Askatasunez haurdun gaude, konspirazio bat gara [Huggins | Shakur] [samizdat]

38_Huggins_Shakurazala

Zorionez, panfleto hau egin genuenetik albiste onak izan ditugu. Pasaporterik gabe, atxilotu ostean eta hamabostero epailearenera joango dira atxilotutako Herrirako 18 kideak. Hori da egungo demokrazia: okerrena erakusten du oso txarrak ona dela eman dezan. Baina tamalez, kartzelaren gaia ez da konpondu. Ez Errusian, ez AEBtan ez eta Espainiako Erreinuan ere.

Ez zaigu ahazten Brechtek esaten zuena: «ez da justua ontasuna ahuleziarekin lotzea». 5 eta 9 urte arteko kartzela zigorra eskatu diete Mugituko kideei hiru tarta aurpegi batean jartzeagatik. Lirikaren garaia da eskubide galera masiboaren garaia delako. Eta horregatik honakoan bi preso, bi poeta.

Hemen duzu Ericka Huggins eta Assata Shakur panteren poesia, pdfan:

38_Huggins_Shakur

Kartzelak eraitsi, finantzen mundua atxilotu!

[2013ko iraila Iruñea–Hernani–Bilbo–Gasteiz–Toulouse

Ericka Huggins & Assata Shakur & Gudrun Ensslin & Andreas Baader

tumblr_kxdmsayAK81qzhoqf

Ericka Huggins 1969an atxilotu zuten konspirazioa egotzita. 18 urte zeuzkan. Pantera Beltzen Alderdiko liderra zen. 19rekin ama izan zen eta hiru astera bere senarra hil zuten UCLAko campusean. 2 urtez itxaron zuen epaiketa eta azkenerako kargurik gabe gelditu zen. 1972an gelditu zen aske eta Pantera Beltzen Udalerrien Arteko Komunikazio Zerbitzuko kide egin zen. Huey P. Newtonekin Insights and Poems argitaratu zuen 1974an. Jarraian duzun olerkia Angela Y. Davisen kartzelaldiaren aurkako testu bilduma kolektibotik hartu dugu (If they come in the morning…, Orbach and Chambers, 1971 Londres).

assata shakur

Assata Shakurek bere bizitza itzel kontatzen du berriki espainieratu duten autobiografian. 1987an idatzi zuen Assata: An Autobiography (Lawrence Hill Books, 1987 Chicago), bertan 20 poema daude. Hemen 4 dauzkazu, gaurko gaiari lotuenak daudenak. Baina zoaz autobiografiara zorroztasun garratza dauka eta errelato gutxi daude hain sinesgarriki artikulatuak lehenengo pertsonatik. Assata Shakur da AEBtako FBIren bilatuenen zerrendan egon den lehenengo emakumea, aurten bere gorpuarengatiko saria bikoiztu dute, 2 milioi dolar. Berak ez zuen Wemer Foester hil. Assata Shakurek kartzelatik ihes egin zuen eta 1984an Kubara heldu zen. Lehenago kartzelaz kartzela egon zen AEBtan, torturatu zuten, zoratu zen ia. Baina, berak dioen bezala, zutitzen jarraitu zuen, eta askoz modu hilgarriagoan.

1

Altua, argala, soila


altua
argala
soila

altua
argala
soila naiz ni
ericka, 22,
ile kizkurra

begiak zintzilik
oin luzeak

jendea maite dut
natura maite dut
maitasuna maite dut
iraultzailea naiz
ezer berezirik ez
arima bat
emateko dudan
bizitza bat
hiltzeko prest…

zaratak
soinuak
isileko hitzak
erreprimitutako sentimenduak
kartzelako hormak
arimentzako hormak direlako ere
hesiak
hesi guztiak ken balitezke
eta ibili/ hitz egin/ dantza bagenezake
izan…
lotura psikologiko, espiritual
politiko, ekonomiko
guztietatik libre
gutariko guztiak munduko

askatasun maitale guztiak, baina bereziki,
oraintxe bertan – presoak.

[2013]

2

Tradizioa


Jarrai ezazu orain.

Jarrai ezazu.

Jarrai ezazu orain.

Jarrai ezazu.

Jarrai ezazu tradizioa.

Denboraren haurtzarotik jarraitu du Beltzen Herriak

tradizioa.

Ghanan eta Malin eta Tunbuktun

jarraitu genuen.

Jarrai ezazu tradizioa.

Zuhaixketan ezkutatu ginen

esklaboen jabeak etorri zirenean

lantzak eskuan.

Eta unea heltzean,

jauzi egin genuen eta ustezko jabeen

bizitza lantzaz ireki genuen.

Jarraitu genuen.

Esklaboen itsasontzietan,

geure buruak ozeanoetara jaurtiaz.

Gure harrapatzaileen eztarriak moztu genituen.

Haien zartailuak hartu genituen.

Eta haien itsasontziak.

Odola Atlantikoan isuri zen–

eta ez zen guztia gurea izan.

Jarraitu genuen.

Andereñoa artsenikozko sagar tartaz elikatu genuen.

Estalpetik aizkorak lapurtu genituen.

Jabearen burua xehatu genuen.

Korri egin genuen. Borrokatu genuen.

Tren bat antolatu genuen.

Sare klandestino bat.

Jarraitu genuen.

Egunkarietan. Batzarretan.

Eztabaidetan eta kaleko borroketan.

Jarraitu genuen.

Haurrentzako ipuinetan.

Abestietan eta kantatetan.

Olerkietan eta blues kantetan

eta saxofoien oihuetan,

jarraitu genuen.

Ikasgeletan eta elizetan,

eta epaitegietan eta kartzeletan,

jarraitu genuen.

Tribuna inprobisatuetan eta piketeetan.

Asistentzia sozialaren ilaretan, langabetuen ilaretan.

Geure bizitzak ilaran,

jarraitu genuen.

Eserialdietan eta otoitzetan

eta martxetan eta heriotzetan,

jarraitu genuen.

Missouriko gauerdi hotzetan

eskopetekin lintxatzaileei aurre egiten.

Brooklyngo kaleak erretzen.

Harriak errifleen kontra jaurtitzen,

jarraitu genuen.

Mangeren eta bulldogen kontra.

Borren eta balen kontra.

Tankeen eta negar gasen kontra.

Orratzak eta urka-bilurrak.

Bonbak eta jaiotza kontrolak.

Jarraitu genuen.

Selman eta Sanjuanen.

Mozanbiken, Mississipin.

Brazilen eta Bostonen,

jarraitu genuen.

Gezurren artean eta nekearen artean,

akatsen eta zoramenaren artean.

Minaren eta gosearen eta frustrazioaren artean,

jarraitu genuen.

Tradizioa jarraitu genuen.

Tradizio indartsua jarraitu genuen.

Tradizio harro bat jarraitu genuen.

Tradizio Beltz bat jarraitu genuen.

Jarraitu ezazu.

Pasaiezu zure haurrei.

Pasaiezu.

Jarraitu.

Jarraitu orain.

Jarraitu orain

askatasunera!

3 copia

Odol gaztea

Rema Olugbalari

Uste dute hil zaituztela.

Baina atzo ikusi zintudan,

zutik eskuak poltsikoetan

egiaren ordua heltzeko zain.

Ikusi zintudan zeure «doazela pikutara» irribarrearekin, begi gorrituak,

zeure bihotza askatasuna ponpatzen

odol gaztea!

Uste dute hil zaituztela.

Baina joko-zelaian

ikusi zintudan atzo.

Azal beltza, izerditsua, distiratsua,

uztaira zeure bonba baloia jaurti duzu

zuzenean jomugara.

Hurrengoan ez da partidarik egongo

ez zarelako jokatzen arituko.

Uste dute hil zaituztela.

Baina atzo ikusi zintudan

bizkarra horman jarrita,

giharrak kateen aurka tenkatuz,

begiak egiaz xurgatuta.

Zeure ezpainek ahoskatzen dute.

Bihotza nola maitatu ikasten.

Burua nor gorrotatu ikasten.

Odola askatasunerantz

isurtzeko prest.

Odol gaztea!

Odol gaztea ezin da alferrik galdu

xiringetan, ezta tabernetako lurretan,

ezta atzerriko lurretan

beste odol gazteen askatasuna atzeratzen.

Ez dugu odol nekaturik behar.

Ezta odol anemikorik ere. Ez dugu

odolbildurik behar geure gorputz berrian.

Uste dute hil zaituztela.

Baina atzo ikusi zintudan.

Odol gazte horiek guztiekin

transfusio bat egin dizute.

Odol gogor horiekin guztiekin.

Odol aberats horiekin guztiekin.

Odol haserre horiek guztiak zeure zainetan

isurtzen biharrerantz.

4

Maitasuna

Maitasuna da kontrabandoa Infernuan,

zeren maitasuna da barroteak

jaten dituen azido bat.

Baina zu, ni, eta biharra eskutik helduta,

olatuak egiten ditugu,

borroka biderkatuko delako.

Zerrak bi aho ditu.

Fusilak bi kanoi dauzka.

Askatasunez haurdun gaude.

Konspirazio bat gara.

38irudia

Istorioa


Hil zinen.
Negar egin nuen.
Eta zutitzen jarraitu nuen.
Pixka bat polikiago.
Eta askoz modu hilgarriagoan.

[2013]

Andreas Bernd Baader (1943ko maiatzaren 6a) Alemaniako ezker muturreko Armada Gorriaren Fakzioaren (R.A.F.) sortzaileetakoa da, astia duenean margotzen du. UMPS Angiolillo PamphletistInen zelulako kide da. ||| Gudrun Ensslin (1940ko abuztuaren 15a) Alemaniako ezker muturreko Armada Gorriaren Fakzioaren (R.A.F.) sortzaileetakoa da. Hegelen ondorengoa da, biolina jotzen du idazteaz gainera. UMPS Angiolillo PamphletistInen zelulako kide da. ||| [zuzeu.com [g.ensslin&a.baader-blog [@andreas_gudrun-twitter [andreasetagudrun@gmail.com [zureAuzokoHorman [samizdatElebiduna