Atez-atekoaren alde egin du apustu EAJk

EAJren iragarkiak atez-ateEgon lasai, EAJk ez du eta zabor bilketaren inguruko iritzia aldatu. Oraindik sistema garestiegia dela deritzo eta bosgarren edukiontziaren alde egingo du, baita erraustegiaren alde ere. Atez-ateko publizitatea da EAJri gustatzen zaiona. Batak bestearekin zerikusirik izango ez dutela argudiatuko dute askok. Arrazoiz, gainera. Baina xelebrekeria galanta (eta diru xahuketa) iruditu zitzaidan eskaileretan gora nihoala ate guztien heldulekuak poltsa horrekin ikusi nituenean.

Nireak ere bazuen halakorik. Poltsaren barruan dozena bat karamelu eta hautagaien eskuorria. Norbaitek hartu zuen ba hiriko ateetan poltsatxoa atez-ate eskegitzeko lana!

Karameluak asko eskertu nituen, onartu behar dut. Beraz, eskerrik asko, EAJ, atez-ateko opari banaketaren alde egitearren. Izango duzue-eta nahikoa marmarra  atez-ateko zabor bilketa “garestiaren” kontuaz  hurrengo lau urteetan.