Aske maite zaitut, Bilbo
Aske maite zaitut, Bilbo
Ez naiz bilbotarra, baina asko maite zaitut, Bilbo; aske maite zaitut, Bilbo.
Ez dut hirian ikasi, ez dut hirian lan egin, eta ez ditut inoiz hiruzpalau egun baino gehiago igaro. Baina maite dut trena hartu, autobusera igo, eta Euskal Herriko hiri handienean sartu eta galtzea.
Gustura edan ditut garagardoak Free Deustuko hormaren aldamenean, eta asko bezala, jira eta bira ibili naiz zazpi kaleetan zazpi katurekin. Erreka aldamenean ilara amaigabean altxatzen diren txosna erraldoiek ase ez, eta ixterakoan Bilbiko sator-zuloan murgildu eta ia atera ez den horietako bat naiz, denboraren tunelean amildua. Kremlin eta Kafe Antzokian primeran pasatu izan dut, eta Kukutza daramat oroimenean eta bihotzean; eta hau guztia gutxi balitz, badakit gutxi dela. Azala besterik ez dudala probatu oraindik eta Bilbok pertsona eta txoko asko dauzkala, nik oraindik aurkitu beharrekoak.
Pertsonak ez dakit, baina zoko gehiago aurkitzeko parada eman dit Zirikatzen! kolektiboak. Uriolak, Bilboko euskarazko komunikabideak, eman dit albistearen berri. Zirikatzen! kolektiboak mugikorretarako aplikazio bat sortu du, Bilbo bisitatzera doan jendea ez dadin irudi turistiko hutsarekin geratu, eta benetan ezagutu ditzan hiriko zoko eta bazter interesgarriak.
Aplikazioak bi ibilbide ditu Bilbon, itsasadarra ardatz duen ibilbidea eta bestea Bilboko Alde Zaharrean. Lehenengo ibilbideak 16 puntu ditu eta 4,24 kilometroko luzera eta bigarrenak 21 puntu eta 2,72 kilometroko luzera. Momentu honetan aplikazioa euskaraz eta gazteleraz dago, baina hurrengo hilabeteetan ingelesa, frantsesa, italiera, alemana, catalá eta galego hizkuntzetan egongo da eskuragarri.
Gainera, auzo bakoitzeko herri mugimenduko kolektiboak auzoetako ibilbideak gehitzen joango dira. Aplikazioa hurrengo estekan jaitsi ahal da:https://play.google.com/store/apps/details?id=info.zirikatzen.freebilbo.
Aske maite zaitut, Bilbo