Atzez. Erabilera

Atzez. Erabilera –

Atzez ikusi dugu beti euskara, lurraldetasunari dagokionez ere, ezagutzen dugun historian. Eta ez kausa naturalengatik, baizik eta debekuz, mehatxuz eta zigorrez. 1349ko ordenantza batek  zehazten du Huescako azokan euskaraz eginez gero zer isun ordaindu behar zenuen. Luzaro iraun zuen debekuak.[1]

Barne-muinetaraino sartzen zaigun indoeuroparren inbasioaren aurkako borrokak hainbat bide hartu zituen dena den Txillardegirenean, garaian garaiko eskakizunen arabera.

Atzez. Erabilera90eko hamarkadaren hasieran, Txillardegik ikusten zuen aspalditik ase zezakeela kuriosoak euskararen ezaugarriei buruzko jakin-mina: ergatiboa eta aditz trinkoa, euskalkiak, ahaideak topatzeko zailtasunak edo ezina… Ganoraz aztertzen ziren euskararen fonologia, gramatika eta sintaxia, historia eta etimologiak, diakronia eta sinkronia. Baziren ahaleginean zebiltzan euskalariak, bederen.

Aldiz, bazterrean utzirik zekusan erabileraren auzia; edo ez merezi bezain sakonki ikertua, behintzat. Horixe idatzi zuen Isilik aldizkariaren 14. alean, “Soziolinguistika zertarako?” testuan. Alta, Fito Rodriguezen esanetan,

«Txillardegiren hautua, gaztetik euskara ikastera ekin zionetik, hizkuntza biziaren aldekoa izan zen “filologiakeria” guztien gainetik. Horrek eraman zuen bere ardura soziolinguistikara. Hizkuntzalari engaiatua izan zen bera, ez “akademikoa”. Eta ikerketak eginez frogatu zuen: […] euskararen batasuna (idatzia nahiz ahozkoa), soziolinguistika matematikoa, gramatika, fonetika, fonologia, prosodia, azentua eta abar aztertuz, euskara biziberritzea izan zuen helburu beste edozein gauza baino gehiago».[2]

.


[1] Euskal Herria helburu, 56. or.

[2] “Axularren galdegiteak eta Materraren ihardespenak… (edo Mitxelenaren eta Txillardegiren arteko harremanak)”, in Egan, Donostia, 2015, 190-191. orr.

Atzez. Erabilera

4 pentsamendu “Atzez. Erabilera”-ri buruz

  • Benat Castorene 2024-09-10 11:37

    Egun on Markos
    Euskara eta lurraldetasuna ez ezik, hemen bederen euskal komunitatea bera atzez doa xistu batean eta azkenean hori da koskaren koska. Hori gabe praktika ezinezkoa eiki da.
    Badakizu nik baino hobeki euskal komunitatearen existentzia eta biziraupena gabe euskarak interesik ez duela zientifikorik baizik, gramatikalari eta enparauentzat.
    Adeitasunez

  • Mikel Haranburu 2024-09-10 22:08

    Bizpahiru gauza(txo):
    Lurraldetasuna dela eta, Aditu izan diot Txillardegiri berari “lurraldeKOtasuna” behar lukeela hor, Lurraldetasuna “territorialidad” beharrean, “territoriedad”…
    Foro hauetan aipatu izan dira egunotan Txillardegik egin hautu ustez okerrak… baina zalantzarik gabe, serio hartzen zuen hizkuntza, eta “azken batez, salbatu nahi duguna hizkuntza bat da, eta ez edozer gauza…” zioen behin…
    Benatek aipatu gaia; Xamarrek aspaldi dela zioen: “Euskara salbatuta dago; horra hor hiztegi bat eta gramatika bat, horrekin aski hizkuntzaren zerak gordetzeko. Falta dena, hizkuntza komunitatea da, Euskaraz egiten duen herria”, Euskara Jendea.

  • Egia da, Beñat eta Mikel, euskara jenderik gabe alferrik da lurraldea. Bada jendea kanpotik etorri, euskaraz ikasi, umeak euskaraz hezi eta, komunitate faltan, pixkanaka baztertzen ari dena. Lagunartean eta familian inor ez baldin bada euskalduna nabarmen flakatzen da motibazioa. Hurrengo egun eta asteetan ez baduzu euskaraz inorekin egiteko beharrik edo aukerarik, zertarako ahalegindu erdara baduzu ama hizkuntza eta bestelako arazoak ez badituzu urri? Horregatik da hain beharrezkoa Baionako Filo Txokora mundua erakartzea.

  • Benat Castorene Atzo

    Bere komunitate tradizionalaren ajeetatik doi doi askatu eta gero, euskaldun globalisatuak euskararen amodioagatik birsortu nahiko ote du euskal komunitaterik? Hizkuntzaren amodioa eragingarri nahikoa izanen zaio daukan bizi zoriontsua arriskuan jartzeko ?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude