Atzo martxoak 31, Durango
Atzo martxoak 31, Durango bonbardatu zutela 78 urte bete ziren, eta erasoan zendutakoak omendu zituzten, urtero legez ekitaldi baten bidez iragana gogora ekarriz; zer aztarna geratzen diren itaunduta edo ume zirela bonbardaketa pairatu zutenen testigantzak pantailaratuz.
Gerediaga Elkarteak eta Kriskitin Dantza taldeak orain 15 urte egiten duten elizpeko herri omenaldian, Eneko Sagardoy antzezleak “Iudex crederis esse venturus” izeneko testua irakurri zuen (Sinesten dugu egun batean epai gisa etorriko zarela) eta lore eskaintzaren ondoren, Xabier Amuriza eta Ander Ertzilak sortutako kantua abestuz itxi zuen Izarok.
Bere aldetik, Aitziber Irigoras alkateak “iragan tragiko hura gogoratu, ausardiaz aztertu eta minak sendatu zein bakea eraikitzeko zutabeak sendo jartzea” da orain guri dagokigun lana, adierazi zuen hilerrian burututako ekitaldi instituzionalean.
Bide horretan, Izaskun Ellakuriaga eta Iban Gorriti herriko kazetariek, bakoitzak bere aldetik, orduko gertakarien berri eta egun dirauten aztarnei buruzko lanak eman zituzten atzo Mugalari egunkari digitalean.
Ellakuriagak “Zer aztarna geratzen dira Durangoko bonbardaketatik?” galderari erantzuten dio Gerediaga Elkarteak antolatutako ibilbide bat baliatuz, eta herriko zaharren oroimenean gordeta direnak baino egun oraindik ikusi daitezkeenak ematen ditu ezagutzera: Kurutziaga kaleko metraila arrastoak esaterako; nabarmenenak argazkian ageri den Areitioena etxeko fatxadakoak ei dira.
Iban Gorritik, bere aldetik, orain sei urte zuzendu zuen “Kantatzen ez duen herria herri hila da” film laburra agertu du Mugalarin. Lanak urteetan ezkutuan egondako bizipenak agertzen ditu Alberto Barreña, Jesus Moreno eta Antnio Olearen testigantzetatik abiatuta, ume zirela bonbardaketa pairatutakoak. 2009ko Lekeitioko Euskal Zine eta Bideo Bileran amateur mailako sari nagusia, Zilarrezko Antzarra, erdietsi zuen.
* Beste ikus-entzunezko lan bat ere bada Durangoko bonbardaketari buruzkoa, 2007an Bideografik-ek Durangoko Udalarekin elkarlanean egina. Testigantzez osatutako dokumentala Anboto agerkarian duzue ikusgai.