Asteburu oso bat ibili eta ibili, Pausokaren alde
Asteburu oso bat ibili eta ibili, Pausokaren alde –
Pausoka elkartearen alde 48 ordu gelditu barik ibiltzeko erabakia hartua zuen Xabier Salillasek; baita balentria gauzatu ere. Hernaniko Atsegindegin, atzo arratsaldez eman zituen azken pausoak, festa giroan.
Salillasek gauzatuak zituen aurretik ere antzeko erronkak, gizonak esfortsu fisikoa muturrera eramateko `zaletasun zoroa´ du-eta. Zorionez, eskuzabal, helburu solidarioetara bideratzen ditu bere balentriak, eta atzokoari esker Pausokak bi asmo bete ahal izan zituen; batetik, etekin gizarteratzailea lortu, behar bereziak dituzten haurrei laguntza emateaz arduratzen den elkartea ezagutzera emanez; eta bestetik, etekin ekonomikoa eskuratu, sosak bilduz.
Aurreikusitakoa baino ordu bete lehenago bete zuen helburua Salillasek, modu batera esanda. Txantxetan gabiltza, noski, ez baitago denbora nahierara bizkortu edo moteltzerik, baina larunbata goizaldeko ordu aldaketak gaizki-ulerturen bat sortu zuen, egitaraua osatzerakoan ez baitzuten kontutan hartu. 48+1 ibiliko ote zen galdetu ei zioten Salillasi, eta “ezta minutu bat ere gehiago” erantzun omen zuen honek. Gauzak horrela, 17.00etan bukatu zuen erronka, helburua beteta.
.
«Forrest Gump»
Pausokaren elastiko larrosa soinean, Xabier Salillasek akitua ematen zuen bozgorailuetatik erronka bukatzeko hamar minutu baino ez zitzaizkiola falta adierazi zutenean. Gizonak zinta gainean 48 ordu oinutsik ibiltzeko asmoa zuen, baina ordurako zapatilla laranja bizi batzuk zeramatzan jantzita, medikuaren aginduz. Ezker eskuma haurrak zituen lagun ibilian, eta lagunak inguruan adorea emanez. Erronka abiatzean, ostiral arratsaldez, orain gutxira arte Errealeko jokalari izandako Imanol Agirretxe izan zuen ondoan, eta geroztik makina bat lagun txandakatu da zinta gainean Salillas laguntzeko -goizaldean baita parrandazaleren bat ere!-, gizarteko izen ezagun zein anonimoak.
Gorputza konkortua eta, kopetilun, begirada galdua zuen gizonak, bozgoragailuetatik 5 minutu baino falta ez zitzaizkiola entzun eta bapatean abiadura azkartu du, azken pausoak emateko aitaren omenezko tiserta jantzita. Txalo zaparrada eta aupaden artean, gauzatu du balentria Xabier Salillasek, eta belaunikatuta jaso ditu gertukoen besarkadak; biba zu!
Xabier Salillasek, helburua beteta, ez zuen berba egiteko gogorik izan, baina zozketa burutu bitartean Pausokako kideekin jarraitu nahi izan zuen, biharamunean goizeko 7etan lanera joan beharra bazuen ere. Nekeak neke, hori bai, ezin izan zion dantzan egiteko gogoari eutsi erronka aurrera eramaten lagungarri izan zaizkion doinuak entzutean; Melendi eta Alejandro Sanzen “Déjala que baile” bereziki.
Hernaniko Atsegindegin asteburu bete ekitaldi atondua zuen Pausokak, Salillas lagundu eta elkartearentzat sosak eskuratzeko. Atzo, korrikalaria zintatik bajatu zenean, txokolatada eta zozketarekin eman zitzaion bukaera 48+1 orduko egitarauari. Txokolatea banatzen lagundu zuen Errealeko nesken kapitainak, Sandra Ramajok, eta zozketara bildu zitzaion San Juan Koxtapeko Laura Goldarazena arraunlaria ere. Agirretxeren botak edo Illarramendiren kamiseta izan ziren Maierrek, azafata lanetan pozik, erakutsi zituen opari preziatuenetako batzuk.