Ateak biraka
Ateak biraka –
Bi hilabete ez dira pasa medikurako oposaketa sisteman egindako iruzurrak tarteko dimititzera behartu zutela, eta dagoeneko bere neurrirako lanopostua lortu du Jon Darpon Osasun Sailburu ohiak. Gogoz kontra bada ere, eta erresistentzia handia jarrita, osasun sistema publikoko ardura gorenena uztera behartu zuten, hiru medikuren, hiri langile xumeren salaketak agerian utzi baitzuen urtetan zehar sendagile espezialista postuak esleitzeko sisteman betikotutako mesede-kate lotsagarria. Aste batzuk geroago, berriz, jakin dugu osasun aseguru nazioarteko enpresa batek fitxatu egin duela ardura postuetarako. Izan ere, aurrerantzean, osasun publikoko ardura handiena izan zuen politikariak Keralty taldearen aginduetara egingo du lan, EAJko aberaskume familia batek buru duen eta lehenago Osakidetzarako aholkularitza lanak egin dituen enpresa baten zerbitzuetara, alegia. Joseba Grajalesen enporioak 2000 milioi dolar fakturatzen ditu. Forbes zerrendaren arabera Espainiako 64. gizonik dirudunena da. Eta enpresa-taldeko Europa eta Asiarako operazioen ardura eman berri dio, behinola, osasun zerbitzuetako gidaritza postutik kontratuak esleitu zien sailburu ohiari. Berriz ere, mesede katea. Ez nau harritzen, Ardantzak bere ibilbide politikoa finikitatutakoan Euskaltelen gidaritza lanetan, edo Josu Jon Imazek Petronorrekoan bukatu izanak harritzen ez nauen bezala. Ez nau harritzen, halaber, Euskal Herrian alderdi hegemonikoari atxikitutako prentsak ezikusiarena egiteak ate birakarien eskandaluzko kasu horien aurrean. Ez nau harritzen, baina kezkatu bai, eta sumindu; politikari, enpresari eta kazetarien arteko mesede-kate hori han errotuta eta hain normalizatuta egotea gure gizartean, euskal oasian, txakurrak lukainkaz lotzen ditugun herri zoragarrian. Eta kezkatu eta sumindu egiten nau hain normalizatua egoteak non oraindik ere sistema mafioso horren erantzuleek urtez urte hauteskunde guztiak irabazten baitute hurrenez hurren, beti; gizarte osoa lobotomizatuta balego bezala. Eta kezkatu eta sumindu egiten nau, gauzak horrela, hainbesteko pasibotasunak; ate birakariek biraka eta biraka dirautela ikusitakoan.