Atzerrian ere Gaztetxea

Marrazaina ondoan banderatxoa altxatuta neukan. Ni, harrituta, ez bainaiz futbol jokalaria. Halere, arrazoia zeukan epailearen laguntzaile zintzoak, jokoz kanpo bainengoen. Horixe gertatzen da ni bezalako etxebarritar bat bere herri txikitik atera eta Grenoble bezalako hiri handi batera bizitzera joaten denean, jokoz kanpo egoten dela lehenengo egunetan: “oooh! tranbia sarea dago, eta 4 linea ditu gainera!!” “Ooooh! Kanpusa Etxebarria baino 8-10 aldiz handiagoa da!”, “oooh!”-ak han-hemenka. Bakarrik unibertsitateak (batzuk) eta ikasleen erresidentziak (batzuk) pilatzen diren lekua, eta dagoeneko lehen egunean guztiz galduta. Esan ez badut ere, suposatzen dut deduzituko zenutela Frantziko ingurune honetara ikasketak burutzera etorri nintzela.

Baina… zein da txapa honen eta Gaztetxearen arteko zerikusia? Goazen hasierara. Neguko asteburu hotz bat zen (ostirala edo larunbata, ez dut gogoratzen zehazki), eta plaza batean lagunekin trago batzuk hartzen egon ostean, gaueko orduetan Grenoblen irekita egoten den eta dohainik den pub bakarrera joan ginen, “Au Vieux Manoir”-era, alegia. Ez da munduko pubik onena, ezta inondik ere, baina besterik egon ezean… Son handia dauka Grenoblen, baina ez arrazoi oso positiboak direla medio. Diotenez, mafia italiarrak Grenoblen muntatuta daukan sareko hari txiki bat baino ez da, baina beno, horrek ez dauka Gaztetxearekin inolako loturarik. Ez dut esango zenbat zerbeza joan ziren, baina bat eta bi baino gehiago izan zirela zin dagizuet. Eta halako batean, gazte batzuk gaztelaniaz hitzegiten entzun nituen nire ondoan:

-“Pues en Extremadura también solemos hacer…”

Noski, zerbeza + gure bizilagun espainiarrak ondoan + norberaren izakera adarjotzailea… ba hantxe sartu nintzen:

-“¿Eres de Extremadura? ¡Yo también tío, me alegro de encontrar un paisano en estas lejanas tierras!”

Nire burua konbentzitu nuen, ia-ia dudatu egin nuen Bilbon ala Badajozen jaio nintzen, atera kontuak. Jende multzo hartako gehienak ere konbentzitu nituen, bat ezik. Hara non esaten didan gizaseme hark:

-“Hi Extremadurakua? Ixildu hadi!”

Noski, Antzuolako morrosko bat ezin engainatu hain errez. Hara ba, nola ezagutu nuen “antro” hartan euskaldun bat. Luze eta zabal hitzegin genuen, eta Grenobleko Gaztetxean bizi zela esan zidan, beste euskaldun batekin. Ikasle pisua konpletatzen zuen hirugarrena, frantziarra. Nik Kanpusean jarraitzen nuen, erresidentzia batean.

Eta, halako batean, Urtarril erdi inguruan, Virginen euro baten truke erosi nuen Nokia mugikorrean dei bat jaso nuen. Ion zen, Extremadurako nire tapadera pikutara bidali zuen Gaztetxeko kidea, alegia. Bere pisukideak ba omen doaz, eta 2 pertsona behar omen ditu pisua konpletatzeko, Martxotik aurrera. Horrela ba, ikasketak nirekin burutzen dituen Zornotzako lagunari komentatu, eta hantxe plantatu ginen Martxoan, Grenobleko Gaztetxean, ohore handia, inolako zalantzarik gabe.

Grenobleko Gaztetxeko atearen irudia
Grenobleko Gaztetxeko atearen irudia

Toki kuriosoa da Grenobleko Gaztetxea, izan ere, 1982tik beti egon baita euskaldunen bat pisuko kideen artean. Eskutik eskura pasatzen dihoa, beti euskaldunen bat tarteko. Justu ni egon naizenean, 3 euskaldun, eta giro aparta. Aurretik, 2 euskaldun eta frantses bat, euskaldun bat eta bi kanadar… Orain, 3 euskaldun egotetik 2 euskaldun eta espainiar bat egotera pasatuko gara, egun gutxiren buruan, gutariko batek Grenoblen egin beharrekoak ia bukatu baititu. Bromak ere egin izan ditugu, ea ez ote den Guardia Zibil bat praktikak egitera bidali dutena… Baina etorri da eta tipo jatorra da. Horrela esanda txistea dirudi, baina ez daukagu inolako zalantzarik “Gran Hermano” bateko protagonistak garela, hori bai, irabazle eta saririk gabeko lehiaketa. Beno, Gran Hermano hau antolatu dutenek emandako saria dohaineko hotel batean gau amaigabeak pasatzea izan liteke, eta ez gaude sari hori irabatzeko irrikitan, ezta inolaz ere. Basaurin ere badago horrelako hotel bat, Bridgestoneren fabrikaren ondoan. Hor egongo da, “el gendarme de turno”, gure elkarrizketa eta ekintzak jarraitzen. Dagoeneko mugaz bestaldetik etortzen diren gutunak ireki ostean, ixteaz ere ez dira arduratzen. “Hemen gaude eta zuek jakitea nahi dugu”. Beno ba, ezkutatzeko ezer eduki gabe, lasai asko bizi gara.

Gaztetxe bat izaki, hemendik euskal gazte asko pasa dira: ikastera etorritakoak, ikastera etorritakoaren familia/lagunak/bikoteak… Alpeak ondoan izateak asko laguntzen du: neguan eskia, udan Frantziako Tourra… Ingurune zoragarrian bizi gara, ezin kexatu zentzu hortan. Denon etxea da hau, eta ez da bakarra. Frantzian Gaztetxeen mapa bat egin daiteke, Grenoblen beste euskaldunen etxe bat ere baitago, nahiz eta gaztetxe ofiziala hauxe izan. Hantxe daude lagun irundarra, ondarrutarra eta Pierre, beraien pisukide frantsesa, pesetak (R.I.P.) baino jatorragoa. Eta Grenoblen bezala Toulousen eta beste hiri batzuetan ere bai.

Hemendik alde egitea gogorra izango da, inolako zalantzarik gabe. Baina egun hori iritsi artean, disfrutatzea tokatzen da, inguruneaz, frantsesez, beste atzerritarrez, hiriaz, bisitez… eta, batez ere, herri hontako komunitatea osatzen dugun euskaldunez disfrutatzea. A ze koadrila aparta!

Horrelakoak gara gu, garena izateaz harroak. Eta, gure lagun Pierre bezala, pesetak baino jatorragoak.

Ingenieria izateak, zientzia gustuko dudala suposarazten du. Asko irakurri eta bidaiatzea gustuko izateak, beste interes batzuk dauzkadala. Denen artean kamuflatuta, kirola. Eta nahaste horren emaitza Julen da. Ni neu.

6 pentsamendu “Atzerrian ere Gaztetxea”-ri buruz

  • Ugarte hau ez da, ba, izango harako txirrindulari huraxe? http://ttiki.com/7297

  • Hala da, bai. Imitatzaile-kontalari edo dena delakoa, baina bera.

  • grande Julen!!!! nik be grenobleko gaztetxien lekutxu bat eukikot ez?? a! ta Turineko gaztetxie gurie, San Donato!! gure pisuek be istori luzie deko euskaldunekaz!! 

  • Edarra Grenobleko gaztetxeko istorixua! dana dala, aldapan gora indako imitaziñuekin barre gehitxuau in nittuzen…Negu sasoian, ekixak hartuta, hortik eta Toulouse aldeko beste gaztetxe batzutatik pasatako batek eskerrak emoten dotzue. Alpetako mendieski irteerak, Grenobleko gaztetxeko Ionen urtebetetze ozpakisun barik etzien berdinak izango! Disfrutau esperientzia!!!

  • Ederra kronika, bai horixe!
    Baina noski, zer esango du ba Toulouseko “euskal kontsulatuan” bizi izan zen batek!
    Horrela da bai, makina bat gaztetxe dago gure euskal herritik haratago, baita “euskal kontsulatu”, “euskal etxe”,… eta bestelako etxeak ere.
    Urteak dira, Grenobleko Gaztetxea ezagutu genuela, baita Nantes-ekoa eta nola ez, Toulousekoa ere. Beste batzuk ezagutu gabe, euskal herrira itzuli ginen arren, ez genuen denbora alperrik galdu.
    Lehenengoz zuen Gaztetxera joan ginenetik, ez da joan ez garen urterik egon. Datorren urtea ere ez da gutxiago izango. Aurten gure Ion ez da bertako, Grenobleko gaztetxeko, biztanle izango, euskal herriratu zitzaigun eta, baina bera lagun hartuta joango gara, azken urteetan joan izan garen koadrila. Beste behin Ion-en urtebetetzea ospatuko dugu martxoa aldera, parean tokatu ez arren ere, marrubi festa batekin.
    Zorionekoa berori, oraindik horrelako esperientzia zoragarria bizi duelako.
    Zaindu, mantendu eta batik bat disfruta itzazue gure Gaztetxeak!
    Goraintziak Iruñatik.
    Inguruok elurrak zuritu arte, laster arte,

  • Hemen zer, inork ez dauka erregistratzeko pazientziarik, ala? Ba, laster dator Zuzeu, berria, elkarri gauzak zuzenki esateko ahalmenarekin, besteak beste. Hobe duzue ordurako behar bezala izeneman eta ganorazko argazkiak zeuon fitxetan jarrita. Hori segur!