Aste Santuko ipuin tristea

Neuk baino, beste norbaitek idatzi du gaurko sarrera hau. Letra argiz baina paper zimur batean aurkitu dut etxekook supermekaturako erosketentzat erabiltzen dugun zorro handi horietako batean. Baten batek sartuko zidan pasaeran. Eta ni ohartu ez.

Normalean ez nion kasu handirik egingo, baina Aste Santua dela eta, bihozberago nago normalean baino, eta hau plazaratzeak eman beharko lidakeen lotsa gaindituz, izanak izan, dohakabeari alua-munduan ahotsa ematea erabaki dut, neu jaio nintzen urtean Gabriel Arestik idatzitako lehen ipuina plagiatuz batera, Smoke filmaren epilogoaren oihartzun austerdarrak gogoraraziz.

 

“Nori esan ez nekienez, zeure boltsa iruditu zait egokiena parean pasatu zaizkidan guztien artean. Badakit nire alde ezin duzula deus egin, baina nire ondorengoentzat, behintzat, saia zaitez zerbait egiten edo, bederen, gauzak egiazki nola diren kontatzen, gizakiok abereekin hain sentibera jarrita zaudeten honetan.

Balea bat agertzen dela hondartzan eta han joaten zarete ai ama eta ai ama, zorigaitz itzel bat gertatu izan balitz bezala. Europako legediak ere moldatu dituzue garraioan darabiltzazuen abereak etxeko salan baleude bezala joan daitezen atzera eta aurrera. Zuek ez duzue somatzen, baina txekorrek, txerriek, ardiek… irri eta trufa egiten digute guri, zuek begira ez zaudetenean.

Ez naiz sartuko kaiola estuetan etengabe errutzen darabiltzazuen oilo gaizo horiekin, dohakabeak baitira inor baino gehiago. Eta ez gaizki hiltzen dituztelako, baizik eta gaizki bizi direlako, munstro bihurtzera arte derrigortuak. Gero, gainera, ohartu ere egin gabe hartzen dituzue 2 eta 3 zenbakiaz hasten diren arrautzak supermerkatuan, kode horrek zer esan nahi duen jakin ere gabe.

Nik neure begiekin ez dut ikusi baina badakit Txinan eta beste leku batzuetan, sofrikario itzelak ematen dizkietela aingira eta beste arrain mota batzuri ere. Mina ez da esklusiboa, badakit, baina nik neure ondorengoena defendatu nahi dut, neure beldurren albiste eman nahi nahi dut paper zimur honetan, horretarako hartu dut arkatza eta.

Zu nire Migel Strogoff baizik ez zara, azken finean.

Konturatzen ez bazarete ere, ni bezalakoen patua bezain krudelik gutxi da munduan. Gauden lekutik atera egiten gaituzue, bortizki gehienetan. Geure sustraiak eteten dizkiguzue eta daukagun jantzi orotatik biluzten, ezezagun askoren ondoan zakuetan sartu aitzinetik, auskalo nora joateko. Etxetik urruti, oso urruti. Hori ziurra da.

Ibiltzen gaituzue garraio ankerretan pilatuta, batzuk besteen gainean edonola jarrita, azkenean iristeko zuen denon aurrera eta han, erakusleihoetan, jartzen gaituzue aukeran zuen gozamerako. Behatzekin ukitzen gaituzue baimenik eskatu ere egin gabe, eta jainko bakarrak bazinate bezala, hau bai, hau ez, hasten zarete gure arteko hautaketa egiten, gure saminaren oharpen txikienaz jabetu ere egin gabe.

Zeuon torturetxeetara eramaten gaituzue gero, eta hortxe gertatzen da txarrena, batez ere etxekoak gutxi baldin bazerete. Izan ere, familia handia izanda, San Bartolomeri bezala, azala kentzearen martirioa pasatu ondoren, normalena izaten da guretzat  sukalde oholaren gainean  zatitu eta handik gutxira hiltzea, gure izate guztiaren mina zatitxo bakoitzean sentitu eta gero, oliotan frijitzen gaituzuenean. Espantuaren handia!

Baina badira okerragoak, entsaladatan  jartzen gaituzuenean, esaterako. Orduan, zati bakoitzak bizi duen mina, han egoten da beste begetal batzuen minaren ondoan edo gainean intzirika, zuek entzuten ez duzuen frekuentzia batean, entzungor halakoak.

Baina tristeetan tristeena, familia txikietan izaten da, norbanako gutxi dituzten sendietan, orduan erditik ebakitzen gaituzue zart!, eta geure erdi batekin auskalo zer egiten duzuen bitartean, beste erdia hor nonbait geratzen da, sofrimendu itzeletan beste erdiarekin zer egiten duten ikusten. Egunetan eta egunetan egoten da gure erdia beste erditik erauzita, azken orduaren desiretan, agian intziriak ere egiteko gai ez den zimeldutako limoi erdi baten ondoan, hozkailuaren bazterren batean. Negurik hotzenaren hotzetan.

Gizakiaren ankerkeriak ez du izenik, munduan ez da besterik zuek bezain bihozgaberik, ez otso, ez suge, ez kakalardorik zuek hainakorik.

Eta horixe nahi nizun esan, albistea zabal dezazun, abereak hainbeste nahigabetzen zaituzteten garaiotan, katu eta txakurtxoak besotan hartzen dituzuen egunotan, barazkiok ere hemen gaudela zuen hainako minekin. Edo handiagoekin. Zeuok sortuta.”

Aste Santuko ipuin tristea

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)