Askatasunaren Eguna: Abuztuak 15

Beste behin ere, heldu da abuztuaren 15a, eta urte askotako usadioari jarraituz, aurten ere, Orreaga taldeak Askatasunaren Eguna ospatuko du, Pasai Donibanen Askatasuna ez da bozkatzen lelopean ekitaldi politikoa antolatuz.

Euskal herritar guztiontzat, egun berezia da abuztuaren 15a. Gure arbasoek, 778. urteko abuztuaren 15eko egun hartan, urte batzuk geroago nafar estatua sortzeko aukera eman zuen garaipen militarra erdietsi eta herri aske izateko erabakia hartu baitzuten Orreagan.

Urtean zehar egindako lanaren ondorioz, gure herria zapalduta dagoela eta hemen demokraziarik ez dagoela gero eta euskal herritar gehiagok ulertzen eta aitortzen duen bezala, Pasaiako ekitaldi honetara ere gero eta jende gehiago biltzen da independentziaren aldarrikapena egitera, gure estatu bahitua berrabiatzera.

Esan bezala, ekitaldi nagusia abuztuaren 15ean izango da, 12:00etan, Pasai Donibaneko Santio plazan.

Askatasunaren eguna 2911

Abuztuaren 11n, berriz, Askatasunaren Aldeko II. Mendi Martxa irtengo da Erratzutik, eta hilaren 15ean martxako parte-hartzaileak, Bidarrai, Ainhoa, Oleta eta Hondarribia bost etapatan igaro eta askatasunaren alde 110 kilometro oinez egin ondoren, Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako lagunekin elkartuko dira Pasaian, guztiok batera duela 1.236 urte Orreagan izandako gertakari haiek inoiz baino gaurkotasun handiagoa dutela ozen eta argi adierazteko, bortizki lapurtu ziguten askatasuna orduan gauzatzen hasi zela eta askatasun horri oraindik ez diogula uko egin aldarrikatzeko, alegia.

Besterik ez dugun bitartean, abuztuaren 15a jai nazionala izango balitz bezala ospatzea beste aukerarik ez dugu, eta, beraz, independentista guztiok zita dugu jarria Pasaian.

Ni banoa, eta zu?

Fermin Galparsoro

Orreagako kidea

Askatasunaren Eguna

4 pentsamendu “Askatasunaren Eguna: Abuztuak 15”-ri buruz

  • Hodei ilunak lausotzen ikusten ditut, abuztuaren 15a egun argitxua izan dedin. Aurrera bolie!

  • Askatasuna ez da bozkatzen.
    Bozkatzeko askeak izan nahi dugu, bozkatu nahi dugu.

  • Nik badute lema hobeago eta egiazko bat:

    ASKATASUNA EZ DA BOZKATZEN, ASKATASUNA BORROKATUZ IRABAZTEN DA.

  • Oxandabaratz 2014-08-11 13:50

    “Ni banoa. Eta zu?”
    Ni ez.