Aski da. Itunpeko eskola pribatuei sosik ez

Aski da. Itunpeko eskola pribatuei sosik ez –

Aski da. Itunpeko eskola pribatuei sosik ezIkasleen ikasturte berria hasiko dugun aste honetan, badira aste gutxi batzuk Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua den Begoña Pedrosak emandako adierazpenen arabera Eusko Jaurlaritzak eskola publikoetako eta itunpekoetako irakasleen soldatak parekatzeko asmoa daukala: “68 milioi euro gehiago izango dituzte itunpeko eskolek, langileen soldatak eskola publikoetako langileenekin parekatu ahal izateko”. Ikus.

Jakiterakoan harridurak eta haserreak asaldatu ninduten. Nola da posible hori? Nola da posible orain artekoa gutxi ez balitz, aurrerantzean orain artekoa baino diru gehiago ikastetxe pribatuei ematea? Hezkuntzaren pribatizazioaren beste urrats bat litzateke. Eta oraindik asaldatuagoa nago aste hauetan ez dudalako inoren kritikarik ez irakurri, ez entzun.

Hezkuntza publikoak, eskola publikoak izan behar du Euskadiko Hezkuntza sistemaren ardatza, behinik behin, eta pribatua (ikastolak, kristau eskolak) beste aukerak nahi dutenentzat. Egoera desiragarriena Euskal Gobernua eskola publikoetaz bakarrik arduratzea litzateke, eta eskola pribatuak beren kasa moldatzea. Eta finantziazio eta diru laguntza guzti-guztiak eskola publikoentzat bakarrik izan beharko lirateke. Gobernuak ez du zertan erakunde eta enpresa pribatuak diruz lagundu behar. Hori euren kontua, euren arazoa da. Akaso Euskal Gobernuak Iberdrolari, Repsoli eta Eroskiri dirurik ematen al die? Ba jarrera berdina behar luke ikastola eta kristau eskola pribatuekin.

Nire iritziz eskola publikoaren aldeko eragileek protesta ekintzaren bat konbokatu beharko genuke.

Gora euskal eskola publikoa! Eskola publikoa Euskadiko eskola inklusibo, ez elitista, ez segregazionista, multikultural bakarra da.

Aski da. Itunpeko eskola pribatuei sosik ez

12 pentsamendu “Aski da. Itunpeko eskola pribatuei sosik ez”-ri buruz

  • Hagin urdina 2024-09-09 16:36

    Eskola publikoaren esku gure patua utzita euskal nazioarenak egin dik. Utopiko oso eta arduragabe zeritzoat gauzak dauden daudenean horrelako proposamenari

  • Ez nago ados artikuluarekin. Ikastolek, erlijio ikastetxeek… ematen duten zerbitzua berdintsua da, kostu gutxiagorekin, eta ikuspegi desberdinarekin. Eskola publikoak gobernuek zuzentzen dituzte, ez herri bakoitzak. Ordua dugu bereizten hasteko zer den herri eskola eta zer den eskola publikoa. Herri eskola, gurasoek eta herriek gestionatuta! Hori lehenengo pausua litzateke.

    Eskolako jantokietan ederki ikusi dugu zer den “publikoa”: diru gehiago gastatu da, kalitate gutxiago eskaini da, ez dagoelako kontrolatzerik.

    Herri bakoitzak gestiona dezala bere eskola eta komunitate edo talde bakoitzak berea, gutxieneko batzuk eskatuta, noski.

  • Zergatik ez dute diru laguntzarik jaso behar ikastoletako eta kristau eskoletako ikasleek nahiz irakasleek hauetako gurasoek publikako gurasoek bezalaxe zergak ordaintzen badituzte? Gobernuak Hezkuntzaren ardura bere gain hartu badu ikasle guztien hezkuntzaz arduratu behar du, inolako bereizkeriarik egin gabe.

  • Eskola publikoaren aldeko eragile horietako zenbaitzuek aspalditik esaten dute diru laguntzak “publikara” joaten diren ikasleentzat bakarrik izan behar dutela. Bistan da ia etorkin guztiek publikara jotzen dutela. Aldiz ikastoletara euskaraz ikastea nahi duten gurasoek bidaltzen dituzten seme-alaba euskaldunak, bertakoak joaten dira nagusiki. Hortaz eragile horien iritziz bertako familietako ikasleek ez lituzteke diru laguntzarik jaso behar, eta bai kanpotik etorritakoek. Eta zuek “inklusio aldekoak”? Zuek bai diskriminatzaileak!

  • Gobernuek ez dituztela erakunde pribatuei diru laguntzarik ematen? Gezurra. Eta Gobernuz Kanpoko Erakundeei zer? Ez direla negozio asmorik dutenak? Ba ikastolak bezalaxe. Giza zerbitzu garrantzitsua betetzen ari dira.

  • Zure eskolen pribatu/publiko ikuspuntua oso zaharkitua dago; aspaldiko ikuspegi jakobino, estalinista, totalitarioaz elikatzen da.

  • Ez al litzateke zuzenagoa euskal kurrikuluma ematen duten eskolei diruz laguntzea? Zuzena al da euskara erakusten ez duten eskola eta ikastolak diruz laguntzea?

  • Zer pasatzen ari da zenbait pedagogia berexiekin, euskaraz eskolatzerakoan frakasatu dutenekin? Horiek, izan publikoak izan pribatuak, zergatik subentzionatu behar ditu Administrazioak bere betekizuna betetzen ez dutenean?

  • Euskalduntasuna ito nahi dutenei sosik ez. Euskaltzaleon etsai eta traidore.

    Ez dute euren umeen hezkuntzan dirurik gastatu nahi eta besteena ito nahi dute.
    Endofoboak.

  • Uler dezaket irabazi asmoa duen empresa bati diru laguntzak ez ematea. Baina irabazi asmorik gabeko proiektuek zergatik ez dute laguntzarik jaso behar?
    Komunikabideak, gobernuz kanpoko erakundeak, alderdi politikoak… denek “publikoak” izan behar al dute? “Demokrazia organikora” itzuli behar al dugu? Non dago aniztasuna? Ez al dugu gizarte partehartzaile bat nahi? Nola? Dena funtzionarioen esku utzita?

    Publiko = guai pribatua = “irabazi asmokoa” eskema sinple bezain okerrean iltzatuta zaudete.

  • Mikel Haranburu 2024-09-10 21:10

    A zer aspergarria eztabaida, eta zer aspergarriak eskola itundunak eta ikastolak pribatutzat jotzen dituztenak, behin eta berriz, urtero.
    Komunikabide enpresek diru-laguntzak jasotzen dituzte; Volkswagenek eta beste hamaika enpresak diru-laguntzak jasotzen dituzte, bai eta “espezietan”, azpiegiturak prestatzen baitira saarritan enpresa horiek etor daitezen.
    Zergatiak? ea, araka ezazue pixka bat “pribatuen” aurka zaudetenok. Ikastolak, edo beste eskola itunduak, behar-beharrezko zerbitzu publikoa betetzen saiatzen dira, pedagogia irizpide jakin batzuri jarraiki. Ikastolena eta eskola itundunena administrazioaren peko eskolena bezain irakaskuntza da, eta irakaskuntza, “zeregin edo betekizun publikoa” da, berez. Horretan gastatzen den dirua ez da “diru-laguntza”, baizik eta zerbitzu unibertsala behar duen horretara bideratzen den dirua. Administrazioek behar dituen baldintza guztiak jar ditzake, betekizunak seinalatu, kontrolak ezarri… eta gainera horrela egiten dute.
    Ez dakit nondik datorren ikastolekiko (bereziki) herra hori…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude