz oparoagoak dela”, esan zuen Hannotek.

JGA_9608
Eskisabel Audiencekoei entzuten – Juan G. Andres

Azken abestiko lehen akordeak dantzan jarrita, han ginen denok bagenekizkien Agerrek bibolinarekin jo behar zituen lehen notak. Aski ezaguna baita ‘Hurricane'(5) abesti mitikoaren hasiera. Robert Allen Zimmermanen handitasunaren erakusgarri da, lehen bi Paperezko Kontzertuetan, Anarik eta Audiencek, hurrenez hurren, aurrez deus adostu gabe bere bertsio bat jo izana. Aurrez esan bezala: gayina de piel.

Amaieran, solasaldi luzearen ostean, bonus gisa The Rolling Stones taldearen ‘Sweet Black Angel’(6) jo zuten. Kantu ederra, beste saio gogoangarri bat amaitzeko. Bai.

Ekaitza bainuontzi batean