[#EztabaidaNazionala] Askatasuna, urratsez urrats
Askatasuna, urratsez urrats –
Euskal Herriko albisteen tituluen aditz nagusien azterketa kuantitatibo bat egin bageneza, apustu eginen nuke proportzio biziki handian agertuko liratekeela “eskatu”, “salatu” eta horien sinonimoak. Gure herriaren dinamika politikoaren adierazgarri diren aditzak dira. Independentzia ere eskatzen du herri honek (orain gutiago entzuten bada ere), baina zerumugan dagoen helburu gisa; sekula lortuko ez dugula onartua bagenu bezala.
Europako ezkerrak “irabazteko beldurra” duela dio Gaël Brustier zientzia politikoetako ikerlariak. Haren hipotesietako bat da ezkerrak uste duela ez daukala munduaren oraingo norabidea aldatzeko gaitasunik, boterera helduz gero ere. “Informazio kateek eta sare sozialek ezkerrari barne exilio eta sumindura errenta bat eskaintzen dizkiote, kronofagoak direnak arduradun askorentzat, baina beren ekintzari norabide itxurako bat ematen diotenak”, dio Brustierrek.
Mugimendu abertzaleari ere ez ote zaio halako zerbait gertatzen? Batetik, salaketa, eske eta elkarren arteko polemiken zurrunbilo batean sartuta dago. Bestetik, balizko independentzia politikoari begirako gogoeta teorikoetan murgilduta dago, teoriatik praktikara heltzeko errezeta aurkitu ezinik.
Ez du beti fama ona izan edo izaten urratsez urratseko edo arloz arloko askatasunaren aldeko diskurtsoak. Borroka sektorialen eta borroka orokorraren arteko talka baten gisako zerbait bizi izan dugu urtez urte. Batzuen ustez, Euskal Herriak independentzia behar du eta gainerakoak horrekin etorriko dira; independentzia berreskuratu gabe, ez omen da serioa zatikako askatasunez mintzatzea, ez delakoan erreala. Beste batzuk arloz arlo ari dira eta beren arloko lana ez dute independentzia politikoaren helburuarekin lotzen, ezta ere beste arloekin.
Baina zapalkuntzaz eta askatasunaz ari garenean, zapalkuntzez eta askatasunez aritu behar genuke, edo zapalkuntzaren eta askatasunaren adarrez. Garbi dago zapalkuntzaren oinarria eta ardatza herriaren menperakuntza dela, bere estatuaren desartikulaziotik eratorria. Baina beste kate anitzek lotzen gaituzte menperatzaileekin. Kate nagusitik askatu nahi dugu, horrek beste kateen askatzea ekarriko duela pentsatuz. Baina kate nagusia hausteko indarra ezin bilduz ari gara. Haatik, beste kate txikiago batzuk aiseago aska litezke. Are gehiago, kate nagusia hauts bageneza ere, independentzia politikoa lortuta ere, beste kate txiki horiek ez lirateke de facto hautsiko.
Zein dira kate txiki horiek? Horra adibide bakar batzuk:
-
Pantailak. Gaur egun ikus-entzunezkoetan dagoen eskaintza erraldoiarekin, euskaldunak are gehiago gaude frantsesaren edo espainolaren menpe. Kontsumitzen ditugun film eta serieak espainolez edo frantsesez bikoizturik edo hizkuntza horietako azpitituluetan ikusi behar ditugu. Askatasuna litzateke bi hizkuntza horietatik pasatzeko partez, euskaraz bikoizturik eta euskarazko azpitituluekin izatea.
-
Wikipedia. Euskarazko Wikipedia elikatzeko lan handia egiten den arren, oraindik ere informazio kantitatea anitzez handiagoa da frantsesez eta espainolez. Lan bat egin behar duten ikasleek (edo informazio bat sakonki nahi duen edonork) bi hizkuntza horietako batera edo ingelesera jotzen dute, maiz, informazio osagarri horren bila. Wikipediako eskaintza hizkuntza horien pareko izatera hurbilduko denean, askeago izanen gara.
-
Hezkuntza. Euskal Herri osoan euskarazko hezkuntza ez da nagusi, baina hezkuntza euskaraz eskaintzen den lekuetan ere, curriculumak aginduta, Frantziako edo Espainiako historia, geografia eta literatura ikasi behar dira derrigorrez, eta Euskal Herrikoa baino anitzez sakonkiago. Hezkuntzan Euskal Herriko historia, geografia, literatura eta abar sakonki irakatsiko direnean, askeago izanen gara.
Hain xehera joanik, zerrenda luza liteke nahi adina. Eta arlo horiek baino funtsezkoagoak direnak ere sartuko dira zerrendan, bakoitza bere azpi-alorrekin: ikasketak, lurralde antolaketa, garraioa, energia, elikadura, ekonomia, kirola, kultura… Eta arlo bakoitzeko hiru informazio mota zehaztu beharko lirateke:
-
Zailtasun maila. Zein oztopo daude, gure esku ez daudenak, kate hori hausteko? Zein aukera dago gure esku? Adibidez, Hezkuntzan, Frantziako eta Espainiako gobernuek derrigortzen dituzte edukiak. Zein zirrikitu dago hortik ahal bezainbat askatzeko? Pantailak euskaratzean, plataforma handiek jartzen dituzte baldintzak… Wikipedian, bidea libreago dago.
-
Gastua. Zenbat diru jarri behar da arlo horietan askatzeko?
-
Epea. Zenbat lan eskatzen du eta zenbat denbora behar dugu helburura heltzeko? Zenbat lagun beharko litzateke hori obratzeko?
Katez kate askatzeko lan hori alfer lana litzateke ez bada ikuspegi orokor batekin lan egiten, ez badugu helburu nagusia argi, Benito Lertxundik Otzandu Herrian kantuan dioen bezala: “Zatiaz arduratuz ez da inoiz zatia salbatzen, bai oroa hiltzen uzten”. Horri gehitu dakioke Joxe Manuel Odriozolak agertu duen kezka ikuspegi orokorra galdu duen arlo bati buruz: “Hizkuntza minorizatu baten normalizazio soziala gaitasun linguistikoaren terminoetan planteatzea euskaldun gisa geure buruaz beste egitea litzateke. Gaitasun komunikatiboaren osagai ideologikoa alde batera utzita, eta euskal nazioan integratzeko curriculumik gabe, ez daukagu zer eginik. Euskararen ikaskuntza kontzientzia nazionalean errotuta transmititu nahi ez dugun bitartean, ez goaz inora. Eta euskararen ikaskuntza kontzientzia nazionalean mamitzea euskararen baldintza nazionalak, ideologikoak, kulturalak eta politikoak problematizatzea da. Hizkuntza hegemonikoekin daukan orotariko mendekotasunaz jabetzea. Azken batean, eskolako eta etxeko transmisioaren egungo euskalduntasun etnokulturak interpelatzen ez bagaitu, alferrik ari gara”.
Arloz arlo antolatzea ezinbestekoa da. Etxe bat eraikitzerakoan, harginak ez ditu elektrizistaren lanak egiten edo iturginak zurginarenak. Baina guztiek etxe bera eraikitzea dute helburu, eta guztiek plano bera jarraitzen dute. Hots, askatasunera bidean, iparrorratza argi izan behar da: herria. Baina kohesioa ere behar da: arloen arteko loturak, herri osoaren ikuspegia, koordinaketa bat eta antolaketa.
Azken urteetan, ordea, urratsez urratseko bidea beste begi batzuetatik ulertu da. Independentziaren bidean autonomia, autonomiaren bidean departamendua, departamendua baino lehen herri elkargoa… Edo Euskal Herri osoaren independentziaren bidean, lehenik EAEko balizko erreferenduma… Askatasunerako bidearen sekuentzializazio horrek ez gaitu askeago egin, baizik eta zatituago. Askatasunaren bidearen ardatza nekez izanen da askatzailea, ardatz hori Parisek eta Madrilek onartuko liguketena bada, eta gure indarrak haiekiko presio eta negoziaziora bideratzen baditugu.
Gure indarrak menperakuntza hori katez kate askatzera bideratzen baditugu, arlo bakoitzean askatu ahala gure herriarekiko harrotasuna berreskuratuko genuke, autoestimu handiagoa genuke, herri gisa indar handiagoa sentituko genuke… Herri indar hori berreskuratu gabe, nekez helduko gatzaizkio askatasun politikora eramanen gaituen urratsari. Espainiarekiko eta Frantziarekiko loturak zenbat eta gehiago askatu, orduan eta herri kontzientzia handiagoa eta indar gehiago izanen ditu herriak.
Herri indar hori izanen da indar askatzailea.
Eneko, orokorrean ados naiz erraiten duzunarekin bainan, ene ustez, guretzat orokorregi zabiltza. .:
Diozun bezala, nabari da borroka eta garaipen sektorialek ez dituztela laguntzen baizik helburu orokorra baina zuk diozun bezala helburu orokorra ez bada ahanzten eta sustut borroka tipiak ez badira handia ekiditeko estakurua baizik bilakatzen…
Baina aspaldiko denbora batean, hemen, sekzionala hitzak zer erran nahi zuen ere oraindik ez ginakiela, pentsatu ginuen ekonomia garatu behar ginuela kate bat libratzeko. Tamalez, ez ginen kapaz izan asko aurrerarazteko bide horretan eta orai ekonomia biziki eskasa eta dependientea dugu.( Aski da eguneroko auto ilara Garazitk Baionarako bidean.) . Gaiago ginateke orai kate horren askatzeko proeiektua berriro abiatzeko.?
Ez dut uste. .
Beraz ni ari naiz ongi ezagutzen duzun eskualde batetik nun egoera hain larritu den nun euskaldunak gutiengo ahul bat baigaren toki gero ta gehiagotan eta nun borroka “sekzionalak” egiten diren frnatses errepublikato erreformen marko hertsian. Helburuari dagokionez nehork ez dio gehiago sinesten eta ondorioz “politika” kolaborazio ariketa huts bat bilakatu den..
Zure ustez zer gelditzen zaigu seriorik egiteko denbora alferretan galtzea ez denik?
Ene ustez, zure testua hobeto datorkio EAEko egoerari. Hemen behar dugu urgentziazko ideiak portaerak eta akzioak, hots urgentziazko estrategia errealista bat bestenaz dena erreka zolara joanen da.
Adeitasunez .
. .
. .
Zuk diozun bezala, Beñat, ekonomia arlo estrategikoa da Lapurdi barnealdean eta Ipar Euskal Herriko beste hainbat lekutan (Euskal Herri guzian). Hori da landu behar litzatekeen arloetako bat, askeago izan gaitezen, baina herri ikuspegiarekin pentsatua eta obratua. Ene testuarekin bat egiten du; ez da EAErako pentsatua den testua. Har dezagun Lapurdiko kasua: zein arlotan zer egin eta nola, ikuspegi politiko orokor batetik begiraturik, askeago eta Euskal Herriari lotuago izan gaitezen?
egunon Eneko eta Benat,
Nik uste Europako egungo Ezkerrak arrazoi duela: benetan ere EZ DA GAI “munduaren egungo norabidea aldarazteko”. Eta Euskal Herriko ezkerra ere ez, noski (ez Iparreko ez Hegoako). Are gutxiago EAEkoa (%90a txertatua eta egoera txarrenean dagoena (Ayuso dixit)
Aski dugu ikustea ezkerraren tamainua “pandemia” induzituaren aurrean, adibidez.
Elitearen Bertsio Ofizialetik deseskegi eta irtean ezinean dabil hemengo Ezker Antolatua (eta hori ARE gordinago da, Nerabe eta Ume txertatu gura dabiltzanean sasi-txerto esperimental eta pozoitsu batekin, baita Covid-Pasaportekin, baita Omicron-alarma induzitu berriarekin…. eta oraindik etortzeko direnekin (Pi, Ro, Sigma…eta Omega (2.030 AGENDA), horixe baita Elitearen helburua.
Eta ordurako ELITEAK (ONS/Farma/Mundu Bankuak/Roschild/Bill-Gates Foundation-ek) 18 urte behar du GIZATERIA ORO BEZATZEKO, ERASO edo ALARMA manipulatuen bidez (hots, Hedabide Agentzia Nagusien Koadrilaren bidez, eta BERTOKO HEDABIDE MERTZENARIOAREN laguntza preziatuarekin.
Nire ustez, 2030-AGENDARI aurre egin diezaiokeen BASTIOI bakarra HERRI INDIGENOA, herri guztiok bat eginda (eta horien itzalera Ezkerra ere agian).
Euskal Herriaren ekarpena ere argi eta garbi dago: gure Herriak dituen aztarna indigenoak: Zuzenbide Piriniarra (Vs. Erromatar-Germanikoa), euskaldonok dugun Mito zentrala: DAMA ANDEREA, Europa aurre-indoeuroparretik jasoa eta XX. menderaino indarrean egon dena.
Adi, Mitoa BETI-BETI baita DAGOENAREN ISPILU.
Zeren besteak beste Hortxe Baitago EMAKUMEEK aurrerantzean izango duten eginkizun zentrala, Herri Indigenoen mugidarekin batera.
Eskuina ez da tentela eta gu baino lehenago konturatu da: “Indigenismoa da EGUNGO KOMUNISMOA” (Ayuso dixit)
“Iluntasun-Semeak, Argitasun-Semeak baino azkarragoak dira”: Ese Jesus dixit ( Ebangelioa)
Egun on Eneko,
“Hori da landu behar litzatekeen arloetako bat, askeago izan gaitezen, baina herri ikuspegiarekin pentsatua eta obratua”.
Ados zurekin baina zer ekonomia arlo landu? zer enpresa motatan? Zer lan harreman sozialen eredu hautatuz? Zer estatutu euskararentzat? nola, kanpoko teknikari gehiago jinarazi behar ez izaieko euskal gazteria interesasatu? Nola egin ekonomia indigeno hori errekuperaziotik babestu eta kapitalisatu herriaren onerako?
Adeitasunez.
Horiek dira lan talde batek erantzun beharko lituzkeen galderak. Eman dezagun zure inguruan sortzen duzuela ekonomian adituak diren lagunen talde bat, menturaz galdera horiei erantzuten hastea izanen litzateke lehen egitekoa.
Beñaten galderei erantzuteko taldelan bat edo batzuk sortzeaz gain, biziki interesgarria litzateke gai horren inguruko eztabaida eta gogoeta sustatzea, dela foro, mintegi edo topaketa irekien bidez. Baita ere eredu izan litezkeen esperientziak ezagutarazi eta aztertzeari begira.
Ekonomian adituez osatu talde batzutan parte hartu dut eta maluruski gehienetan, beti ez erraiteko, ene denbora galdu dut.
“ekonomian adituak diren lagunen tade ” bati lehentsiko nioke lanari eta herriari inportantzia ematen dion jende zentzu eta borondate oneko talde bat;
Gainera zer da gure problemaren haria: ekonomia? ala lana?
Adituak gero etorriko dira beharren arabera
Zuhaurk, fama jakin bat duzu euskal munduan, parte hartuko zinuke holako talde batean? .
Arratsalde on Gilen, Enekori erantzuten nuela ez nuen oraino zure iruzkina ikusi. Ados erraiten duzun guziarekin, eta ene galderak zuretzat ere balio du.
Beñat, oker nago pentsaturik jada gogoetatuak dituzula galdera horien erantzunak (guztienak ez bada batzuenak)?
Egia erraiteko galdera horien erantzunei gogoetatzen entseiatu direnak asko dira lehen, orai eta bihar. Gai erabakigarria da eta!
Ni asko haietarik bakarrik entseiatu naiz ikasten, gaia aspaldi danik interesatu zait ( horregatik SW ) eta entseiatu naiz aplikatzen (emaitza biziki tipi batekin) Izan ere aplikazioa da zaila zeren taldeko lana eta talde bat osatzea egungo egunean zaila baita. Lanari eta herriari inportantzia emaiten dien talde bat osatzea hori litzateke gakoa. Oso zuzen zira erraten duzularik : “eredu izan litezkeen esperientziak ezagutarazi eta aztertu”beharra. Abiapuntua da. Batzutan esperientzia horiek ez ditugu ezagutzen ondoan ditugularik.
Hara Eneko eta Benat. Udaldian topaketa bat egin zuten ARTEAga Arratiakoan (Bizkaia), zuek diozuenari buruz hain zuzen ere: “IRAULTZA TXIKIAK”. Ni ez nintzen izan bertan, gazteak baitziren kanpadendetan, ezen ez hostaletan.
Milesker Josu. Baina goseturik uzten gaituzu. Gazte horietarik bat ez zinuke animatzen ahalko topaketa horretaz Zuzeun zerbait azaltzera? Mesedez.
Jo ezazu “Iraultza Txikiak” tekla, eta nik dakidan baino gehio jakinen duzu.
“Irabazteko beldurra” ez da ezkerrak, eta, kasu hontan, abertzaleok daukagun gaitz bakarra. Fantasia soberan eta imaginazioa faltan, gure erronkei ikuspegi errealista eta eraginkor batetik ekiteko arazoak dauzkagu.
Interesgarriak Eneko eta Beñatek esandakoak. Ez duzue lan makala norabidea zuzen mantentzen!