Aste Nagusian ere, Israel Borrokatu!
Aste Nagusian ere, Israel Borrokatu! –
Abuztuaren 16an Bilbon burutu den mobilizazioaren komunikatua:
Hamar hilabete pasa dira urriaren 7an palestinar erresistentziak iniziatiba hartu eta Israelgo Estatuak ofentsiba odoltsua abiatu zuenetik. Ordutik bonbardaketak, biztanleriaren desplazamendua eta horniduren mozketa eguneroko ogia izan dira Gazako palestinarrentzat. Zisjordanian ere, kolono eta Israelgo ejerzituaren erasoak etengabeak dira. Ikusten ari garen sarraskia hitz bakarrez deskribatu daiteke: genozidioa. Baina Israelen krimenen zerrenda amaigabea da, izan ere, 76 urte baino gehiago daramatza palestinarren kontrako kolonizazio, okupazio, apartheid eta garbiketa etnikoa gauzatzen.
Ibaitik itsasorainoko zapalkuntzarik gabeko palestinar bat eraikitzeko, errefuxiatuen itzulera eta presoen askatasuna bermatzeko, ezinbestekoa da Palestina deskolonizatzea eta Israelen entitate koloniala desagertzea, haren existentzia garbiketa etnikoan, lurren lapurretan eta herri palestinarraren kanporatze eta esplotazioan oinarritzen baita.
Eta posizio honek berehalako eginkizunak ezartzen dizkigu.
Lehenik, Palestinar herriari eta bere erresistentziarako eskubideari babes osoa adierazi behar diogu. Ekidistantziarik ez .Hemen ez dago berdinen arteko gatazkarik. Hemen, entitate genozida bat eta bere askatasunarengatik borrokatzen ari den herri bat daude. Beraz, ezin dira inolaz ere zapaltzaile eta zapaldua berdindu. Ez da konparagarria basakeria koloniala, jatorrizko herri baten autodefentsa zilegiarekin.
Bigarrenik, Palestinaren aldeko eta Israel eta bere konplizeen aurkako borrokak lotu behar ditugu. CAF, M Torres, Carrefour bezalako enpresak. Espainiako Gobernua, bere irudia garbitu nahian Palestinako Estatua aitortu duen arren, eskuak odolez zikinduak dituelako, Israelen sozio nagusietako bat delako armen salerosketan zein bestelako harreman komertzialetan, eta normaltasun osoz garatzen dituelako Israelekiko harreman diplomatiko, politiko eta kulturalak. Frantziako Gobernua, sionismoaren babesle aktiboa delako. Europar Batasuna, Israelekin harreman pribilegiatuak dituelako arlo guztietan, bere lehen sozio komertziala izanik, Mendebaldeko interes inperialisten defentsan Asia Mendebaldean honek jokatzen duen paperaren truke. Kolaborazio guzti hauen erruz existitzen da Israel eta gauzatzen du Palestinaren aurkako genozidioa. Palestinar herriari egin ahal diogun ekarpenik handiena da kolaborazio hauek eten daitezen presio egitea. Boikota, desinbertsioa eta zigorrak!
Eta, hirugarrenik, Palestinarekiko elkartasunaren kriminalizazioa eta errepresioa salatzea, baita Euskal Herrian ere, non aktibista batzuk zigortuak eta identifikatuak izan diren Euskal Herrian eta Nafarroan erakunde sionistarekin dauden konplizitateak seinalatzeagatik.
Bihar hasiko da Bilboko Aste Nagusia. Urte osoan zehar espero diren jaiak, baina ez horregatik, Palestinari buruz hitz egiteari utzi behar diogu. Horregatik, konpartsak eta pertsona guztiak gonbidatzen ditugu Palestina ere Aste Nagusian presente egon dadin. Bete dezagun jai-eremua Palestinarekiko elkartasunez, une guztiak baitira onak genozidioari aurre egiten jarraitzen duen herri duin eta ausarta ikusarazteko.
Baina basakeria sionista ez da bere kabuz geldituko, eta guk ere ezin dugu geldirik egon. Palestinarren erresistentzia mundu osoko herri zapalduontzat eredugarri izaten ari den honetan, guk ere biderkatu dezagun sionismoaren eta bere kolaboratzaileen kontrako borroka.
Aste Nagusian ere, Israel borrokatu!
Gora palestinar erresistentzia!
Gora Marijaia!
Palestina Askatu!
Aste Nagusian ere, Israel Borrokatu!